Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Bizkaia Zubitik Algortako Portu Zaharrera
Abraren ondotik doan ibilaldi ederra dugu hau (gutxi gorabehera, ordubetekoa).
Bizkaia Zubitik Algortako Portu Zaharrera | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Areetako kosta, Algortako Portu Zaharra |
Distantzia | Ordubeteko paseoa |
Ingurunea | Eraikin babestuz beteriko ibilbidea, jauregi ugarirekin |
Abiapuntua | Bizkaia Zubia, Getxo |
Ibilbidea
aldatuBizkaia Zubiko (esteka kanpoko orri batera, orri berria irekiko da zure nabigatzailean), edo zubi eskegia lagunartean, burdinazko egitura da (Eiffel dorrearen antza izugarria dauka), eta Getxo nahiz Portugalete lotzen ditu, Nerbioi ibaiaren itsasadarraren gainetik. Alberto Palaciok diseinatu zuen zubia, eta 1893ko uztailean amaitu zuten. Beraz, ehun urte baino gehiago dauzka.
2006ko uztailean “Bizkaia Zubia” Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Euskadin Gizadiaren Ondare izendatu den lehen gauza eta Espainiako Estatuan Industri Ondare izendatu den lehen gauza da.
Bizkaia zubitik berrehun bat metrora, parke txiki eta txukuna aurkituko dugu. Bertan, Evaristo Txurruka ingeniariari eskainitako eskultura-multzoa dago. Txurrukak Abrara sartzeko bidea erraztu zuen. Izan ere, XX. mendearen hasiera arte, oso arriskutsua zen itsasadarrera sartzea, hondarpe batek oztopatzen baitzuen sarrera. M.G. Salazarrek egin zuen monumentua 1939an, eta horren bitartez, gizakiaren eta itsasoaren arteko borroka irudikatu zuen.
Areetako kaitik zehar joanda, ontziratzeko tokia eta Abrako Itsas Elkartearen instalazioak ikus daitezke. Leku horretan, Getxoko Jose Luis Ugarte itsasgizonaren omenezko bela eskola dago. Jose Luis Ugarte nazioarteko estropada entzutetsu batzuetan hartu du parte, hala nola, "Boc Challenge" eta "Vendeé Globe" izenekoetan.
Eraikin eder-ederrak ikus daitezke kai osoan, besteak beste:
- Itxas-Begi (Zugatzarte, 27): 1927an taxuturiko eraikina. Rafael Garamendik diseinaturiko eraikin hori euskal jauregi-arkitektura eta ingeles kutsuko arkitektura uztartzen ditu.
- Kai-Alde jauregia eta Luis Allende jauregia (Zugatzarte, 51 eta 55): Irlandako jatorria zuen Manuel Mª Smith bilbotar arkitektoak diseinatu zituen biak, 1925ean. Harlanduz egindako eraikin bikainak dira.
- Cisco etxea (Zugatzarte, 61): Eskandinaviar moldeko jauregitxoa da, hori ere Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua (1909-1911). Gero, zaharberritu zuten, aparteko molde barrokoaren arabera. Halaber, Ana erreginaren arkitektura moldearen xehetasun batzuk erantsi zizkioten.
Cisco etxea igarota, ezkerrera egingo dugu, Arriluzeko itsasargirantz. Hala, "Urrezko miliara" iritsiko gara. Hantxe, itsasoaren aurrean eta lorategiz beterik dagoen pasealeku batean, jauregitxo eta etxe bikain ugari ikus daitezke.
Jauregitxo eta berealdiko etxe horien artean, honako hauek dira nabarmenenak:
- Lezama Leguizamón (Atxekolandeta, 1, Algorta): J. M. Basterrak eginiko jatorrizko proiektua (1902) kontuan harturik, moldaketa eta berrikuntza gehien izan dituen etxea izango da. Manuel Mª Smith arkitektoak egin zuen proiektuaren azken moldaketa, 1921 aldean. Jauretxe dotore hori handia-handia da; Salamancako Monterrey jauregian oinarriturik dagoen erdiko dorrea gailentzen da.
- Mudela jauregia (Atxekolandeta, 3, Algorta). 1910eko eraikina da, Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua. Lau angeluko oinplanoa dauka, eta harri-horma entokatuz eta harlanduz eginda dago.
Ampuero jauregia (Atxekolandeta, 9. Algorta). Manuel Mª Smith-ek diseinatu zuen 1928an. Batez ere, harlanduz eginda dago. Bestalde, neomenditar moldekoa da, garai hartako beste eraikin asko eta askoren modukoa.
- Aizgoyen baserria (Atxekolandeta, 13. Algorta). Manuel Mª Smth Ibarraren obra zahar eta esanguratsuenetako bat dugu. Hain zuzen ere, 1910ekoa da, eta euskal baserrietan oinarrituriko erregionalismo-lan bikaina da. Harriz eginda dago.
- Arriluze jauregia (Atxekolandeta, 15. Algorta) José Luis de Oriol-ek diseinaturiko eraikin hori 1913an amaitu zuten. Egitura eta apaindura atalak nagusi dira eraikin horretan. Horrela, jauregiak Erdi Aroko itxura du, eta Britainia Handiko Ana erreginaren eta Victoriar moldeetako kutsua du.
- Atxekolandetako galeria edo Begoña lurmuturra (Algorta). Kostaldeko eitearen arabera egokituriko galeria handia da, zutabeduna eta balaustredun zabaltza batek estalia. Arriluzeko magala bermatzeko asmoz egin zen, Horacio Etxebarrietaren etxearen barruan (gaur egun ez da ia ezer geratzen). Rafael Bastidak diseinatu zuen galeria, 1918an.
- Naufragoen etxea (Arriluze kaia, z/g. Algorta) 1920an dokumentaturiko etxe hori Ignacio Smith arkitektoak diseinatu zuen. Bi solairuko baserri handi baten eredura eginda dago. Izkina batean, irudi batez itsasotik ur gaineratzen diren arku zabal batzuen gainean, zirkulu-formako ebakidura duen itsasargi-dorrea dago.
Leku horretaraino iritsita, ibilbidetik aldendu eta Kirol portu berriko itsas eta aisialdi gunera joan ahal gara. Bertan, jatetxeak, tabernak, dantzalekuak, zinemak, dendak eta abar aurkituko ditugu. Arriluze kaitik oinez segituz gero, itsasargia dago mutur batean, gaztelutxo almenadun bat bailitzan. Arrantza zaleak horraino joan ohi dira.
Ereaga hondartzako pasealekutik ibilita, Algortako arrantza-porturaino -portu zaharra izenez ezaguna- helduko gara. Ibilbide honetan, Turismo bulegoa eta egoitza-eraikin dotoreak aurkituko ditugu. Eraikin horietara joatea dago hondartzatik bertatik, lorategi zainduen artean abiatzen diren bidexka eta zidorretatik.