Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arrastariko bazterretan zehar

'[1]

Arrastariko bazterretan zehar
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Urduña, Artomaña, Berrakaran, Delika,Paul, Nerbioi ibaia, Arrastaria ibarra
Distantzia 11,5 km. 3 odu.
Ingurunea Urduñatik Arrastaria ibarreko bazterrak ezagutzera abiatuko gara. Ibilbidean zehar, besteak beste, Artomañako dorretxea eta Delikako ur-jauziak aurkituko ditugu.
Abiapuntua Urduña
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Amurrioko (Araba) udalerriko mapa toponimikoa aurkeztu zuten jendaurrean otsailaren 14an. Mapa topografikoan 1.600 leku-izen inguru jaso dituzte egileek, betiere Federico Barrenengoa eta Jose Antonio Gonzalez de Salazar adituek aspaldi egindako lanetan oinarriturik. Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko Felix Mugurutza eta Mikel Gorrotxategi adituek berrikusi baitute lana, emaitza dotorea da. Gure arbasoek utzitako ondareaz jabetzeko ezinbesteko tresna bilakatu da argitara emandako mapa.

Urduñako (Bizkaia) Foru plazatik irtengo gara. Udaletxeko arkupetik igarota, Burdin kalean behera jarraitu eta Andra Mari eliza gotortua inguratu ondoren, Urduñako saihesbidera iritsiko gara. Lur azpiko pasabidea baliatuko dugu asfaltoa gurutzatzeko. Tuneletik irtendakoan, eskuinera jo eta Santa Klara auzoan sartuko gara. Santa Klara monasteriora iristean, eskuinetik jarraitu, eta eraikin gotikoa erabat inguratuko dugu.

Hego-ekialdera begira jarriko gara, Arabako herrialdean sartzearekin batera. Aurrez aurre, Arrastarian goititutako tontor xumeak daude: Espila eta Picorredondo, beste askoren artean. Santa Klaratik hurbil bidebanatze bat ikusiko dugu. Ezkerreko bidea hautatuko dugu orduan, Artomañara zuzen jotzeko. Gero, Artomaña erreka gurutzatuta, eliza ondoko plazara bideratuko ditugu gure pausoak. Egun herri xumea bada ere, behiala bidegurutze estrategikoan kokatu zen Artomaña. Errepide nagusia eraiki aurreko garaian, esaterako, berebiziko garrantzia hartu zuen, haren ondotik Urduñara bidea ez ezik Urkabustaizera bidea ere pasatzen baitzen. Horren erakusgarri, akaso, Nerbioiko ur-jauzira begira dagoen dorretxe sonatua izango da. Gaur egun, ordea, Artomañak bestelako egoera administratiboa erakusten du: Amurrioko udalerriari lotua dago 1976az geroztik —baita Delika, Tertanga eta Aloria ere—, eta bide zaharrak lozorroan daudela iruditzen du.

Delikako ur-jauziak

aldatu

Artomañako elizaren atari aurretik abiarazten den bideari ekinez, herrigunetik irtengo gara. Dorretxea igaro ondoren, ezkerrera jo eta trenbiderantz egingo gara. Burdinbidea zeharkatuko dugu, tentu handiz, barrerarik ez dago-eta. Eskuinetik jarraituko dugu gero. Urduñako ordokia eta Gorobel mendilerroko parajeez gozatzeko aukera dugu orain: Delika herria Nerbioiko haizpitartearen atarian ikusiko dugu, eta, haren gainean, Santa Ageda tontortxo ezaguna. Soa lau haizeetara luzatuta, zeharo txundituta utziko gaituzte Gorobelgo talaiek. Hain dira ederrak!

Bidean aurrera eginda, baserri batzuek atentzioa emango digute, batez ere Berrakaran errekastoaren ondoan daudenek. Historialariek diotenez, Berrakaran izena zuen herri bat existitu zen errekasto jauzkari horren ondoan, eta XIX. mende hasieran desagertu zen.

Erripatxu auzora iritsiko gara segituan. Bideak maldan behera egiteko gonbita egingo digu; bideak esandakoari men eginda, goratasuna galtzen hasi, eta, Odia baserriaren kantutik igarota, trenbidera iritsiko gara berriz ere. Burdinbidea eta Nerbioi ibaia gurutzatuta, ezkerrera joko dugu Delikako plazatxoan. Arkuetatik igaro eta bide egokituari eutsita, asfaltoa amaitzen den arte jarraituko dugu, paseo goxoan. Ur-bazterrean taberna bat ikusiko dugu. Atsedena hartzeko toki aproposa da. Infierno izenez ezagunagoa da, nahiz eta eraikin horrek deabrukeriatik ezer gutxi erakusten duen. Taberna ondoan bidexka bat ikusiko dugu. Errekan gora bizpahiru minutuz aritu ondoren, Zaldien putzuak izeneko ur-jauzietara iritsiko gara. Nerbioi ibaia terraza dotore batetik saltoka eta boteka amiltzen da ibaia. Aho bete hortz geratzeko moduko ikuskizuna, zinez!

Delikara itzultzeko unea dela, ezkerrera hartuko dugu plazan, eta elizara igoko gara. Trenbidea zeharkatu eta Urrutiko auzoa atzean utzita, ezkerreko bidea hartuko dugu. Zamarro eta Paul auzoak bisitatu ondoren, Urduñako mendatera doan errepidera iritsiko gara. Errepide bazterretik jarraituko dugu gero, maldan behera, Bizkaiko mugaraino. Benta jatetxean, ezkerrera egin, eta Rondina industrialdean sartuko gara. Bigarren errotondara iritsi gabe, eskuinera okertu, eta Urduñako herrigune historikora bideari ekingo diogu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua