Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Eako ondare hidraulikoa
Iraganean, Eak lotura hertsia izan zuen uraren indarrarekin. Egokitu berri duten burdinola zaharra bisitatuko dugu orain, urari jarraituz. [1]
Eako ondare hidraulikoa | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Ea, Olagorta, Alloa auzoa, Urtubiaga burdinola |
Distantzia | 7 km. 2 ordu eta laurden. |
Ingurunea | Iraganean, Eak lotura hertsia izan zuen uraren indarrarekin. Egokitu berri duten burdinola zaharra bisitatuko dugu orain, urari jarraituz. |
Abiapuntua | Ea |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuHondakin susmagarri batzuk ikusiko ditugu Eako hosto zabaleko basoaren altzoan. Behialako burdinola zaharrari dagozkio hondakinok, ikerlariek aditzera eman dutenez. Eako ondare hidraulikoaren balio etnografikoaz oharturik, Eusko Jaurlaritzak merezitako babesa eman zion multzoari 2013an. Urtubiaga izena hartu zuten burdinolaren arrasto ikusgarriak, beraz, zutik daude oraindik zoko batean, erreka xumearen ondoan. Egun, herriko plazatik abiatzen den xenda batek parke arkeologikoraino lagunduko digu, eta, monumentu osoa babesturik dagoenez, oinezkoek aukera izango dute eraikinaren iraganaz jabetzeko talaia egokitu batetik. Bisitariek egur-ikatz biltokiak, burdindegia eta errotaren egitura bistaratuko dituzte, besteak beste, paraje hidraulikora hurreratzearekin batera.
Burdinolaren arrastoak ikertu dituztenek argi azaldu dute Eako bazterretan aspaldikoa dela uraren indarraren erabilera. Burdinolari buruzko lehen aipamenek Erdi Arora jauzi eginarazten badute ere, gaur egungo eraikin handia XVIII. mendean berreraiki zuten. Bistan da burdinolaren azken jabeak ederki asmatu zuela ekoizpen siderurgikoari egoki erantzuten. Fabrikak mende bat baino pitin bat gehiago eman zuen, Eako zoko-mokoek burdina ekoizteko baldintza ezin hobeak betetzen baitzituzten. Alde batetik, inguruko basoek ikatza ekoizteko egur preziatua hornitzen zuten; bestetik, Eako portuaren hurbiltasunak burdin meak eta ekoitziriko burdina garraiatzeko bidea eskaintzen zuen.
Urari jarraituz
aldatuEako herrian (Bizkaia) hasiko dugu ibilbidea. Herrira iristean, Donibane plazan ezkerrean hartu, eta, udaletxearen eretzetik igarota, egokitutako zabalgunean utziko dugu autoa. Esparru horren muturrean Legartza. Ura jarraituz izena duen ibilbidearen bide-seinalea ikusiko dugu. Bidexkari segika, beraz, Legartzarako bideari oratu eta Goikoetxea baserri eta errota izandakoaren parean jarriko gara ziztuan. Lehen bidebanatzean, eskuinera hartu eta errekaren parean jarraituko dugu. Natxitukue nahiz Ura jarraituz ibilbideen arrastoak baliatuko ditugu basabidean aurrera ekiteko. Lizarrak, gaztainondoak, haltzak eta hurritzak lagun, pista batera irtengo gara. Ezkerretik egingo dugu han, antzinako Legartza errotarako bideari ongi helduta. Errekazulora iritsi aurretik, ezkerrera egin eta Legartzako basoan barrena jarraituko dugu.
Pinuditik irtendakoan, eukaliptoei egokituko zaie lekukoari oratzea. Basabideak eskuinera hartuko du gorago. Legartzabeko baserria magalean ikusiko dugu, erortzeko arriskuan eta landaretzak janda. Basabideak sigi-saga egingo du basoan barrena, eta bidebanatze baten aurrera jarriko gaitu. Astegiko tontorrera eta Olagortako baserrietara doan bidea hartu ordez, ezkerrera joko dugu bidebanatze horretan. Bidea oztopatzen duen barrera bat ikusiko dugu berehala. Langa zeharkatu gabe, eskuinera egin eta, xendari men eginez, Olagortako tontorrari gortea egitera abiatuko gara. Igoera xume horren ondoan, goratasuna galtzeko abagunea baliatuko dugu atseden hartzeko. Hurrengo bidebanatzean, ezkerrera egin, eta, Alloako Bizkarra osoki korriturik, Alloa auzora iritsiko gara. Alloanagusia, Alloagoikoetxea eta Alloabengoetxea baserriak ikusiko ditugu han.
Basabideak trazadura ona hartuko du orduan, eta, hari jarraiturik, goratasuna galtzen hasiko gara. Porlanezko bidea hasiko da laster. Otegiranzko bidebanatzean, eskuinera hartu eta Albizerreketara iritsiko gara. Oiarberako errepide estura irten gabe, ezkerrera egiteko esango digu bidezidorrak, baita Argiñerrekaren paraleloan jarraitzeko ere. Haltzadiak lagundurik, Urtubiagako burdinola zaharra baliatzen zuen urtegiko presara helduko gara. Ubideari jarraikiz, zutik dirauen multzo hidraulikoaren parez pare izango gara berehala. Bide nagusitik jarraituko dugu Earaino, bertan amaitzen baita baserriak, errota eta burdinola erakutsi dizkigun zidorra.