Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arkuak, jentilen bizileku?
Aralarko Malloetako tolesturetan daude 'arkuak' izeneko eraikin bitxiak. Horien erabilerari buruz hainbat interpretazio egin izan dira, eta oraindik ez da argitu haien jatorriaren sekretua. Eraikin horien bila abiatuko gara Albiko aparkalekutik.[1]
Arkuak, jentilen bizileku? | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Ezezaguna |
Lekuak | Albi, Albiko trikuharria, Bustintzako borda, Ttutturre, Beloki, Arkuek, Mendiaundi, Unagako putzua |
Distantzia | 13 km. 3 ordu eta 40 mn. |
Ingurunea | Aralarko Malloetako tolesturetan daude 'arkuak' izeneko eraikin bitxiak. Horien erabilerari buruz hainbat interpretazio egin dira, eta oraindik ez da argitu haien jatorriaren sekretua. |
Abiapuntua | Albiko aparkalekua (Baraibar) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuEgun Aralarren ikus daitezkeen eraikinen artean (borda, trikuharri, harrespil, txabola…), badira artzainek antzina erabili ohi zituzten egitura berezi batzuk: arkuak. Elezaharrak dioenez, bertan jentilak bizi omen ziren, edo agian historiaurrean bizileku gisa erabiltzen zituzten. Beste batzuen ustez, garai batean artzainek babesleku gisa erabiltzen omen zituzten, batik bat inguru hauetan otsoak nagusi zirenean, bertan ardiak eta arkumeak gordetzeko.
Ttutturre
aldatuAlbiko inguruetan dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Hara iristeko, Lekunberritik Done Mikel Aralarkoaren santutegira doan errepidea hartuko dugu, eta 11. kilometroa pasa eta gero aparkalekura helduko gara. Malloetako tolesturetan ezkutaturik dauden txabola kupuladun horien bila abiatu gara. Metalezko langa atzean utzi, eta pagadian zehar hedatzen den pista zabalean aurrera egin dugu, gure eskuinera txabola bat utzita. Tarteka ikusi dugun marka gorri batek erakutsi digu jarraitu beharreko norabidea. Argiune batera heltzean, ezker aldera doan bidetik igotzen hasi gara, eta izeidi batera iritsi. Hori igaro eta haitzarte estu bat igaro ostean, Bustintzako bordaren ondora ailegatu gara. Errekastoaren ondotik metro batzuk bete, eta aurrez aurre dugun lepora doan xenda utzi dugu eskuin aldetik Belokirantz doan maldari helduz.
Bide jakinik gabe, aldapa pikoari ekin, borda bat gure eskuinera utzi, eta ardibideek lagundu digute tontor zabalera iristen. Bat-batean, Aralarko soilgune zabala gure mendean eta aurrez aurre Malloetako lehen mendi multzoa: Ttutturre, Ttutturregi, Sollazbizkargaña… Ikuspegi ederraz gozatu eta aurrean dugun Ttutturre aldera jaisten hasi gara. Igaratzatik datorren pista (GR-12) gurutzatu, eta, beti zuzen segituz, mendiaren magalera gerturatu gara. Tontorrera igotzeko apenas ikusten den xenda batetik gorantz egin dugu aldapa pikoan zehar, azken metroak haitz artean. Leku hori ere talaia paregabea da Malloen ikuspegi osoa ikusteko, bertan hasi eta Balerdiko ezproian bukatuz. Horien magalean, berriz, Araitz ibar ederra, herri eta baserriak han hemen barreiaturik.
Ur tragoxka egin, eta arkuen bila abiatu gara. Igotako bidea atzean utzi, eta beste aldetik jaitsi gara aldapa zabalean zehar. Lepora iristean arakatze lanetan hasi gara, eraikin berezi horien bila. Bidezidorra utzi, eskuin aldera jo, eta pagadian murgildu gara sakonune batean dauden harrizko hiru eraikin kupuladun bereziekin topo egin arte. Kostatu zaigu, ez baitago bertara joateko seinalerik; beraz, pazientziaz hartu behar. Hiru arkuak loturik daude, eta batek sabaia erorita dauka. Kontuz ibili behar.
Mendiaundi
aldatuPozik gaude, bizpahirutan saiatu eta gero, azkenean aurkitu ditugu eta! Atzera egin gabe aurrez aurre dugun aldapa txikia igo, eta goi aldera atera gara. Ttutturregi gure eskuinera laga eta maldan behera jaitsi eta gero eskuin aldera jo dugu Atallaurreren magalean marrazten den xendan zehar. Ingurune nahasi honetan kostatu zaigu arkuak aurkitzea, Argañetaren oinean osatuenak ikusi ditugularik. Ttutturren hasi eta Artubiko gailur ingurura arte zabaldurik dauden harrizko txabola horiek neurri desberdinetakoak dira; gehienak ohiko mendi ibilaldietatik aparte daude, eta horregatik da zaila babeslekuon kokapena aurkitzea. Argañetara igo eta segidan Mendiaundira hamaiketakoa egiteko. Aralarko zelaietara jaitsi gara zuzenean Unagako putzura. Lehen abereentzako putzu lohitsu bat zena orain hezegune dotore eta txukuna da. Garai batean, inguru honetako abere guztiak biltzen ziren putzu honetara, baina gaur egun putzu artifizialak eta porlanezko arraskak ezarri dira nonahi.
Albira itzultzeko Unagako putzutik gorantz egin dugu; Txameni eskuin aldetik inguratu, eta Intzazelai aldera jo dugu. Lepora iristean, Pagomaritik datorren bidearekin bat egin, eta maldan behera egin dugu pagadiaren itzalean. Bide nabarmen eta eroso horrek igotzeko erabili dugun bidearekin bat egin eta berehala heldu gara Albira.