Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Bertxingo eskailera

'[1]

Bertxingo eskailera
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Leitzaran, Otieta, Bertxingo zentrala, Mandabieta, Goiburu auzoa, Unanibia zubia
Distantzia 7,4 km. 2 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Zentralera ura ekartzen duen hoditzarraren ondotik, 500 eskailera maila estuez baliatuko gara goiko kanaletara igotzeko.
Abiapuntua Otieta (Andoain)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lurrek bat egiten duten inguruan, urte luzeetan gizakiak hango urak baliatu ditu hala edo nola bizi ahal izateko. Gaur egun, aldiz, jarduera horien arrastoak nonahi agertzen dira, eta garai batean gizakiak eraldatu zuen inguru hori natura eta kirolzaleen gozamenerako gune bilakatu da. Leitzarango Uraren Interpretazioa gunean dagoen Bisitarien Etxetik abiatuta, zenbait ibilbide egin daitezke Leitzaran haranean zehar, oinez zein bizikletaz. Proposatzen dituztenen artean Jauzi Handia izeneko ibilbide ikusgarria bezain ziragarria aukeratu dugu.

Bertxingo eskailera

aldatu

Otietako Leitzaran Ibaiko bisitarien zentroaren goialdean dagoen aparkalekutik abiatuko gara Plazaolako Tren-txikiaren arrastoan. XX. mendean martxan jarri zuten trenbide hori, hasieran mineralak garraiatzeko erabili bazuten ere, gerora bidaiariak garraiatzeri ekin zion. 1953. urtean gertatu ziren uholdeen ondorioz, tunelak, zubiak eta abar suntsitu ondoren, trenaren azkena izan zen. Ibiltari eta txirrindularien artean, bide asfaltatutik aurrera egingo dugu. Berehala, gure eskuinera amuarrain haztegi baten aztarnak ikusiko ditugu, erabat utzita. Bide seinaleek erakutsiko digute non dagoen kokatuta Olaberriko zentrala eta presa. Antzinatik ustiatu izan da Leitzaran ibaiaren ura, eta hantxe eraiki izan dira errotak, burdinolak eta zentral txiki elektrikoak. Gaur egun, Leitzaranen zortzi zentral txiki eta 11 presa daude, baina horietako presarik handiena, Inturiako presa hain zuzen ere, joan den abuztuan eraitsi zuten, hango arrainen igarotzea errazteko. Presa horien alboetan ikus daitezke arrainen ibiltzea ahalbidetzen duten eskalak.

Plazaolako bidea utzi eta eskuinaldetik ateratzen den pistatik jaitsi gara Bertxin eta Leitzarango zentral txikien ondora. 500 Eskailera Mailen Zentrala esaten diote lehena; eta 1.000 eskailera-mailen zentrala, bigarrena. Eta ez da zaila izen horien jatorria asmatzea. Bi zentraletara ura daramaten bi hodien parean hedatzen diren eskailera amaigabeak ikus daitezke. Luzeena baztertu, eta Bertxingoa aukeratuko dugu gure ibilaldiari segida emateko, erakargarriagoa baita. 95 metroko jauziarekin kanaleko ura zentralaren turbinara eramaten duen hodiaren parean jarri, eta emeki-emeki ekingo diogu igoerari. Lehen izerdi tantak irristatzen hasi orduko, bide erdia beteta izango dugu, eta zatirik pikoenari aurre egiteko barandari heldu, eta aurrera. Gora heltzean ohartuko gara igoera honen ikusgarritasunaz.

Unanibiako zubia

aldatu

Atseden txikia hartu, arnasa berreskuratu, eta kanalaren ondotik egingo ditugu hurrengo urratsak. Pista zabal batek behin eta birritan pasatuko da 1.000 eskailera mailen gainetik, eta gertu dagoen gainezkabidetik jaisten den ur emariaren ondotik. Uraren indarrak sortzen duen hotsak inguru guztia blaitzen du. Erraz lortuko dugu goiko kanal zabalera igotzea, eta horren paretik ibiliz, ura askatzeko eraikuntza bitxi bat ikusiko dugu; oso berezia da, esku ahurraren itxura baitu.

Eraikuntza berezi hori eta kanala atzean utziko ditugu, eta, xenda nabarmena jarraituz, erraz helduko gara Mandabietako bidegurutzera, Villabonatik datorren PR-GI 120 bide balizatuarekin bat eginez. Tarte batez, Leitzarango harana atzean utzi, eta Andoain aldera zabaltzen den Goiburu auzora jaitsiko gara hesi eta soro artean. Gure ezkerrera, beheko aldean golf zelaia utzita, Txertota jatetxe eta landetxe dotorearen ondora helduko gara. Toki horretan, bide nagusia utzi, eta, eskuinetik beherantz eginez, azkar jaitsiko gara Leitzaran ibaira, Unanibiako zubiaren ondora hain zuzen ere.

XIX. mendean eraiki zuten Sorginen zubia deritzon inguruko harkaitz batek duen formagatik. Zubia atzean utzi, eta Otietako Leitzaran Ibaiko bisitarien zentroaren ondora iritsiko gara. Han dagoen Uraren Interpretazio Gunea bisitatu, eta azken aldapari ekingo diogu aparkalekura heldu aurretik.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua