Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Burdina garraiatzeko bideetatik

Sopuertako Alen auzoa abiapuntu hartu, eta izen bereko mendira igoko gara. Bizkaiko Enkarterrin zeuden meategietatik ateratako burdina Castro Urdialesera eramaten zuten iragan mendearen hasieran. [1]

Burdina garraiatzeko bideetatik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Alen auzoa, Sopuerta, Betaio, Alen
Distantzia 12,7 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Sopuertako Alen auzoa abiapuntu hartu, eta izen bereko mendira igoko gara. Bizkaiko Enkarterrin zeuden meategietatik ateratako burdina Castro Urdialesera eramaten zuten iragan mendearen hasieran.
Abiapuntua Alen auzoa (Sopuerta)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

XIX. mendearen bukaeran, Artzentalesko eta Sopuertako (Bizkaia) meategietako burdina Castro Urdialeseraino (Espainia) garraiatu ahal izateko, kontzesioa eman zitzaion Luis Otxaran enpresariari, Castro-Alen trenbidea eraiki zezan. Hala, 1895. urtean inauguratu zuten trena, Sorpresa, Cecilia, Federica, Amalia-Juliana eta Alen meategietatik ateratzen zuten urre gorria itsasoratzekotan. 1936ko gerraren ostean hain ziren handiak trenbidean pairatutako kalteak, non konpainiak erabaki baitzuen ustiapena bukatutzat eta dena bertan behera uztea.

Trenak Amalia-Juliana meategian zeukan abiapuntua, eta horra hurbiltzeko autoa beharko dugu, ez baitago garraio publikorik. Alen (Sopuerta, Bizkaia) auzora iristeko, Olabarrietan hartu beharko dugu errepidea. Auzora heldu eta ezkerrera sartuko gara, autoa pilotalekuaren ondoan utziko dugula. Noranzkoari eutsiko diogu (M), trenbidean, zuhaitzek osaturiko etorbidean.

Zuhaiztitik irten eta meategietako hondakinak ikusgai izango ditugu, gorantz hasi aurretik. Aldats laburra nahiz hesia bukatu eta gutxira eskumatik jarraituko dugu (IM). Beheratu egingo gara jarraian, betiere basabide nagusian. Posible izango zaigu ibilbidea laburtzea, ibiltzen hasi eta ordu erdi luzera eskuinera eta gora joanez. Eguraldia lagun, zuzen jarraitzea gomendatzen dizuegu, pistan izango dugun paisaiak merezi duelakoan, pinu eta eukaliptus larregi egonda ere. Hamar bat minutuan, beste lasterbide bat azalduko zaigu, El Somo tontortxoa ezkerrean utziko badugu. Gora jo beharrean, jaisten hasiko gara, 200 bat metroan eskumara eta gora sartuko garela, legar bidea alboratzeaz bat.

Ordunte mendilerroa, Kantabriako zein Burgosko gainak, Jorrios eta Armañon, besteak beste, nagusituko zaizkigu une oro. Ordu erdia betetzeke lasterbide biekin batuko garen elkargunera iritsiko gara, non ezkerrari emango diogun (IE), Alen eta Betaio mendien arteko leporantz. Behin helduta, eskuinera egingo dugu, segituan beheko basabidean barrena jarraituko dugula. Bost minuturen buruan, goian, eskumara joango gara (HE), bide nabarmenari bizkarra emanda. Belarrak atoan eramango gaitu Biroleo mendia inguratzen duen pistara. Hamar minutu igaro barik, basabidea baztertuko dugu, hainbat ondoen igoko garela zuzen tontorrerantz.(1693)

Alen mendiko gailurretik (803 metro, buzoi bi, oroitarria, xafla eta erpin geodesikoa) ikuspegia paregabea da: itsasoa ikusteaz gain, besteak beste, Gorbeialdea, Legarmendi, Grumeran, Gorobel zein Ordunteko gainak eta Kantabriako nahiz Burgosko hainbat mendi begiztatuko ditugu. Atsedena hartutakoan, atzera egingo dugu 200 bat metroz. Biroleoko lepoan eskuineko pistari emango diogu (HE), lehenengo bihurgunean ezkerrera joango garela. Bide nagusiak elkargune handira eramango gaitu 30 bat minutuan, pinuak nahiz izeiak lagun.

Hemendik aurrera beherantz egingo dugu elkargune guztietan, harik eta hamar bat minuturen buruan trenbidearekin topo egiten dugun arte. Eskumatik segituko dugu, berehala tuneletara iritsiko garela. Umeak bidaide, eskuargiak pizteko garaia helduko zaigu. Hala izan ezean, arazorik gabe zeharka daitezke biak, batez ere lehenengoa, baina kontuan hartu bigarrena urez gainezka egon daitekeela. Horrez gain, jakin behiek erabiltzen dituztela egun sargoritsuetan freskatzeko. Hortaz, umeekin edota lagun beldurtiekin arretaz ibiltzea ez dugu soberan izango. Irten ostean, bide gozoak inolako zailtasunik gabe abiapunturaino eramango gaitu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua