Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arrolako zirkuitua
'[1]
Arrolako zirkuitua | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Zubiaur, Mendiolaberri, Telleriko lepoa, Arrola, Izartzagan, Jesuri |
Distantzia | 10,5 km. 3ordu. |
Ingurunea | Arrola eta Jesuri mendiak Orozko ibarreko mendebaldean altxatzen dira. Aiarako tontorrak ez ezik, Gorbeia eta Salbada natur parkekoak ere begiztatuko ditugu gailurretik. |
Abiapuntua | Zubiaur (Orozko) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuOrozkoko bizilagunak batzarrera deitu zituzten orain dela gutxi Arrolako Santa Marina baseliza konpontzeko asmoz, 80ko hamarkadan gertatu zen moldean. Teilatua itoginez josita baitzegoen, zirt edo zart egin beharra zegoen. Azkenik, krisi ekonomikoari muzin eginda eta haren mamua erabat uxaturik, auzokideek jo eta su lanean aritzea deliberatu zuten. Beraz, auzolana herritarrek abiarazi dute, eta, euren esfortzuari esker, teilatua ez ezik tontorreko aterpea ere berritzeari ekin nahi diote. Lanon arrastoak bistan dira gailurrean.
Abiapuntua, Zubiaur auzoa
aldatuZubiaur auzoan (Orozko, Bizkaia) hasiko dugu Arrola eta Jesuri tontorretara doan ibilbidea. Zirkulazioari itxita dagoen herriko plazan jarriko gara abian. Altube ibaiaren gaineko zubia gurutzatu ondoren, eskuinera egin eta, zirkulazio seinaleak dioenez, Donibane auzoranzko urratsak egiten hasiko gara. Zubiaur bera inguratzen duen saihesbidearen azpitik igaro bezain agudo, ezkerreko bidea hartu eta Mendiolabeiti baserrira joko dugu. GR 123 ibilbide luzeko zidorrarekin bat egingo dugu. Errepidearen paraleloan, Mendiolako baserri multzora helduko gara. Lehen baserriaren paretik igarota, bidegurutze bateraino jarraituko dugu. Bide nagusiak behera egingo baitu, ezkerreko bideari heldu eta goratasuna hartuko dugu. Mendiolagoiti baserriraino ez gara iritsiko. Horregatik, bide sarda batera heldutakoan, eskuineko bidetik jarraituta, gorantz abiatuko gara. Aldatsa dela eta, izerdi patsetan egoteko eremuan gaude. Arbela eta kareharria nahas-mahas ikusiko ditugu basabidean, harrioi burdin oxidoa dariela.
Eukalipto sailak pinudiari tartea utziko dio gorago. Ondoren, alanbre bat zeharkatuta, basoa atzean utzi eta magalean gora jarraituko dugu. Eskuinera okertuko dugu laster, eta Santa Marina baselizara begira jarriko gara. Magala zeharkatuta, alanbre batek eukaliptoen artean berriz ibiltzeko abagunea emango digu. Tupustean, pagadi eder batek hartuko gaitu bere altzoan. Orain arte Orozkoko ibarraz gozatzeko aukera izan badugu, une honetan basoaz gozatzeko okasioa izango dugu.
Arrola eta Jesuri tontorrak
aldatuBasoa alderik alde zeharkatuko dugu eta, aldapari aurre eginda, Telleriko lepora iritsiko gara. Lepoko basabide zabalean ezkerrera joko bagenu, Izartza baserrira iritsiko ginateke. Baselizarako bidea erraz zaigu asmatzen baserritik. Pista alde batera utzita, haatik, malda piko handi bati aurre egiteko apustua egingo dugu guk: Santa Marina baseliza gertu dago eta minutu batzuen kontua baino ez da tenpluari atxikita den parkera iristeko.
Lizarrak, platanondoak, haritzak eta urkiak sakabanatuta ikusiko ditugu gainaldean. Egurrezko mahaiak eta atsedena hartzeko puntuak ikusiko ditugu tontorrean. Agian, bisitari ugari ikusiko ditugu firin-faran, soa lau haizeetara luzatuz. Ez da harritzekoa, baselizaren ondoko aterpean gaua igarotzeko ohitura izan baitute mendizaleek. Untzueta tontor piramidala Orozko iparraldean goititurik ikusiko dugu. Ametsezko paseo gozoan bezala, gure begirada Bikotz Ganeko parajetik Itzinako mendigune aldera bideratuko dugu. Hala ere, Arrolak eskaintzen digun panoramika ez da soil-soilik Gorbeiara mugatuko; izan ere, Euskal herriko tontor mordoa deskubrituko dugu 360 graduko bira emanez gero.
Zubiaur auzora jaitsi gabe, mendebaldean gailentzen den Jesuri tontorrari bisita egingo diogu. Hala, baselizaren eta aterpearen artetik igarota, hartxintxarrezko bide zabala hartu eta lepo xume batera helduko gara laster. Ezkerrera egingo dugu bertan, eta, Izartzagan tontorra zapaldu ondoren, Jesuriko erpin geodesikora iritsiko gara. Eskuinera jo, eta goratasuna galtzen hasiko gara, tontorreko belardia leun-leun zapalduz. Ipar-mendebaldera eginez, soa Kukutza (Elorritxugana) mendian guztiz iltzatuta, Jesuriko leporantz abiatuko gara. Santa Marinako parketik datorren bidea agertuko zaigu laster. Bide nagusiari men eginda, Zubiaur aldera egingo dugu. Oditzaga, Sagarminaga, Meatza eta Donibane auzoetatik igarota, Zubiaurreko plazan itxiko dugu Arrolako zirkuitua.