Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Donostiako itzulia
Kontxako badiaren eremu ezagunetik harago, ibilbide honetan aukera paregabea dago hiriaren inguruko paisaia ezagutzeko. [1]
Donostiako itzulia | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Donostiako itzulia |
Distantzia | 51,2 km. 16 ordu. |
Ingurunea | Kontxako badiaren eremu ezagunetik harago, ibilbide honetan aukera paregabea dago hiriaren inguruko paisaia ezagutzeko. |
Abiapuntua | Donostiako udaletxea |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuGipuzkoako hiriburua inguratzen duten paisaiak ezagutzeko ibilbide zirkular honek mota guztietako postalak erakutsiko dizkigu. Gune turistikoenak zeharkatu eta gero, oraindik nekazaritza lanbide duten hamaika baserriren ondotik pasatuko gara, haien zelai eta landak zeharkatuz. Uliako itsaslabarretan marrazten diren xendetan murgildu aurretik, Pasaiako portu inguruko joan-etorriak gertutik ikusiko ditugu. Eta, azkenik, hiriko zenbait auzoren egunerokoa bertatik bertara dastatu. Bide osoa marra zuri eta urdinez balizaturik dago, eta, horiei segituz, ez dago galtzerik.
· 1. etapa
aldatuUdaletxearen ondoan elkartu, eta handik abiatuko gara Kontxako pasealekuan zehar. Ondarretako hondartza atzean utzi, eta Erregeneko etxe handiaren ondotik Valentin merenderora igoko gara. Segidan, Igeldo herrirantz zuzenduko gara, hormigoizko pistan zehar. Kantauri itsasoa aurrez, herria zeharkatu, eta Igeldoko Meteorologia Behatokiaren ondotik pasatu ostean, Igarako erriberara jaitsiko gara mendiaren hego magaletik. Han, hegoaldeko zuhaitz igel endemikoaren habitat naturala ikusi ahal izango dugu. Usurbilgo lurrekin muga eginez, autobidearen azpiko aldetik igaro, eta Añorga auzora jaitsiko gara, baserri eta nekazaritza lurren artean. Etapa amaitzeko, bidegorritik Añorga Txikira helduko gara.
· 2. etapa
aldatuAñorga Txikitik abiatu, trenbidea gurutzatu, eta malda piko bati ekingo diogu, Miramongo lurretan dagoen Katxola baserri zaharberrituaren ondoraino. Maldan behera jo, eta Miramongo Parkean murgilduko gara. Gertu dauden Arbideko dorre dotoreen ondotik pasatuko gara, eta aurrerago, Zientzia Museotik. Oriamendi gainera heltzean, Hernaniko lurrekin muga egiten duen Basozabaleko nekazaritza ingurunetik beherantz, Urumearen ibarrera jaitsiko gara. Trenbidearen paraleloan hedatzen den pista zabaletik, Martutene auzoan sartuko gara. Sagardotegien erreinutik gertu dagoen Antondegi muinora igoko gara, behean ikusiko dugun 27 Poligonoko industrialdera zuzenean jaitsiz.
· 3. etapa
aldatuUrumea ibaiaren paraleloan, kanaberen artean aurrera egingo dugu, Loiola auzora iritsi arte. Zubia gurutzatu, eta, berehala, maldan gora jarriko gara militarren kuartelaren ondotik Ametzagañako parkera igotzeko, garai batean gotorlekua zegoen lekuraino. Gaur egun, gotorlekuaren hondarrak ikus daitezke. Garbera merkataritza gunearen ondoan dagoen Lauaizetara zuzenduko ditugu gure urratsak. Hormigoizko pistatik, Pasaiako lurrekin muga egiten duen Molinao auzorantz jaitsiko gara, eta, sartu aurretik, berriro maldan gora jarriko gara, Altza auzora —garai batean herria zen— igotzeko. Auzoko kale artean, behean ikusiko dugun Pasaiako portura jaitsiko gara segidan, eta, kaiaren paraleloan, Intxaurrondoko parkera iritsi, eta Mirakruz gaina zapalduko dugu.
· 4. etapa
aldatuEtaparik gogorrena baina ziurrenik ederrena dugu hau. Arzak jatetxearen ondotik malda pikoari eutsi, eta garai batean gotorlekua egon zen lekuraino igoko gara. Malda azkar batek Platako itsasargiren ondoraino jaitsiko gaitu, Pasaiako portuaren bokalaren gainera. Hortik aurrera, Uliako itsaslabarretan marrazten den zidor eroso eta eder batek Uliako atsedengunera eramango gaitu lehenik, eta, gero, maldan behera, Sagues auzora, Zurriolako hondartzaren parera. Kursaal jauregia atzean utzi, eta, Alde Zaharra zeharkatu eta gero, Urgullera igoko gara, hiriaren talaiarik ederrenetako batera; handik, lau etapen ikuspegi ia osoa edukiko dugu. Urgulletik jaitsi, eta udaletxean amaituko dugu etapa hau.