Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Baljerriko pagadia
Ordunte mendietako Baljerri tontorraren ipar hegalean ezkutaturik, Bizkaiko pagadirik zabalena dago. Pagoak ez ezik, beste zuhaitz mota asko ere badaude. [1]
Baljerriko pagadia | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Lanzas Agudas, Baljerri, Zalama, Ilso de las Estacas, Ordunte, Bernales |
Distantzia | 10 km. 2 ordu ta 20 mn. |
Ingurunea | Ordunte mendietako Baljerri tontorraren ipar hegalean ezkutaturik, Bizkaiko pagadirik zabalena dago. Pagoak ez ezik, beste zuhaitz mota asko ere badaude. |
Abiapuntua | Lanzas Agudas (Karrantza) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuUdazkena bete-betean sartu zaigu jada. Mendi gailurrak beste baterako utzi, eta baso artean ibiltzeko garaia da, basoaren kolore horixka-marroia-gorrixka gozatzeko garaia, hain zuzen. Pagadiak eta hariztiak izan ohi dira Euskal Herriko basorik oparoenak aldaketa kromatikoaz liluratzeko. Zuhaitz horien izenak entzutean berehala datozkigu burura hainbat leku bizkaitarrei: Orozkoko mendigunea, Urkiola haitzarteak edota Gorbeiako basoak. Aldiz, Bizkaiko pagadirik zabalena Enkarterrian dago. Horrela diote behintzat naturazaleentzat prestatutako gidek. Bizkaiak Burgosekin muga egiten duen Ordunteko mendilerroaren ipar hegalean daude pagadiak. Mendeetan zehar moztu eta erreak izan dira, eta, garai batean, Ordunte mendiak estaltzen zituzten pagadi zabalek; gaur egun, ustiatzen zailak diren gune malkar bihurtu dira. Ordunteko pagadi handienak El Risco mendikoa, Baljerrikoa eta Pedranzokoa dira. Baljerrikoak 250 hektareako azalera estaltzen du, eta, pagoez gain, zuhaitz eta zuhaixka anitz biltzen dira tartean, hala nola haritz kanduduna, haritz kandugabea, gaztainondoa, hostazuria, otsalizarra, urkia, haltza, lizarra, hagina, hurritza eta elorri zuria. Espezie aberastasun horrengatik, Baljerrikoa aparteko pagadia da, batez ere udazkenean, kolore sorta zabalaz janzten baita.
Ibilaldia erraza da, basoaren edertasunaz gozatzeko egina, mendiaren ipar hegalaren sestra kurba bati jarraitzen baitio. Lanzas Agudas auzoaren goialdeko Santiago parrokian hasiko dugu ibilaldia. Gailurretan izeneko taberna eta landetxearen ondotik pasatuko gara, hegoalderantz doan pistari jarraituz eta etxeak atzean utziz. 300 bat metro ibili ondoren kurba itxian ezkerrerantz hartu, eta aldapa handia igo behar da, etxeak gure begipean izan arte eta haran osoaren ikusmira aurrean izan arte. Hego-ekialderantz egiten du bideak, Baljerriko basoan sartu ahala. Hemendik aurrera aldapa txikiagoa da. Gainera, PR-BI-122 ibilbidearen balizak izango ditugu gidari.
Pare bat kilometro ibili ondoren, mendi magalaren orografia dela eta, bideak ipar-mendebalderantz jotzen duen unean, ezkerrean utziko ditugu Baljerri (1.106 m) eta Zalama (1.343 m) mendietara igotzeko markak (GR-123). Hainbat errekasto pasatuko ditugu magala sakantzen den guneetan. Ordunteko Ilso de las Estacas (1.037 m) mendira igotzeko bidegurutzea ere aurkituko dugu. Laster ur-jauzi txikia eratzen duen Baljerri erreka gurutzatuko dugu. Ilso de las Estacas eta Baljerri arteko lepoan sortzen da erreka hori; zaila omen da zeharkatzea ur emari handiarekin badator.
Erreka mendi hegalaren ipurdian egonik, norabidez aldatu eta ipar-mendebalderantz mugituko gara, Ilso de las Estacas eta Picobasero (957 m) gailurren magal piko eta soilduan zehar, El Bierre pinudiraino. Baliza batek Bernales eta Pando herrietarako norabidea erakusten digu. Aldi berean, tarteka ikuspegi zoragarria miretsi ahal izango dugu: Raneroko haitzak, Moro eta Mazo haitzak, ipar-mendebaldean; Armañaon, iparraldean; eta Ordunteko mendiak, hegoaldean. Eta beronen azpian Baljerriko pagadiaren kolore anitzez gozatu dezakegu azkenekoz.
Mendi bidea Bernalesera doan errepidean (BI-4626) bukatzen da. Bertan, ezkerrerantz hartuko dugu hurrengo bihurguneraino. Hormigoizko baserri bidean sartuko gara berriz ezkerrera eginez, El Bierre izeneko abeltegira jaitsi arte. Ondoren, zuhaixka artean norabide berari eutsi behar zaio hasieran, eta eskuinerantz okertu geroago, Concha auzotik Lanzas Agudasera doan errepidera (BI- 4625) jaitsi ahal izateko. Ibilaldia bukatu eta abiapuntura heltzeko, errepide horri jarraitzea baino ez zaigu geratzen, kilometro bat baino ez; tamalez, aldapan gora.
Karrantza harana, utzi aurretik Lanzas Agudasetik hurbil, Aldeacuevako auzoa dago. Bertan, izen bereko haitzuloa bisitatu daiteke. 41 metroko zabalera eta 15 metroko altuera duen zulo horretan, hilobi aztarnategi bat aurkitu zuten 1966an. Zortzi lagunen giza aztarnak, zeramikak, errekarriak, zenbait maskor, kontua eta animalia arrastoak. Aldameneko aisialdirako gunean mahaiak eta eserlekuak ditugu ibilaldiaren azken mokaduak jateko.