Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arnabalgo parajean barna

Meatzaldeko Ekoetxeraino igoera egingo dugu Errekatxo auzotik. Arnabal inguruko urtegia ez ezik, meatzaritzaren arrasto ugari ere ikusiko ditugu ibilbidean. [1]

Arnabalgo parajean barna
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Errekatxo, Meatzaldeko Ekoetxea, Loiolako urtegia, Arnabal
Distantzia 12,5 km. 4 ordu.
Ingurunea Meatzaldeko Ekoetxeraino igoera egongo dugu Errekatxo auzotik. Arnabal inguruko urtegia ez ezik, meatzaritzaren arrasto ugari ere ikusiko ditugu ibilbidean.
Abiapuntua Errekatxo (Barakaldo)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Joan den mendeko 50eko hamarkadan, Barakaldoko hazkunde demografikoak aldaketa nabarmenak ekarri zituen paisaian eta jarduera ekonomikoan. Behialako bideak eta ordura arte ohikoak izaten ziren jarduerak ordezkatuak izan ziren, besteak beste, urtegiak eraikitzearen ondorioz. Errekatxo auzoaren inguruan, esaterako, Etxebarria eta Gorostitza kubetak abian jarri zituzten Bizkaiko ekimen industrialari hauspoa ematearen kariaz. Gorostitzako urtegia auzoan bertan eraiki baitzuten, lan hidraulikoak aldaketa nabarigarriak ekarri zituen.

Ageriko lanok nahikoak ez, eta beste bi proiektu berri proiektatu zituzten Barakaldoko zokoan. Betiere ur-kontsumoa bermatzeko aitzakiarekin, Loiola (Oiola) eta Artibako urtegiak eraikitzeari ekin zioten 50eko hamarkadaren hondarrean. Lehenaren lanak 1958an hasi eta 1964rako amaitu zituzten. Gasteran, Pico Menor eta Imintola errekastotik jaitsitako urak bildu ondoren, 42 metroko altuerako kareharrizko hormatzarraren atzean metatu ziren. Artibako lana, ordea, geroago amaitu zuten; izan ere, 1965eko udazkeneko euri jasekin betetzeko asmoa agertu zuten orduko arduradunek.

Errekatxotik Meatzaldeko Informazio eta Sentsibilizaziorako zentroraino doan ibilbidea interesgarria da oso, urtegiko parajeaz gozatzeko ez ezik, behialako meatzaritzaren arrasto ugari ikusteko ere. Ibilbidean zehar, besteak beste, kargalekuak, burdin-mineralak, plano inklinatuak, meazuloak, labeak eta trenbideak ikusgai izango ditugu.

Arnabalgo bazterrak

aldatu

The Luchana Mining konpainiak eraikitako trenbidea eta plano inklinatuak baliatuko ditugu oraingoan Meatzaldeko Ekoetxea ingurumen interpretaziorako zentroa dagoen parajera igotzeko. Errekatxo auzoaren elizaren aurreko plazan hasiko dugu ibilbidea (Barakaldo, Bizkaia). Anbia kalean aurrera egingo dugu; metro batzuk baino ez. Izan ere, Errekatxo jatetxea atzean utzi bezain pronto, bide-seinale bat ikusiko dugu: Gorostitza-Etxebarria izeneko urtegiak lotzen dituen ibilbidea da. Aukera hori baztertuz, ordea, eskuinetik doan kaleari men egingo diogu, erreka gurutzatu gabe. Errementaria kalearekin bat egitean, eskuinera jo eta altitudea hartzen hasiko gara. Haritzez jantzitako xendari jaramon eginez, errepide batera irtengo gara laster. Ezkerretik jarraituko dugu han, suabe-suabe. Uste baino lehenago, Barakaldoko Hipikako eremura iritsiko gara. Treskilotxa eta Goikosolua aldera egingo dugu bide-seinaleari jarraituz.

Asfaltozko bideak presaraino lagunduko digun arren, ez dugu haraino iritsi behar, presa aldera sartzea debekatua baita. Hara iritsi aurretik, beraz, plano inklinatu bat ikusiko dugu eskuinaldean. Orduan, errepide estua utzi eta aldats gora abiatuko gara. Goethita eta beste mineral batzuk ikusiko ditugu bidean. Aldapa amaitzean Arnabalgo harrobi zaharra ikusiko dugu, non eta meatzarien auzo bat kokatu baitzen aspaldian. Ezkerrera doan zidorra hartuko dugu bidebanatzean, eta zehar-zehar jarraituko dugu urtegia beherago utzirik. Antzinako meatze trenbidea lagun, aurrera egingo dugu. Urtegiko guardaren etxearen parera iritsita, alanbre xume baten ondotik kokatuko gaitu bidexkak. Trintxera pare bat gainditu ostean, langa bat gurutzatu eta gora doan bideari ekingo diogu. Elvira meategiko hondakindegiko zabalgunearen aurrean utziko gaitu bideak. Han, ezkerrera egin eta porlan bidean behera egingo dugu. Jaitsiera xumearen ostean, goratasuna hartzeko tenorea iritsiko zaigu. Hala, Lugorriagan maldan gora eginda, bidebanatze batera helduko gara. Zutoin urdinak gogaide, ezkerrera hartu eta bide harritsutik jarraituko dugu. Bide nagusia laga gabe, behialako meategiek modelaturiko paisaian barrena jarraituko dugu, ingurumen zentrora iritsi arte. Errekatxorako itzulera bide beretik egingo dugu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua