Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Buruntza Lasarte-Oriatik

Azkorte eta San Roke ermiten artean, Buruntzako tontorra eta gurutzea nabarmentzen dira Andoain eta Lasarte-Oria artean. [1]

Buruntza Lasarte-Oriatik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Lasarte-Oria, Azkorteko ermita, Buruntza, San Roke ermita, Benedika
Distantzia 13 km. 3 ordu ea 45 mn.
Ingurunea Azkorte eta San Roke ermiten artean, Buruntzako tontorra eta gurutzea nabarmentzen dira Andoain eta Lasarte-Oria artean.
Abiapuntua Lasarte-Oria
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Buruntza mendiaren tontorrera igotzeko hainbat abiapuntu ditugu: Andoain, Azkorte ermita, Urnieta eta Lasarte-Oria. Ibilbide zirkular bat osatzeko asmoz, Lasarte-Oria herria aukeratu dugu, eta, horrela, tontorrera igotzeaz gain, Azkorteko ermita eta San Rokekoa ezagutzeko parada izango dugu.

Lasarte-Oriara Plazaolako trena heltzen zen lekutik abiatuko gara. Plazaolako trenak Donostia eta Iruñea lotzen zituen trenbide estuko burdinbidea zen. 1904an martxan jarri, eta 1958an itxi zuten betirako. Gaur egun, burdinbide horren zati luzean bide berde gisa erabiltzen dira. Baina trenbidea bi tartetan eraiki zen: lehen tartea Plazaola eta Andoain artean eraiki zen, Bizkotxeko meatzetatik (Leitzaran) ateratako mea garraiatzeko. Bigarren tarteak, berriz, Iruñea Pasaiako portuarekin lotzeko asmoari erantzun nahi zion, eta, horrela, Iruñea eta Plazaola tartea 1910ean hasi zuten eta Andoaindik Lasartera zihoana urtebete geroago.

Abiatu bezain pronto, tunela igaro, eta bide berde modura egokituta dagoen pista zabalean zehar erraz egingo dugu aurrera. Bide hori amaitzean, errepidearekin bat egin, eta maldan gora abiatuko gara bidegurutzera heldu arte. Marka hori eta urdinek bidea aukeratzen lagunduko digute; hasieran porlanezko bidetik eta gero lurrezkotik altuera irabaziz.

Buruntzaren magalera gerturatuko gara, baina aurrez Azkorteko ermita ederraren ondora ailegatuko gara. Ermitaren barruan, Azkorteko Kristoa ikus daiteke, XIII. mendeko tailla gotikoa. 1970. urtean, harrobiaren lanak direla eta lur-jauzi batengatik ermitaren zati bat erori, eta guztiz bota behar izan zen. 1972. urtean, berriro eraiki zen, gaur egun ezagutzen dugun bezala, zegoen lekutik ehun metrora, Burundaingo zelaietan. Baselizari bizkarra eman eta aurrez aurre dugun malda pikoari ekingo diogu. Lehen malda gainditu, pinudiaren paraleloan segi eta otadian marrazten den azken xenda pikoari helduko diogu. Gora heltzean, erpin geodesikoa eta ehunen bat metro aurrerago segituz gurutzea eta buzoia.

Andoain aldera jaisten hasiko gara, baina berehala markak utzi, eta, eskuin aldetik zabaltzen den bide zabaletik, aterpe batetik gertu dagoen San Roke ermitara jaitsiko gara. Bideari sigi-sagan segituz, bidexka harrobiaren ondotik pasatu, eta altuera asko galduko dugu. Bidea leundu, eta, Buruntzaren magal osoa zeharkatzen duen bidetik, berriro Azkorteko ermitaren ondora iritsiko gara. Lehen egindako bidearen zati bat beteko dugu segidan, baina, berehala, ezker aldeko bidetik errepide bateraino jaitsiko gara.

Errepidea utzi, eta eskuinetik Benedika tontorrera igoko gara laster batean. Buzoi berri eta dotorea hantxe. Xenda, hasieran, eta pista zabala segidan Lasarte aldera jaisten hasiko gara. Ierdiko bidegurutzean eskuin aldera hartu, eta, lehen etxea pasatu bezain azkar, eskuinetik zelaian marrazten den bidetik erreka ondoraino jaitsiko gara baratze artean. Aurrera segi, eta, Oztarango lehen etxe atean, berriro Plazaolako bide berdera igotzeko bidea hartuko dugu, tunela berriro igaro eta abiapuntura iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua