Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Beizamako mendietan
Beizama herria, Urraki, Illaun eta Beleku mendien magalean dago Murumendiko mendilerroa. [1]
Beizamako mendietan | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Beizama, Etarte, Urraki, Loistizabal, Illaun, Beleku |
Distantzia | 8 km. 2 ordu eta 20 mn. |
Ingurunea | Beizama herria, Urraki, Illaun eta Beleku mendien magalean dago Murumendiko mendilerroa. |
Abiapuntua | Beizama |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuGipuzkoako bihotzean kokaturik dagoen landa herri txiki eta euskaldun hau inguratzen duten hiru mendi lotuko ditugu. Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira tokiko jarduera ekonomiko tradizionalak aspalditik, baina azkenaldian landa turismoa ere sustatu dute. Beizama herria, Urraki, Illaun eta Beleku mendien magalean kokaturik dago Murumendiko mendilerroan. Ingurua basoz eta zelaiz osatuta dago eta horietan zehar ibiliko gara ibilaldi honetan.
Bidegoianen ondoren, Beizama da Gipuzkoako udalerririk altuenetan bigarrena da, eta herriko kaskoan autoa utzita ekingo diogu ibilaldi honi. Trasteak bizkarreratu eta gero, Beizamatik Errezilera joateko bide zaharra hartuko dugu (PR-Gi 144). Bide seinaleak nahikoa zaharrak dira, eta erne ibili beharko dugu Otaegi baserriaren ondora igo eta aurrera segitzeko.
Bidea sagasti eder batean sartzen da, eta horren goiko aldetik pista batera atera eta aurrera zuzen segituko dugu Etarte leporaino (651 metro). Gune horretan, bide balizatua utzi, eta eskuinetik igotzen hasiko gara bide jakinik gabe Agiñaga baserritik datorren bidexkarekin bat egin arte. Xenda belarretan marrazten da, eta erraz irabaziko dugu altuera Etarteko gainera heldu arte. Belardian zehar igotzen segituko dugu, eta izeidira iristean, han sartu eta berehala helduko gara Urrakiko tontorrean dagoen buzoiaren ondora. Ez da leku polita, izeidian sartuta dago, eta handik ez dago bestelako ikuspegirik. Gertu, erpin geodesikoa ikusiko dugu, eta haraxe joango gara.
Hortik, baso mistoan sartu, eta Loistizabal leporaino jaitsiko gara, Illaun tontorra begi bistan izango dugularik. Bidegurutze horretan, GR 21a (Ignazio bidea) eta GR 34 eta 35ak (transhumantziaren bideak) elkartzen dira. Beizamara jaisteko bidea gure eskuinera utzi, eta ezkerreko pista zabala hartuko dugu Illaun mendia inguratuz. Laster, ezkerrerantz doan GR 21a utzi, eta eskuinetik igotzen den pistatik (GR 34-35) aurrera egingo dugu. Berehala, bide hori utzi, eta, langa bat gainditu ostean, eskuinetik belardian zehar igotzen hasiko gara Illaungo tontorrean dagoen gurutzearen ondora heldu arte. Ederra da hortik dagoen ikuspegi zabala, eta merezi du atseden bat hartu eta inguruko herri eta mendiak identifikatzen saiatzea.
Hamaiketakoa egin eta gero, Illaun eta Beleku tontorrak bereizten dituen Arrasate lepora jaitsiko gara, eta, handik, izeidian zehar Belekuko tontorrean dagoen erpin geodesikoaren ondora igoko gara. Harresi baxu batez inguraturik, mendi honetara igotzeko lekurik errazena San Ageda mendatetik da. Berriro Arrasate lepora jaitsiko gara eta Beizama aldera zuzentzen den bidetik aurrera egingo dugu. Mendiaren magalean aurrera egingo dugu, baina laster bide zabala utzi, eta ezkerretik, basoan sartzen den bidea hartuko dugu. Nahikoa zikina egon ohi da, baina gertu ikusiko dugun auzoak lagunduko digu norabide zuzena aukeratzen. San Lorenzo ermitaren ondora ailegatzean, mendi bideak utzi, eta asfaltozkoa hartuko dugu. Sigi-sagan baserrien artean jaisten den errepidetik Beizamara jaitsiko gara bidegurutze desberdinetan baserrien izenak adierazten dituzten egurrezko hesolak ikusita. Azken zatia errepidean zehar beteko dugu.