Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arribirilletako iruinarria

'[1]

Arribirilletako iruinarria
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Santutxuko ermita, Elosumendi, Leiopago, Kaixeta, Irukurutzeta, Arribirilleta, Kurutzebakarra, Aizkonako haitzak
Distantzia 12,8 km. 3 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko lurrek bat egiten dute antzina izan zuen funtzio bera berreskuratu duen zutarrian.
Abiapuntua Santutxuko ermita
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Deba haranaren arkeologia aztertzeko orduan, ez dago zalantzarik Karakatetik Agerrebururaino hedatzen den mendilerroko estazio megalitikoak garrantzi handia duela. Soraluze, Bergara, Antzuola eta Azkoitia udalerrietan sakabanaturik dauden 16 megalitoek (10 tumulu, 5 trikuharri eta iruinarri bat) osatutako ondareak erakusten digu gure arbasoek inguru hori aukeratu zutela Neolitoan eta Brontze Aroan beren hildakoak ehorzteko eta lurraldea beraiena zela adierazteko.

Bentosteko lepoan dagoen Santutxuko ermitan eta atsedenlekuan emango diogu hasiera ibilaldi honi. Egurrezko argibide taulak Elosu-Soraluzeko estazio megalitikoaren informazioa emango digu. Baseliza eskuin aldera utzita, asfaltatutako pistatik aurrera egingo dugu PR-Gi 94 ibilbide balizatuaren seinale zuri eta horiek adierazitako norabidean. Labeaga baserriaren ondotik pasa, eta berehala helduko gara Etxeburutxuko bidegurutzera. Ezkerrekoa utzi (hortik itzuliko gara), eta eskuinetik egingo dugu gorantz, Agerreburu/Sorusaitzako hedagailuetara igotzeko erabiltzen den asfaltatutako bide zabaletik. Bi kilometro pasatxo igo eta Atxobasoko lepora iristean, bide nagusia utzi eta basoan murgilduko gara PRaren markak segituz.

Elosumendira igo nahi izanez gero, bide balizatua utzi eta erraz igoko gara apenas ikuspegirik duen gailurrera; hor dago Pol-Pol Mendi Elkarteak jarritako buzoia. Iparralderantz segituz, bide balizatuarekin berriro bat egin eta izen bereko tumulua ikusiko dugu Maurketako lepoan. Borda baten ondotik pasa, eta Keixetako lepora jaitsiko gara gure eskuinera izen bereko trikuharriak utzita. Lepoan, egurrezko argibide taulak erakutsiko digu berriro zein tokitan gauden. Zuhaitzen enborrean dauden seinale zuri eta horiek erakusten diguten bidetik egingo dugu gorantz.

Hiru tona eta erdiko pisua

aldatu

Konturatu orduko, ikuspegia zabaldu eta Irukurutzetako tontorraren ondora igoko gara. Erpin geodesikoa dago hor, eta, gertu, buzoia. Tontorretik gertu dagoen trikuharriaren ondotik pasa, eta berehala iritsiko gara Arribirilletako iruinarriaren ondora; hain zuzen ere, Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko herriek bat egiten duten lekura. Hiru tona eta erdiko pisua duen menhir hori hondeatzeko makinez jarri zuten zutik orain gutxi; horrela, duela 4.000 urte zituen kokapena eta funtzioa berreskuratu ditu. Aranzadi Zientzia Elkartekoek trikuharria zela uste zuten, eta harri zabal horrek ganbara funtzioa betetzen zuela; baina, azken urteetan egindako indusketen ondorioz, zuloa baino ez zuten aurkitu, ez bestelako zatirik. Beraz, trikuharria izan zitekeena Brontze Aroko iruinarria edo menhirra da.

Gure arbasoek altxatu zuten zutarri ederrari bizkarra eman, eta Kurutzebakarra izeneko gainera joko dugu. Atxolin eta Karakatera hedatzen den mendilerroa gure eskuinera utzita, ezker aldetik jaisten den balizatutako bidetik altuera galtzen hasiko gara, PR-Gi 94aren bariantetik. Kurutzebakarreko tumulua atzean lagata, Aitzpuruko zabala trikuharriaren ondotik pasa, eta Pol-Polerantz joko dugu. Lehen zatia maldan behera egingo dugu, baina, gero, bidearen zatirik luzeena basoaren itzalean eta ibilbide ia lautik egingo dugu, Agirre baserriaren ondora iritsi arte. Metro batzuk aurrerago emango diogu amaiera ibilbide zirkularrari, gertu izango baititugu hasierako bidegurutzea eta Santutxuko ermita eta atsedenlekua.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua