Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arpide arroilako barrunbeak
Santa Graziko Kalla auzotik abiatuta egingo dugun ibilbideak Zuberoako mugan dagoen Verna haitzuloraino eramango gaitu. Basoan zehar egindako joan-etorriak, gainera, Ehüjarre eta Arpideko arroilak miresteko aukera emango digu. [1]
Arpide arroilako barrunbeak | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Lekuak | Santa Grazi, Kalla auzoa, Arpideko arroila, Verna haitzuloa |
Distantzia | 6 km. 2 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Santa Graziko Kalla auzotik abiatuta egingo dugun ibilbideak Zuberoako mugan dagoen Verna haitzuloraino eramango gaitu. Basoan zehar egindako joan-etorriak, gainera, Ehüjarre eta Arpideko arroilak miresteko aukera emango digu. |
Abiapuntua | Kalla (Santa Grazi) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuZuberoako bazter liluragarrian, Verna haitzulo entzutetsua dago. Vernako barrunbeetara sartu ahal izateko, ez dugu, tamalez, naturak doan eskainitako paisaiarik zeharkatuko, aspaldian indarrez irekitako tunel eta galeria sorta baizik. Hala ere, Arpideko arroilako aho misteriotsua ezaguna egin da urteen poderioz. Merezitako ospea harkaitz barruko ganbera erraldoiari esker da: mundu osoan haitzulorik ezagunenetako bat da, adituen esanetan. Haren tamainaren berri ibiltari askorengan iritsi da aspaldidanik, eta oraintsu areagotu egin da: 2010eko udan ateak berriro zabaldu ditu. Pentsa daitekeenez, Pirinioetako bi aldeetatik etorritako bisitariak ugaritu dira. Ez da harritzekoa kobazuloko espazio hutsaren luze-laburrari begiratuz gero. Ikuskizuna, zinez, ikaragarria: erreferentziak iluntasunean galtzen dira, zaila da asmatzen haitzuloa igarotzen duen ur emariak behiala marrazten zuen bidea.
Espeleologia eta historia ikasteko baliatuko dugu jarraian deskribatuko dugun ibilbidea. Baita arkeologia industrialaz jabetzeko ere. Izan ere, Vernakoak lotura hertsia izan du energia industriarekin. Historian atzera eginez, badakigu San Martin Harriko leizea 1950ean aurkitu zela. Ehunka metro bertikalean zintzilikatuta irudikatu beharko genituzke lehen bisitari horiek. Izan ere, esploratzaile ausartek ezohiko paisaia deskubritu zuten konplexu karstikoan. Ezusteko galanta! Uraren murmur etengabeak eta sakonunearen desnibel handiak nahasmena ekarriko zieten. Jakina, espeleologoek Verna argitara ekarri zuten garaian baliabide gutxi zituzten, material teknikoak urriak ziren eta, hala ere, bermerik gabeko txangoak egiteko prest agertzen ziren. Haiek garaiak!
Mendizaleek ez ezik, EDF enpresa frantsesak ere ur-lasterrarekiko interesa agertu zuen berehala. Ur emariaren potentziala ikaragarria zen, haien ustez. Plano topografikoak eskuan hartuta, makina hondeatzaileak Arpideko sakaneraino iritsi ziren 1956an, eta tunel artifizial bati forma ematen hasi ziren. Arpidetik konplexu karstikoaren erdialdera iristeko asmoa agertu zuten industrialariek. Barru-barruko altxorrera iritsi beharra zegoen, kosta ahala kosta. Eta lanak errazteko xedez, aire konprimitua bideratu behar izan zuten haitzuloraino. Airea bai, baina nola? Garai hartan ez zegoen basabiderik arroilan barna lasai eta eroso ibiltzeko. Arazoak arazo, animalien laguntzaz ehunka metroko hoditeria astuna luzatu zuten ibarrean, betiere aire konprimitua ahoraino bideratzeko helburuarekin. Gaur egun, burdinaren arrasto ugari ikus daitezke basoan. Hondakinak pagaditik erretiratu gabe daude, eta, egun, industriagintzaren lekukotzat hartzen dira.
Basoko hoditeria bitxi hori dela eta, Gallartako (Bizkaia) Meatzaritzaren Museoko arduradunarekin argitu genuen kezka. «Arpideko arroilako hoditeriaren presentzia hagitz normala da. Indarra beharko zen harpideko kareharria zulatzeko, meatzaritzan egiten den moduan. Aire konprimituko hoditeria batek lauzpabost kilometro har ditzake eta, Arpidekoan gora presioa igotzeko makina bat instalatzea ezinbestekoa izango zen». Presioa igoarazteko makina Santa Grazitik gertu kokatu zuen EDFk, Santa Graziko bizilagunek gogoratzen dutenez.
Bitartean, Vernako ganbera nagusiarekin bat egiteko lanek aurrera jarraitu zuten. Baina, laster, zulatze lanak bertan utzi behar izan zituzten. Nonbait, orientazio akats batengatik edo, gradu batzuk desbideratuta ekin zioten lanari. Berriz noranzko egokia hartuta, ganbera erraldoiraino iristea erdietsi zuten. Lurraren erraietan arakatze lanak areagotzea ekarri zuen tunel labirintiko berriak, baita espeleologia txangoak antolatzeko aukera ere. Energia ekoizpenaren beherakadaren ondorioz, hainbat urtez itxita ezagutu dugu kobazuloa, esplorazio txangoak egiteko aukera eskarmentu handiko espeleologoek baino ez zutela. Orain dela denbora gutxi, 2010eko udan, bisitarientzat ireki zuten, behin sarbidea egokitzeko plana ondo diseinatu ostean. Energiaren aitzakian, badirudi turismoa bultzatzeko gogoa berpiztu dela Santa Graziko basoetan.
Ibilian-ibilian, Arpidean barna
aldatuSanta Graziko (Zuberoa) Kalla auzoan egokitu dute harrera kobazuloa ikusi nahi duenarentzat. Arrakotxepia izena hartu du faktura berrikoak. Aparkalekuan utziko dugu autoa. Turista ugari enpresa kudeatzaileak jarritako taxiak noiz abiatuko zain ikusiko ditugu. Euren harridurarako, oinez abiatuko gara gu, espeleologiako bisita sosak xahutu nahi dituenarentzat utzirik. Harpe ilun eta haizetsuraino eramango gaituen bidexka liluragarria da, eta paisaia estonagarria ezagutzeko aukera izango dugu. Gure pausoak Senta auzorantz bideratuko ditugu. Auzora heldu baino lehenago, asfaltoa utzi eta eskuinetik jarraituko dugu aurrera. Vernako ikurra daraman seinale txiki batek dioen bezala, harperaino 3,5 kilometro inguru daude. Oraingoz, Harrigilegia etxaldera bidea jarraituko dugu. Lepoan eskuinera egin eta, lurreko burdina igarota, ezkerrera hartuko dugu. Bide bazterrean gaztainondo sendoak ikusiko ditugu. Bidea harriztatzen da harbide baten moldean, eta ibarraz bestaldean Ehüjarreko arroila zirraragarria atzemango dugu.
Behera egingo dugu poliki-poliki. Santa Graziko eliza erromanikotik datorren errepidera iristean, eskuinera jo eta San Martin Harriko leporaino igotzen den GR-10 zidorrari eutsiko diogu. Errekastoa gurutzatuta, etxolaren inguruan ezkerrera hartuko dugu. Harrizko xendari helduko diogu, lizarrak, hurritzak eta elorriak lagun ditugula. Sigi-saga eramango gaitu bideak. Soilgune batean, ezkerrera egin eta Arpideko arroilarantz joko dugu, zuzen-zuzen. Arroila lehor-lehor dator, ura kare-harritik behera iragazten da eta. Hoditeriaren lehen arrastoak atzemango ditugu laster. Burdinari jarraituz, GR-10 zidorraren eta Vernara doan bidexkaren bidebanatzera iritsiko gara. Tinda zuri-gorriak baztertzeko unea da, baita arroilan gora egitekoa ere. Harritzan barna, metro eta erdiko estugune batetik igaroko gara. Hoditeriaren gainetik igaro eta metro gutxira, bospasei metroko horma baten aurrean izango gara. Egurrezko bi eskailerari esker, oztopoa erraz gaindituko dugu. Estugunetik irten bezain pronto, zorionez, arroila zabaldu egiten da, eta magalak pagoz jantzita agertuko zaizkigu. Goratasuna hartzen hasita, Santa Grazitik igotzen den basabidera irtenaraziko gaitu bidexkak. Verna hurbil dago, 500 metrora. Bi minutu emango ditugu pistan; gero, basoaren babesean. Haitzuloaren aurreko plazatxoan izango gara arin-arin. Etxola handi bat ikusiko dugu han, haitzulora bisita egin nahi duenarentzat egokitua.
Vernatik Santa Grazira
aldatuHaitzuloraino iristen den pistatik jaisten hasi eta bihurgune batzuk igarota, Arpideko arroilatik behera doan bidexkarekin bat egingo dugu. Bidexkari muzin eginda, pista zabalari jarraituko diogu, ibilbide seinalatuari. Aldatsa samurtzean, eskuinetik doan zidorrari jarraituko diogu. Estolderiako burdinazko estalki batzuk ikusiko ditugu basabidearen erdian (Telecom). Jaitsiera azkarra egingo dugu orain. Vernara doazen taxiek erabiltzen duten pista zaharberritura irtetean, bihurguneraino baino ez dugu jarraituko. Gero, noranzkoa aldatu gabe, pista harritsuan barrenari men eginda, etxalde batera helduko gara. Metro batzuk behera eginda, alanbrera iritsi, eskuinera jo eta, bidexka utzi gabe, hurritzek osaturiko galeriaren babesean jarraituko dugu. Aparkalekura bueltatzeko, hobe Santa Grazi herritik igaro, ezin baikara Santa Grazitik aldendu eliza eta hilerria ikusi gabe.