Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Baigurako gailurreria, San Bizente ermitatik
Lapurdiko eta Nafarroa Behereko berdeguneen gainean hegaldaka bezala ageri da Baigurako mendigune mardula; gailurreria horretako lau tontor kateatuko ditugu bata bestearen ondoren. [1]
Baigurako gailurreria, San Bizente ermitatik | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Baigura, Erregelu, Laina, Haltzamendi |
Distantzia | 15,2 km. 4 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Lapurdiko eta Nafarroa Behereko berdeguneen gainean hegaldaka bezala ageri da Baigurako mendigune mardula; gailurreria horretako lau tontor kateatuko ditugu bata bestearen ondoan. |
Abiapuntua | San Bizente ermita (Heleta) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuSan Bizente ermitatik ekingo diogu ibilaldiari; Heleta herrira sartzeko bidegurutzetik iristen da hara. Ermitatik abiatzen den bidetik joko dugu: etxebizitza pare baten artetik joango gara, ataka bateraino; hura gurutzatu, eta ezkerretik joko dugu, lurrezko bide batetik, zeina zerrenda horiz eta laranjaz balizatuta baitago.
Handik aurrera, ehunka metrora-edo, eskuinaldetik agertuko zaigun bidexka batetik joko dugu gorantz, eta borda baten hondakinetaraino iritsiko gara. Han, beste bide batekin bat egingo dugu, eta aldapan gora segituko. Hurrena, bidebanatze batera iritsiko gara, eta eskuinera egingo dugu, baso bat inguratuz, eta, gero, beste bidegurutze batekin topo egingo dugu, eta gorantz joko zuzenean, bide belartsu batetik, eta, hurrengo bidebanatzean, eskuinetik segituko dugu.
Horrela, Soilandotxipiko lepo gainera iritsiko gara, eta, han, eskuinetik joko dugu, Bizkarra aldera seinalatzen duen idazkun bati jaramon eginik; Baigurako gailurreriari erreferentzia egiten dio. Hala, belaze batean barneratuko gara; merenderoetakoen moduko mahai pare bat eta orientabiderako beste bi mahai panoramiko aurkituko ditugu. Ezkerretik joko dugu berriro, Bizkarra aldera seinalatzen duen kartelaren atzetik.
Ibilbide panoramikoa
aldatuBehorsaro amildegiaren gainetik ibiliko gara, Irisarriko landen gainetik, eta mazelaz mazela ibiliko gara hegaletik, Burbilaria muinoraino; han, eskuinetik joko dugu, eta noranzkoa aldatuko: bide harritsu batetik ibiliko gara, Kurutzeko Pareta alde goreneraino. Ertz horretatik iritsiko gara gailurreriako lehen tontorrera: Erregelura.
Ezkerreko aldetik jaitsiko gara, eta, gailur naturalari segituz, Baigurarantz egingo dugu, eskuineko aldetik doazen bidexka eta errepidetik jo beharrean. Orientabiderako bi mahai handiren ondotik pasatuko gara; horietan deskribatuko zaigu, hurrenez hurren, ekialdeko eta mendebaldeko arku menditsua, Baigura koroatzen duen mugarrira iritsi arterainokoa; hara iristeko, izkin egingo diegu han kokatuak dituzten antenei.
Gailur nagusitik abiaturik, harako sarbidearen aldera ez baizik bestera egingo dugu, bizkarretik dioen idazkunari jarraituz, eta han inguruan dagoen muino batera jaitsiko gara gailurretik, eta Laina mendira igoko, hura hein batean estaltzen duten harkaitzen artetik. Eta erlaitzeko bidexkatik segituko dugu, Ubidiako pendizen gainetik, eta bide harkaiztsu batetik jaitsiko gara hurrengo muinora.
Aurrera segituko dugu gailurrerian zehar, eta zati harkaiztsu bat agertuko zaigu ezkerreko aldetik, baina ez diogu jaramonik egingo, eta azkeneko ezproi harkaiztsu batekin topo egingo dugu; hor, eskuineko aldetik segituko dugu, eta zelai handi batera sartuko gara; han ere eskuineko aldetik joko dugu gainean ageri den gailur harkaiztsurantz, eta aldapa bati ekingo diogu Haltzamendi tontorreraino heltzeko.
Ermitara itzultzeko, berriz, lehengo bidetik joko dugu; hala, gailurretako desnibelak gainditu beharko ditugu atzera, edota mendebaldeko magaletik inguratu ibilaldia samurtze aldera. Hala eginez gero, bidezidor batetik joko dugu, Haltzamendiren azpitik, zeina cairn bidez seinalatua baitago; Lainatik datorren zerrenda harkaiztsua baztertu, ezkerretik jo, eta beherantz doazen bi bidetatik laburtuko dugu, Baigura inguratuko Erregeluko oinarriarekin bat egin aurretik. Begien bistakoak dira ikusmeneko erreferentziak; beraz, baldin eta lainoek ez badute ingurumaria estaltzen, ez dugu izango bestelako arazorik, baina, aldi berean, erraz jaits gaitezke nahi baino beherago ere.