Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Cantoblanco gaina

Lakozmonte ibarraren hegoaldean goititzen da Cantoblanco. Tentagarria izaten da hegiz hegi eta goxo-goxo gailurreria biluzian barrena ibiltzea. [1]

Cantoblanco gaina
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Cantoblanco, Gesaltza Añana
Distantzia 10,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Lakozmonte ibarraren hegoaldean goititzen da Cantoblanco. Tentagarria izaten da hegiz hegi eta goxo-goxo gailurreria biluzian barrena ibiltzea.
Abiapuntua Gesaltza Añana
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Cantoblanco tontorra Gesaltzako ibar sonatuaren iparraldean goititzen den gandor ezaguna ere bada. Gailurretik ikuspegi ederra dago Arkamu mendigune aldera, baita Lakozmonte izeneko ibar ezkutu aldera ere. Bide ugari izaten dira mila metro eskas neurtzen duen kasko luze eta biluzira igotzeko. Axkoeta, Atiaga, Basquiñuelas eta Gesaltza aukera batzuk dira.

Hara heltzeko ahalegin handirik ez baita egin behar, atsegin handiz egin daiteke igoera, familian nahiz lagunartean. Ezin hobea, beraz, goiz eder batez gozatzeko. Hegoaldeko mazelak leunak dira, eta, ibilian-ibilian, artadia eta pinudia zeharkatzen ibiliko gara gainaldeko lerrora iritsi arte.

Ibilbide posible guztietatik, Gesaltzakoa aukeratu dugu oraingoan (Araba). Añana hiribildu historikora Tejerako mendatetik hurreraturik, eskuinaldera egiteko agintzen duten bide seinaleei jaramon egingo diegu, eta herriko muinoz beste aldean egokitu duten aparkalekuan lagako dugu autoa. Herriko igerilekuak igarota, beste aukera bat dago zabalgune egokitu horretara iristeko. Erdi Aroko harrizko gurutzearen ondoan abiatuko gara, beraz. Herriari bizkar emanda eta La Uña mendira doazen seinaleei muzin eginda, urratsak egiten hasiko gara iparraldera. Oraingoz, porlan bidean aurrera. Intxaurrondo baten ondora iristean, ordea, GR 1 zidorrak egin bezalaxe, ezkerrera egin eta beste bidebanatze baten aurrean izango gara laster.

Orduan, eskuinera okertu, eta maldan gora jarraituko dugu. Aldatsa amaitu gabe, baina, GR 1 zidorra guregandik aldentzen dela ikusiko dugu. Guk, zuzen-zuzen, noranzkoa aldatu gabe. Aldapa leuntzen denean, berriz, nekazari bideak Vallondoko ibar aldera jaisten lagunduko digu. Zoko-moko horretan ikusiko dugun errekastoa gurutzatu eta ezkerreko basabidea hautatuta, goratasuna hartzeari eutsiko diogu. Harrizko etxalde baten ondoan jarriko gara bizkor-bizkor. Eskuinera egingo du orduan, aurrean dagoen basorantz aurrerapausoak egingo ditugula. Artadian barrena goratasuna hartuko dugu, eta bizkor baino bizkorrago langa batekin egingo dugu topo. Barrera igaro eta bidea leuntzen dela ikusita, parada itzela izango dugu zuhaitzen udazkeneko koloreez gozatzeko. Edanleku zahar bat atzean utzi eta metro gutxira, ur-putzu batera helduko gara. Atiegatik igotzen den bidea ezkerretik batuko zaigu. Aurrera eginez, ordea, azken ahalegina egingo dugu Altolimpioko tontortxora igotzeko. Behin gainaldean, eskuinera egin eta gandorra mugatzen duen hesiaren paraleloan jarraituta, Cantoblancora helduko gara. Lakozmonte ibarra ipar isurialdean ikusiko dugu, baita Axkoeta eta Artatza herriak ere.

Gesaltzara itzultzeko, atzera egin, eta lehen igarotako barreraino jaitsiko gara. Gero, hura zeharkatuta, maldan behera jarraituko dugu, bide harritsu batetik. Azkar jaitsiko gara hegoalderantz. Hala, labore soroen artetik igarota, nekazari bideak Los Mojones izeneko lepoan jarriko gaitu, hots, Gesaltza eta Basquiñuelas herriak lotzen dituen bide asfaltatuan. Eskuinetik ekinda, jaistera xumea egingo dugu Gesaltza hiribildura.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua