Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Donejakue bidea aitzakia

Agate Deunaren baseliza, Arroletza eta Sasiburu mendiak, Erdi Aroko galtzada... zer ikusi eta zerekin gozatu asko dute Alonsotegi inguruek. Abiapuntu eta helmuga Irauregi dugula hasiko gara oinez. [1]

Donejakue bidea aitzakia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Alonsotegi, Agate Deuna baseliza, Arroletza, Sasiburu
Distantzia 10 km. 2 ord eta 30 mn.
Ingurunea Agate Deunaren baseliza, Arroletza eta Sasiburu mendiak, Erdi Aroko galtzada... zer ikusi asko dute Alonsotegi inguruek.
Abiapuntua Alonsotegi
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Urtero-urtero, Agate Deunaren egunean, otsailaren 5ean, milaka barakaldar joan ohi dira baselizaren aurrean egiten den erromeriara. Ezkerraldean ez ezik, herrialde osoan ere ezaguna den ermita bisitatzeaz gain, gailur pare bat zapalduko dugu, paisaia ederra disfrutatzeaz batera. Santutegira joateko, honako hauek dira ibilbide nagusiak: Gurutzetatik doana —ezagunena—eta Kastrexanakoa. Lehenengoa baztertuko dugu, bigarrena interesgarriagoa izango zaigulakoan. Hori bai, Irauregin (Alonsotegi, Bizkaia) abiatuko gara, zirkular erosoa egitekotan, Kastrexanako Deabruaren Zubitik (isurialde honetako ohiko abiapuntua) irten beharrean.

Tren geltokia atzean utzitakoan, behera egingo dugu, San Antolin eliza eta Kadagua ibairantz. Zubia zeharkatu barik, aldameneko errepidean barrena jarraituko dugu, ezkerretik, Urgozo auzorantz, eta 25 bat minutuan helduko gara. Trenbidea igaro eta, Agate Deuna baselizara garamatzan bide seinaleari kasu, ezkerrera eta gora joango gara. Bost minuturen buruan, ezkerrera sartuko gara, Inguraldek berreskuratutako Erdi Aroko galtzadatik barrena. Larrazabal basoko haritz eta gaztainondo artean ibili ostean, errepidearekin elkartuko gara berriro, eta bost bat minutuan Agate Deuna baselizan izango. Eskumatik segituko dugu (I), errepidean behera; bost bat minutuan ezkerreko pistari ekingo diogu, gora, eta Donejakue bidea alboratzearekin batera. Hogei minutu luze igaro ondoren, jada zementua lur bilakaturik, ezkerreko bide irekiari emango diogu, gasbide zabalean gora atoan. Hamar minutu nahikoa izango zaigu Arroletzako tontorrera iristeko (454 metro, xafla eta buzoia).

Gailurreko eukaliptoek zein akaziek bista oztopatzen badigute ere, Argalario, Serantes, Jata, Sollube, Ganguren eta Oiz begizta ditzakegu, besteak beste. Sasiburu hurkoak panoramika hobea eskaintzeaz gain, leku egokiagoa da mokadua hartu edota umeak olgetan ibiltzeko. Goiko aldean jarraituz, ordu laurden bat beharko dugu aipaturiko tontorrean izateko.

Sasiburutik (459 metro, buzoia eta orientazio mahaia) Ganekogorta, Gallarraga, Eretza, Ganeroitz eta Argalario mendiak nagusituko zaizkigu bertatik. Atsedena nahiz mokadua hartu ostean, belardian beheratuko gara (M), argindar dorreetarantz. Lur pista zapaldu gabe, ezkerrera jo, dorreekin batera (HE). Bost minutuz jaitsi ondoren, errekastoa zeharkatuko dugu; urik balego, jakina. Bizpahiru minuturen buruan, argindar dorrearen ondoko zuhaitza ezkerrean utzi, eta eskuineko pistan behera egingo dugu (H). Berehala iritsiko gara etxaldera, atea ondo itxitakoan. Porlana lagun beheratuko gara, eta bost bat minutuan ezkerrera joango, marka zuri-gorriekin bat. Zamundi auzoa atzean, Torregoikorantz daraman eskumako bideari jaramonik ez, zuzen joko dugu. Sasia auzoaren ondoko harizti ederra zeharkatu ondoren, eskuinera joko dugu lehenengoan (H), eta minutu pare batean abiapuntura ailegatuko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua