Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Ataungo lurretan
'[1]
Ataungo lurretan | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Ataun San Martin, Olaluzea, Larruntza, Ataun San Gregorio |
Distantzia | 7,9 km. 2 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | On Jose Migel Barandiaranen bizitza eta lana ikusgai dago egun museo bihurtua den Larruntzako multzo hidraulikoan. |
Abiapuntua | Ataun San Martin |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuSan Martin plazan hasiko dugu ibilbide hau. SL-aren marka zuri eta berdeak eta Aralarko itzuliari (GR-20) dagozkion zuri-gorriak izango ditugu lagun. Ez dago galtzeko arriskurik, bidea oso nabarmena baita. Elizaren ondoan dagoen zubitik Agauntza erreka igaroko dugu, eta horren ondotik doan bidean barna egingo dugu aurrera. Gorabehera handirik gabe eta xenda eroso eta atseginetik berehala helduko gara Astigarragako atsedengunera, eta bertan, mahai batzuk eta iturri eder bat aurkituko ditugu. Errekaren beste aldean Kalbario Santuko baseliza ikus daiteke.
Parkea atzean utzi eta aurrera segituz, Andreseneko zubi ondora iritsiko gara. Toki horretan norabide desberdinak erakusten dituen egurrezko hesola bat ikusiko dugu, eta, zubia gure ezkerrera utzita, pistatik aurrera segituko dugu. Bideak gora egiten duenean, ezkerrera egingo dugu. Berehala izango gara Olaluzeaga baserritik gertu dagoen karobi bikainaren ondoan. Ataunen ondoen kontserbatuta dagoen karobi zuloa da. Panelean erakusten da nola funtzionatzen zuen. Bidegurutzera iristean, Mantxintxuko zubia utzi, eta Zubiondo etxera inguratuko gara, eta ondotik doan bidea hartuko dugu. Segidan, Urezandi, Auzmendi, Aldakotxo eta Peruenezar baserriak pasatuko ditugu. Azken hori Jose Migel Barandiaran zenaren jaiotetxea da.
Aurrera egingo dugu, eta, beste etxe multzo baten ondora iristean, Iparraldeko etxeen itxura berda duen Sara etxearen ondotik pasatuko gara. Bertan bizi izan zen Jose Migel Barandiaran erbestetik itzulita. Ondoan, Etxetxo eta Etxetxo Berri etxeak daude. Hurrengo bidegurutzean, Gomensoro eta Goienetxe etxeen artetik pasatu, eta Peruene berrira iritsiko gara. Errekaren beste aldean, Zelaibar XVI. mendeko dorretxe bikaina ikus daiteke. San Gregorio auzotik oso gertu gaude, eta horren sarreran, egun museo bihurtua den Larruntzako multzo hidraulikoaren ondora helduko gara. Sei mendetan martxan egon da multzo hidrauliko hori, eta bi errota, burdinola, zerrategia, zentral hidroelektrikoa eta beste elementu batzuez osaturik dago.
Museoa bisitatu eta aurrera segituta, Lauztierreka auzoko bidegurutzean izango gara, San Gregorio auzoan, hain zuzen. Errepidera atera, enparantza gure eskuinera utzi, eta eskailerak igoko ditugu eliza aldera. Aldapatxoan sakabanaturik Jose Migel Barandiaranen omenez landutako hilarriak ikus ditzakegu. Abiapuntura itzultzeko berriro elizatik errepidera jaitsiko gara; hori gurutzatu, eta bidezidor batek ?egurrezko bide seinalea eta marka zuri eta horiak? erakutsiko digu jarraitu beharreko bidea. Aldapa motza baina pikoa da, eta ur biltegira iritsi aurretik gure ezkerrera ikusiko dugun ataka gainditu, eta pinudian sartuko gara. Gaztiñerre ingurura iristean, berriro marka zuri-gorriak (GR-20) ikusiko ditugu, eta ez ditugu utziko abiapuntura iritsi arte. Poliki-poliki maldan behera abiatuko gara, eta Arrondoa auzora iristean, bertaraino iristen den belar sorta kablea ikusiko dugu. Errepideari paraleloan jarraitu, Astigarraga auzoan barrena eta marka zuri eta berdeek erakusten diguten norabidean, Kalbario Santuko baselizaren ondotik igaroko gara. Espaloitik eta Agauntza ibaiaren paraleloan, San Martingo plazara itzuliko gara.