Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Artikutzako burdinbidearen arrastotik
Bertan ibiltzen zen trenak izen asko zituen: Karramarroa, Dekabilla, Frantzesen trena, Artikutzakoa eta Xorrolakoa, besteak beste.[1]
Artikutzako burdinbidearen arrastotik | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Artikutza, Exkax, Oronoz-Zubieta, Erroiarri |
Distantzia | 16 km. 4 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Bertan ibiltzen zen trenak izen asko zituen: Karramarroa, Dekabilla, Frantsezen trena, Artikutzakoa eta Xorrolakoa, besteak beste. |
Abiapuntua | Exkax (Oiartzun)Goizueta |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuEgun ingurune babestua bada ere, Artikutzako lurrak zenbait bizimoduren eta bertako errekurtso naturalen ustiapen ugarien lekuko izan dira historian zehar. Europan gertatu ziren aurrerapen teknologikoen ondorioz, burdinolak baztertu egin ziren, erabat ahaztu arte. Haiek izan ziren garairik zailenak. Momentuko joera sozioekonomikoen babesean, indartu eta areagotu egin ziren egur-ikatzaren ekoizpena eta meategien ustiapena —burdina batik bat—. Horrela, 1898an bide estuko trena eraiki zen ustiapen horiek errazteko. 1903tik 1908ra, Artikutzako Oihandar eta Ustiapenerako Konpainiak eratu ziren.
Burdinbidearen bihotza Elamako meategi gunea zen, eta hura Errenteriako iparraldeko geltokiarekin komunikatzera iritsi zen, plano inklinatu eta korapilatsu baten bitartez. Neurririk gabeko ustiapen haien ondorioz, basoak atzera egin zuen berehala, 1919an Donostia-ko Udalak finka erosi eta berreskuratze lanak hasi arte.
Ibilaldi honetan, burdinbide horren zati handi bat beteko dugu. Exkaxetik abiatu eta laurehun bat metro errepidean zehar bete ostean, ezkerretik Arikutzako auzora jaisten den bidea utzi, eta, metro batzuk aurrerago, burdinbide zaharraren xenda hartuko dugu. Erroiarriko behatoki naturalaren ingurura helduko gara laster, eta bertatik finka osoaren ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu. Bidegurutzera iristean, bide balizatua utzi eta eskuin aldera joko dugu egurrezko seinaleak erakusten duen lekutik. 150 bat metro beteko ditugu burdinbide zaharraren plano inklinatuan dagoen geltokiaren aztarnak ikusi ahal izateko.
Hona hemen, ATITek (Artikutzako Trenaren Ikerketa Taldea) emandako datu gutxi batzuk: trenak izen bat baino gehiago zuen: Karramarroa, Dekabilla, Frantzesen trena, Artikutzako trena eta Xorrolako trena. Burdinbidearen zabalera 600 milimetrokoa zen eta trenbidearen luzera, berriz, 28,5 kilometrokoa. Ibilbide osoan lau trenmakinak izan ziren, bakarra zati bakoitzean, eta haiekin batera 61 bagoi. Bidaia bakoitzean 2 tonako 6 bagoi zeramatzaten, 12 tonako gai garraioa aldiro. Egunero lau bidaia egiten zituen garairik oparoenean. Material hauek garraiatzen zituen: burdina, egur ikatza, kaolina, posteak, tren trabesak, eraikuntzako egurra… Pertsonak ere garraiatzen zituen. Zati bakoitzeko trenak hiru langile behar zituen: tren gidaria, sugina eta baleztaria. Guztira, trenean 30 bat langile aritzen ziren, planoetakoak kontuan hartuta.
Bidegurutzera itzuli eta maldan behera abiatuko gara. Laster, gure eskuinetik xenda bat ateratzen ikusiko dugu, eta, bide balizatua utzita, bertatik egingo dugu aurrera. Plano inklinatua egin aurretik, idiekin minerala goiko geltokira garraiatzeko erabiltzen zuten bide hori. Plano inklinatua bitan zeharkatu eta maldan behera Oronoz-Zubieta ingurura jaitsiko gara. Puntu horretan Elamara zuzentzen den bidea utzi, eta Artikutza auzorantz joko dugu.
Auzoko etxe eta parajeak bisitatu ostean, porlanezko bide malkartsutik aterpetxea dagoen lekuraino igoko gara. Urtegia inguratzen duen pista utziko dugu gure ezkerretik ateratzen den bidea hartuz. Xenda estuak Erroiarriko ur jauziaren gainaldera eramango gaitu.
Exkaxpeko errekara iristean isiltasuna nagusi da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinuan. Igoera piko batek egurrezko panel informatibo baten ondora eramango gaitu. Pagadian zabaltzen den bide zabalari jarraituz, auzora jaisten den errepidera aterako gara, ornodunen panela eta egurrezko seinaleak dauden lekura. Eskaseko atezaindegia gertu.