Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Bargotako aztiaren ondasunak
Bargotako Joanes aztiari lotuta dauden eraikin batzuk bisitatuko ditugu, Vianako ingurunean.[1]
Bargotako aztiaren ondasunak | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Viana, Erramuko San Joan eliza, Lerin eskorta, Erentzungo eskorta |
Distantzia | 11,5 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Viana. Bargotako Joanes aztiari lotuta dauden eraikin batzuk bisitatuko ditugu, Vianako ingurunean. Sonatuenak, San Joan eliza eta Erentzungo eskorta dira. Joanesen sorginkeriak bolo-bolo zabaldu ziren eremu guztian. |
Abiapuntua | Viana |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuBargotako Joanes aztiarekin lotuta dauden eraikin batzuk bisitatuko ditugu Vianako ingurunean. Sonatuenak, San Joan eliza eta Erentzungo eskorta dira. Joanesen sorginkeriak bolo-bolo zabaldu ziren eremu guztian.
Udan gaude eta elur konturik ez. Eskerrak! Inguratzen gaituzten mendiak garaiak direlarik ere, ez dute beztidura zuririk ageri. Norbait kapan eta kapelan metaturiko elur malutak astintzen norbait ikusiko bagenu, dudarik gabe zer pentsatua emango luke. Zer esanik ez, Okako mendietatik arin eta zalu iritsi berria bada. Harridura handiagoa, guretzat, paraje hartarainoko joan-etorria gau bakar batez egina badu. Bada, halaxe gertatu omen zen Nafarroan orain duela mende batzuk. Elizgizon baten sorginkeria bizilagunen esames bidea baitzen.
Aski sonatuak dira XVI. mendean existitu zen Joanes aztiaren pasadizoak. Bargotako, Vianako edota Kanpezuko haranetan guztiz ezagunak. Akaso, are ospetsuagoak kapa ikusezinaren eta deabrukeriaren inguruko gorabeherak. Loak hartzeko, burua gorputzetik atera, eta gau mahaian uzteko ohitura xelebrea zuen, kontatzen denez. Antza, lo sakona lortzen omen zuen horrela. Gazte zelarik, Salamancara (Espainia) joan zen ikasketak egitera, baina, mihi gaiztoek ziotenez, nekromantzia eskolak hartzeko ere aprobetxatu zuen. Gero, elizgizon zela, jaioterrira itzuli zen, eta haren sorginkeriak bolo-bolo zabaldu ziren han-hemen.
Ibilbide horri jarraituta, Vianako paisaian zutik dirauten hainbat eraikinen aurretik igaroko gara, betiere aztiaren behinolako pasadizoak gogora ekartzeko asmoz. Erramuko San Joan elizaren eta Erentzungo eskortaren aurretik, kasurako. Lehenari buruz, kontatu ohi da aztiak mandazain batekin egin zuela topo elizaren ondoan. Itxuraz, solasa bat-batean ozpindu, eta gaztigu ederra eman zion Bargotakoak: mandoari eta gurdiari hegan eginarazita, zintzilik utzi omen zituen Santa Maria elizako kanpandorre nagusian.
Valcardera ibarrean dagoen eskorta baten hondarrak lotuta daude Joanes Bargotakoarekin. Gu ere arrasto horien bila abiatuko gara, baina Leringo eskorta zaharra bisitatzetik bueltan. Erentzungo eskorta (hala deitzen diote Vianan), bere etxea bezalaxe, gau bakar batez eraiki zuen aztiak. Nonbait, galsoroetan jasotako uzta gordetzeko eskorta handi baten premian zegoen gizona. Zokondo batean altxatu zuen bere lana. Egun, arku solte batzuk baino ez ditugu ikusiko, almendrondo txiki batzuen ondoan.
Hondarren bila
aldatuViana herrian dugu abiapuntua. Herriko plaza nagusian hasiko gara: Foru enparantzan. Elizaren nahiz ezkerraldean ikusiko dugun antzinako atetik igaro, eta Hoyo kaletik abiatuko gara, iparralderantz. Berriz gora egitean, eskuinera jo eta Nafarroako hiribidetik jarraituko dugu, biribilguneraino. Orduan, ezkerrera okertu eta, kaleari men eginez, goratasuna hartzeari eutsiko diogu. Magalak pinuz (Pinus Halepensis) josita daude. Tontortxoaren gain-gainean ur biltegia ikusiko dugu. Haren ondoko atsedenlekua eskuinean utzi, eta ipar-ekialdera egiten duen nekazari bideari helduko diogu.
Hegiz hegi jarraituko dugu, ezkerraldean Valdearas harana dugula. Eskuinaldean herriko igerilekuak ikusiko ditugu, baita Donejakue bidea ere. Vianatik datorren Kalbario bidearekin bat egitean, asfaltoari jaramon eginda, bidean aurrera egingo dugu. Joar eta Kodes mendiak aurrez aurre ditugu. Etxolak, mahastiak, olibondoak eta almendrondoak gogaide, etxola batera iritsiko gara. Aurrerago, baina, beste batera. Asfaltoa hantxe amaitzen denez, hartxintxarrezko bidetik ekingo dugu gero. Goratasuna hartzen ari garela, bide nagusia utzi gabe, etxola eta eskorta baten hondarretara iritsiko gara. Kalbario izeneko bidea bitan bananduko da han. Ezkerreko bidea lehenetsiko dugu. Ondoko lepora iritsita, Aras herria begietsiko dugu urrutian. Lepotik behera egingo dugu orduan. Hala, ibarrera heldutakoan, ezkerrera jo eta gorantz abiatuko gara. Bide bazterrak elorri beltzez, arte xumez eta izpilikuz horniturik ikusiko ditugu. Ibarreren sakonunetik irtendakoan, iparraldera egin eta Erramuko San Joan elizara iritsiko gara. Elizaren barrualdea ikusteko, hobe eskuinetik doan pistari jarraitzea. Esploratzaileen antzera desafio itzela erakusten duten hormen artean txango bitxia osatuko dugu. Mendeak igaro arren, han irauten dute hondarrok, grabitatearen aurkako erronka ausartean.
Erentzungo eskorta
aldatuBarrualdetik irten eta ondoko bidegurutzera itzulita, ezkerreko bidea hartuko dugu. Kalbarioko bidetik jarraituta, maldan gora jarraituko dugu Partelaguardia muineko lepora igotze aldera. Zuzen jarraituko dugu lepoan, hartxintxarrezko bidea lagun. Olibondoak, mahastiak eta zereal sailak ikusiko ditugu inguruan. Horrela, jaitsiera xumea eginda, ibarra zeharkatu eta asfaltozko zati bati oratuta, Leringo eskortara iritsiko gara. Bide bazterrean ikusiko ditugu aspaldiko etxolaren hondarrak. Bidebanatzean, ezkerrera jo, eta Donejakue bideari men eginez, jaitsiera luzea egingo dugu, harik eta Viana eta Bargota lotzen dituen errepidera irten arte. Hala ere, asfaltoa ukitzeko metro gutxi falta direla, almendrondoak dituen terraza baten erditik egingo ditugu urratsak. Bidexka amaituta, errepideko bihurgunera irtengo gara.
Donejakue bideari jaramon eginda, Viana aldera egingo dugu. Errepideko 72. mugarrira iristean, eskuinera okertu, errepidea zeharkatu eta galsoroen artetik jarraituko dugu. Valcardera ibarrean gora eginda, bi arku txiki ikusiko ditugu (behiala, hiru zituen eskortak). Erentzungo eskortaren aurrean gaude. Gero, lepora igo, eta Vallonda ibarra korritzen duen bidetik jarraituko dugu, beherantz. Vianako igerilekuetako aparkalekura iritsiko gara laster batean. Vianako arkitektura ederra mira eginda, Foru enparantzara helduko gara.