Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Cobarongo burdinbidea

Burdin meatzaritzaren aztarna franko aurki daitezke Euskal Herrian. Adibidez, euskal itsasertzaren mendebaldeko Muskiz herriko Cobaron eta Pobeña auzoen artean. [1]

Cobarongo burdinbidea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Muskiz, La Arena, Mc Lennan kargalekua, Cobaron, Pobeña
Distantzia 6,5 km. Ordu eta 45 mn.
Ingurunea Burdin meatzaritzaren aztarna franko aurki daitezke Euskal Herrian. Adibidez, euskal itsasertzaren mendebaldeko Muskiz herriko Cobaron eta Pobeña auzoen artean.
Abiapuntua La Arena (Muskiz)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Ibaizabalen ezkerraldeko ibaiertzeko lurraldeak, Somorrostro izenaz ere ezagunak, Bizkaiko ekonomiaren eragile izan ziren XIX eta XX. mendean, burdin meatzaritzari esker. Burdin minerala fosforo gabea zen, altzairuaren ekoizpenerako Bessemer metodo berritzailean erabiltzeko aproposa. Gainera, erraz ustiatzen zen, eta itsasaldetik hurbil zegoen; hiru faktore horiek atzerriko kapitala erakarri zuten. Gaur egun, garai hartako burdin meatzaritzaren aztarna franko aurki daiteke. Adibidez, euskal itsasertzaren mendebaldeko Muskiz herriko Cobaron eta Pobeña auzoen artean. Cobaronen burdin mea ateratzen zen, eta Pobeñan itsasoratzen zen, eta batetik bestera eramateko ia 3 kilometroko ibilbidea zuen trenbidea egin zen. Gaur egun, burdinbidea pasealeku lasaia bihurtu da, itsas brisaz eta usainaz gozatuaz meatzaritza lan bizi haren arrasto arkeologikoak ikusi eta gure historia ez ahazteko.

Ibilaldia hasteko leku aproposa da Arena hondartzako aparkalekua. Kolorea gorrixka eta osaera burdintsua duen harea zapalduaz mendebalderantz jo behar da, Barbadun errekaren gaineko zubi erraldoia zeharkatuz. Bertan itsasoratzen da aspalditik gaixo etorri izan den erreka. Gaur egun, aldiz, haren osasun onaren adierazle dira metro batzuk aurrera leheneratzen ari diren padurak eta, noski, hartara urtero datozen lertxun eta ubarroiak, nahiz eta Iberiar penintsulako petrolio findegirik handiena ondoan egon.

Zubia zeharkatu eta ezkerretara dauden eskailera luze eta aldapatsuetatik igo behar da kostako ezpondara, landaredia hostotsuak osatutako tunel fresko eta hezeak babesturik. Goiko ikuspegiak merezi du eginiko ahalegina eta arnasestua: Arena hondartzaren badia osoa aurrez aurre, bi lurmuturren artean gatibu. Alde batean, ibiltariak oin azpian duena; bestean, itsasotik altxatzen den Luzuero tontorra; bien artean, hondartzara erortzen diren olatuekin dantzan dabiltzan surflariak.

Berehala burdin mearen kargalekura heltzen da. Argibide taula batek honen historia eta garaiko argazkiak erakusten ditu. 1870eko hamarkadan eraiki zen McLennan mea konpainiaren aginduz, Cobaronen ustiatzen zituen Amalia, San Julian eta San Francisco meatzetatik ateratako mea itsasontzietan sartu eta Ingalaterrara garraiatzeko. Ibaizabal itsasadarreko kargatokiak ez bezala, itsaso zabalean eraikitako bakarra zen. Kairik ez zegoenez eta olatuen mendean egin beharreko lana zenez, eguraldi ona egiten zuen hilabeteetan bakarrik erabil zitekeen, hots, apiriletik urrira. Metalezko hegal luze batean zehar jaurti zen mea itsasontzien sotoetara, 1963an meatzak itxi ziren arte. Tamalez, 2008an olatu erraldoi batek eraman zuen egitura hura.

Eskailera pikoan gora, mearen biltegia inguratuz, ibilbidera igo daiteke. Hurrengo bi kilometroak amildegi eta zelai artean mea garraiatzeko trenbideak osatzen ditu. Hori ere McLennan konpainiak eraikia. Gaur egun edozein adinetako ibiltarientzat egokitua, itsasertzaren eta itsas zabalaren ikusmiraz gozatzeko. Zeruertzean itsasontzi erraldoiak ikus daitezke Bilboko itsasadarrera sartzeko ilaran. Donejakuera doazen erromesak ere bidaide dira.

Pasealekuaren erdibidean itsasoarekin lotutako beste jarduera beste baten arrastoa ikus daiteke: algak igotzeko garabi txiki bat. Amaieran aisiarako eremuko aparkalekura iristen da. Ibilaldia luzatu nahi duenak itsasertzeko pasealekuan aurrera jarraitu dezake Kantabriako Onton herriraino, bertan beste mea kargatoki bat ikusi ahal izateko. Bide honi eutsi behar zaio ezkerretara bihurgunea pasatu eta bigarren aparkalekuraino. Han Cobaronerantz jo, eskuinera egiten duen bihurgunea utzi, ezkerretara bidezidorrean sartu, eta gora egin behar da. Bi kaltzinazio laberen ondotik pasatu eta ondoko bidegurutzean ere ezkerretara hartu behar da, Pobeñara itzultzeko, oraingoan zelaien gainera eta baserri artean.

Ibilaldiaren gorenean, McLennanen kargalekuaren parean, Orconera Iron Oree konpainiaren mineral garbitegi zaharraren eraikinetara heltzen da. Zugaztigietan (8 kilometrora) ateratako minerala aireko tranbian garraiatzen zen hara, itsasoko urarekin garbitzeko. 1910ean eraikitako ingeniaritza obra horrek ez zuen parekorik Europan eta itsasoko ura Zugaztigietara eramatea baino errazagoa zen. Mea garbia bitarteko estaziora (4,3 kilometro) eramaten zen berriz, eta handik Gallartara.

Ibilaldia bukatzeko, eki-hegoalderantz jarraituaz Pobeñako eskaileretara hel daiteke. Otea asko handitu eta, beraz, zeharkaezina bada, zelaiak zeharkatuz McLennanen kargatokira jaitsi eta etorritako bidetik itzuli.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua