Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Atxuriko lur malkarra
Atxuriko haizpea Gorbeiako igoeran agertuko zaigu, ibilbidea Barazar mendatean hasiz gero. Saldropoko hezegunea bisitatzeko aitzakia ederra izaten da. [1]
Atxuriko lur malkarra | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Barazar mendatea, Saldropoko hezegunea, Atxuri |
Distantzia | 10 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Atxuriko haizpea Gorbeiako igoeran agertuko zaigu, ibilbidea Barazar mendatean hasiz gero. Saldropoko hezegunea bisitatzeko aitzakia ederra izaten da. |
Abiapuntua | Barazar mendatea (Bizkaia) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuBarazar mendatean (Bizkaia) hasiko gara ibilian Saldropoko hezegunea eta Atxuriko tontorra bisitatzeko asmoz. Mendatean bertan ikusiko dugun Bengoetxea jatetxearen ezkerraldetik doan bide zabalari segika hasiko gara. Porlanez jantziko zaigu basabidea urratsak egiten hasi bezain laster. GR-12 Euskal Herriko Zidorra izeneko ibili luzeko arrastoei jaramon eginez, Saldropoko hezeguneraino lagunduko digun bide seinaleei oratuko gatzaizkie. Hala, Otzarretara bidea bazter eginda, aurrera egingo dugu altzifreek hartuta duten parajean gaindi. Aldatsa amaiturik, alertzedi eder baten eretzetik jarraitu eta Gorbeialdeko hezegunerik entzutetsuenera iritsiko gara. Atsedena hartzeko lekua dago han, baita mapa dotore batean Gorbeia inguruko zidorrak ikusteko ere.
Egungo ikuspegia liluragarria bada ere, are idilikoagoa izan behar omen zuen Saldropoko parajeak 1930eko hamarkadara arte. Hezegunea eder-eder zabaltzen zen lozorroan, Gorbeiako irudi malkartsuaren oinaldean. Saldropokoa eremu hezea baitzen, oxigenorik gabeko lur azidora egokitutako landare askoren paradisua zen; izan ere, bertoko substratu ongarritua hiru metro sakon ere izan omen zen. Harrigarria, beraz, baldintza berezi horien pean lurrak eta urak sorrarazitako ekosistema!
Altxorrak balio handikoa izan behar zuen, lurrari eginiko lehen hozkadak 1930eko hamarkadan gertatu baitziren. Ezer gutxi, ordea, Saldropok 1974az geroztik pairatu zuenarekin: drainatzeak eta hondeatze lanak etengabeak gertatu ziren orduan, lur emankorra gizakiaren mesedetan jartzearen kariaz. Hori nahikoa ez, eta eremu hezeak gaizki ikusiak izan ohi ziren garai horretan, lur bustiak eritasunen iturri zireneko ustea hagitz zabaldurik zegoen eta. Behin ekarpen hidrikoa guztiz desbideratuta, Saldropoko altxorra aire zabalean laga zuten, kamioien eta makina hondeatzaileen mesedean.
Saldropoko biodibertsitatea berreskuratzeko plana 1989an etorri zen Bizkaiko diputazioren ekimenez. Hiru hamarkada joan dira jada, eta hezegunearen osasuna uste baino hobea da. Zuhaitzek eta zuhaixkek inguratzen dute hezegunea gaur egun, eta Gorbeiako natur parkearen barruan dago. Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan sailkatua ere bada.
Atxuriko bisera
aldatuSaldropoko hezegunea eskuinetik inguratuko dugu. Zeanurira doan PR-BI 4 zidorrari muzin eginez, Atxurira bideari eutsi egingo diogu. Ehunka metro egin ostean, parkeko informazio gunera iritsiko gara. Irudi eta testu ugariz osatutako interpretazio xumea bezain interesgarria dugu harrizko etxolan. Bisita egin ostean, Ugunaga errekastora zuzen-zuzen doan bideari jarraituko diogu. Bidebanatzean, eskuinekoa utzi, eta zuzen jarraituko dugu, bi itxituren artean ibiliz. Izeien babesean sartu bezain pronto, eskuineko basabideari muzin egin, eta aurrera ekingo dugu, noranzkoa aldatu gabe. Gora goazela, pista bat gurutzatu, eta alertzeen paretik doan zidorrari men egingo diogu. Kareharrizko bideak banantzean, eskuineko bidea hautatu eta gora egiten jarraituko dugu. Maldari hainbat hozkada eman ostean, pista batera helduko gara. Ezker-eskuin egingo dugu han, eta altzifreen artetik doan bideari ekingo diogu laster. Atxuriko lur malkarrera iristeko azken ahalegina egingo dugu gero.
Atxuriko igarobidea tentu handiz zeharkatuko dugu. Biseratik irtenda, sigi-saga jarraituko du bideak, eta, tximinia zabal batean gora eginez, gainaldera iritsiko gara. Tontorra ezkerraldean geratzen baita, hara bideratuko ditugu gure pausuak. Arraldeko tontorra Atxuriz haratago ikusiko dugu. Paraje karstikoan ibili ostean, Barazar mendatera itzuliko gara igoeran egindako bide bera hartuta.