Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Elezahar askoren gordeleku isila
Sansonek harria habailan jarri eta Aranoko herriko plazan dantzan ari zen jendetzari jaurti egin zion. Jaurtitzerakoan irrist egin, eta, Aranon erori beharrean, egun dagoen lekuan geratu da: Aballarriko Haitza. [1]
Elezahar askoren gordeleku isila | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Besabi, Eteneta, Onddo, Adarra, Aballarri, Onddi |
Distantzia | 14 km. 3 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Sansonek harria harbailan jarri eta Aranoko herriko plazan dantzan ari zen jendetzari jaurti egin zion. Jaurtitzerakoan irrist egin, eta, Aranon erori beharrean, egun dagoen lekuan geratu da: Aballarriko Haitza. |
Abiapuntua | Besabi (Urnieta) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAdarra mendia, Gipuzkoako Aizkorri, Hernio, Txindoki, Aiako Harria eta Izarraitz mendiak bezala, urtean zehar bisitari franko izaten dituen klasiko bat da. Bere magalean eta ohiko bidetik gertu egon arren, mendizale gutxi batzuk baizik ez dute erabakitzen harresi itxura duen Aballarriko haitzera igotzea. Besabitik zuzenean igota, oso denbora gutxi beharko genuke tontorrera heltzeko. Beraz, ibilaldia osatzearren, Mandoegi-Adarra mendigunearen zati bat aukeratu dugu: Onddotik Oindira doan mendilerroa, hain zuzen ere.
Besabi
aldatuAdarrara igotzeko ohiko bidetik abiatu gara, baserri-jatetxearen aurrean dagoen plazatxoari bizkarra eman eta Aldapeta baserrira doan porlanezko pista hartu dugu. Lehen izerdi tantak irristatzen hasten direneko pista utzi eta eskuinera langa bat zeharkatu dugu, pagoz eta haritzez osatutako baso txiki batean murgilduz. Maldan gora, pinudiak eta pagadiak zeharkatuz, Belabietako errekaren ondora heldu gara, bidea bitan banatuz. Erreka zeharkatu, eta eskuin aldetik oso nabarmena den xenda jarraitu dugu zelai batera heldu arte. Hemendik aurrera, Adarrako ekialdeko hegala zeharkatzen duen bide nabarmena jarraitu dugu, Etenetako leporaino.
Eteneta-Onddo
aldatuLepora iritsi eta bertan ikusi ditugun Burdin Aroko mairu-baratza desberdinen aztarnen artean, Eteneta I-ekoa da nabarmentzen dena: erdian zutik, bi metro eta erdi pasatxo dituen iruinarri bikaina. Onddo gertu dago, eta oso denbora gutxi behar izan dugu tontor borobila zapaltzeko. Erpin geodesikoa, gutunontziak eta XIX. mendeko karlistadetan egindako lubakien aztarnen ondoan atsedena hartzeko une egokia. Lehen nekeak uxatu ostean, Etenetako lepora itzuli gara, urratsak Agerreko Zabalaren zelaietara zuzenduz. Adarrako tontorrera iristeko aldapa belartsu eta piko bat igo dugu.
Adarra-Aballarri
aldatuBalkoi bikaina da Adarrako tontorra, eta bertatik dagoen ikuspegia, paregabea: Aizkorri eta Aralar mendikateak, Hernio tontorra, Aiako Harria, Mendizorrotz, Jaizkibel eta makina bat herri mendi magaletan barreiaturik. Panoramika horretaz gozatu ondoren, malda belartsuan barrena Mantaleko lepora jaitsi gara —Elurzulo izenez ere ezaguna—. Horra heldu aurretik, bi elur zuloen artean, 11 metroko diametroa duen Elurzuloko mairu-baratza aurkitu dugu, alanbrezko hesi baten ondoan. Izenak dioen bezala, elur zuloak elurra metatzeko erabili ziren zuloak dira. Neguan elurra bildu egiten zuten, eta, ondo estutu ondoren, garoz estali. Udan, bero handia egiten zuenean, zulotik atera, gurdietan kargatu eta saltzera eramaten zuten. Ikusgarriena Mantaleko lepoan dagoena da.
Lepoa utzi eta hesia gurutzatu ondoren, parean dugun Aballarriko haitzerantz abiatu gara. Berehala heldu gara mendiaren oinera, baina kosta egin zaigu harresi itxura duen paretan tontorrera iristeko bidea aurkitzea. Lehen paretak inguratu, eta berehala ikusi dugun bretxa batetik kontu handiz igotzen hasi gara. Tontorrera heltzean, suziri itxura duen gutunontzia eta plaka bat ikusi ditugu. Atsedena hartzeko leku gutxi dago; hala ere, merezi du tartetxo bat hartzea eta mendi honen izenaren jatorriari buruz elezaharrak diona gogoratzea. Aita Jose Migel Barandiaranen Mitologia del Pueblo Vasco liburuan aurkitu dugu nahi genuena, eta halaxe dio: «Bada Urnieta inguruan mendi bat Aballarri izena duena (Habailako harria). Aranoko herriko plazan jendetza handia dantzan ari zela, Sansonek denak hiltzea erabaki zuela esaten da. Horretarako sahatsaren azalarekin habaila bat egin eta Buruntza menditik harritzar bat botatzea pentsatu zuen. Jaurtitzeko unean, bekorotz batekin irristatu eta indar gutxi eragin zion habailari, eta ondorioz Arano herrian erori beharrean egun dagoen lekuan geratu zen: Aballarriko Haitza edo Sansonarria».
Oindira joateko, igo garen bidetik jaitsi, pareten azpitik doan xenda jarraitu eta Sansonarri izeneko harri ospetsuaren ondora heldu gara. Hori igaro bezain laster, ordeka txiki batean, eskuinaldean eta borda batetik hurbil Aballarriko trikuharria dugu begi bistan. Bidera itzuli eta Arleorko igarobide nabarmenera iristean, lau mairu-baratzen arrastoak ikusi ahal izan ditugu. Horietatik bi bereiz daitezke, eta bata benetan ikusgarria da, itxura, tamaina eta harrien neurriagatik —5,70 metroko diametroa—; beste biak ia ezabaturik daude.
Oindi
aldatuMendia parean dugula, maldan behera abiatu eta Zuluetako lepora jaitsi gara. Pista jarraitu dugu, Bisisarobeko lepora heldu, metalezko langa igaro eta Posontarri Lepoko trikuharriaren ondora iritsi gara. Oindi mendira igotzeko, desnibel nahiko gogorra duen mendi bizkarrean zehar ikusiko dugun xendatik gora abiatu gara, eta azken metroak haitzen artean bete ditugu. Abiapuntura itzultzeko, ordea, Zuluetako lepora jaitsi gara eta bertan aurkituko dugun pista zabala jarraitu dugu.