Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Elorrioko burdin hesian zehar
36ko gerran borroka zitalen lekuko izan zen mendilerroa da ibilbide honetako protagonista. Dena, Martiartu Batailoiko komandante Pablo Beldarrainen oroimena bidaide izanda. [1]
Elorrioko burdin hesian zehar | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Elorrio, Memaia, Gongeta, Kanpazar, Intxorta |
Distantzia | 21 km. 5 ordu. |
Ingurunea | 36ko gerran borroka zitalen lekuko izan zen mendilerroa da ibilbide honetako protagonista. Dena, Martiartu Batailoiko komandante Pablo Beldarrainen oroimena bidaide izanda. |
Abiapuntua | Elorrio |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuTxekoslovakiako 16.000 fusil eta ehun bat metrailadore heldu ziren Bilbora 1936ko irailaren 23an. Gudarien artean banatu, eta, 24an, Bizkai eta Gipuzkoa arteko frontera jo zuten: Lekeitiotik hasita, Markina eta Eibar arteko Maax/Kalamua eta Akodia mendietan barrena, hegoalderago Elorrio eta Elgeta arteko Intxorta mendietan barrena, Legutioraino eta handik Urduñarantz.
Kargamentu horren 400.000 kartutxo erabili ziren urriaren lehen egunetan frankisten erasoei buru egiten Intxorta mendietako frontean. Gudarako baliabideak hobeak izan arren, armada erasotzaileak hildako asko izan zituen. Errepublikazaleen kuartel nagusia Elorrion ezarri zen, herria inguratzen zuten mendietako defentsa zuzentzeko. Memaia, Udalaitz, Kanpazar eta Intxorta mendietan barrena fronte zeharkaezina osatu zuten alderdi politikoetako eta langile erakundeetako miliziek, 1937eko apirilean menderatuak izan ziren arte. Han gertatutakoa kontatzen du Martiartu Batailoiko komandantea zen Pablo Beldarrainek, Intxorta Mendiko burrukaldiak liburuan. Gudari honen oroimenak bidaide, gizon eta emakume haiek zorrotz defendatu zuten mendilerroan zehar ibiltzea da ibilaldi honen proposamena.
Elorrioko Udaletxearen aitzinean hasi, eta San Pio kalean zehar ibili behar da, gasolindegiaren parean dagoen San Fausto Ermitaren ezkerretara Memaia kalean sartu arte. Ondoren, Arrieta kalean hegoalderantz jo behar da goraka, N-636 errepidearen azpitik pasatu arte. Mendi gunean barrena jarraitu, bigarren argindar zutoinaren ezkerrera buldozerrak urratutako bidearekin bat egin arte. Lurzoruak landaretza-estalki bi ditu: behean garoa eta goian pinu-adaburuak. Azkar igotzen da malda pikoan gora, hego-hego-mendebaldera hasieran eta ekialdera mendiaren gandorrera hurbiltzean. Pinuaren enborrean zuri koloreko marka batek erakusten du Memaiara (675 metro) heltzeko azken metroetako desbideratzea. Udalaitz eta Memaia mendien jagotza CNTaren batailoien esku zegoen. 1937ko apirilaren 20an frankistek bonbardaketa bortitzari ekin zioten euskal frontearen gainean, artilleria eta hegazkinak erabiliz. Ondorioz, bi egun geroago CNTkoak postua utzi eta Memaia eta Udalatz babesik gabe geratu ziren. Pablo Beldarrainenen ustetan, hutsegitea izan zen jada abail eginda eta kemenbako gudariekin postuak berreskuratzen saiatzea. Etsaien sarrera ekiditeko, Elorrioko kanoiek ere bi mendien arteko lepora tiro egiten zuten. Baina alferrik.
Memaia mendiaren gandorrari jarraikiz, hego-mendebalderantz esandako lepora jaisten da. Pistan, noranzko berari eutsi behar zaio 700 bat metrotan, ezkerretik datorren GR-123 Bizkaiko Bira ibilbidearekin bat egin arte. Bidegurutze nahaspilatsua da hori, Udalaitzera doan PR-GI-96 ibilbidearekin bat egiten duelako. Enborrean zuri-hori gurutzea duen bideari jarraikiz, hots, ezkerrera edo iparraldera. Marka zuri-gorriak gidari, Intxorta mendietaraino heltzen da; 1937ko apirilaren 23an frankoren soldaduek jarraitu zuten bide bera da. Baina bide erdian, Kanpazar mendateko ostatuan arrautza frijituak jateko atseden hartuko dugu.
Añabarreta tontorraren azpian, GI-2639 errepidea eskuinean utzi, eta Sagasta baserrira doan bidezidorra (GR-123) ezkerrerantz hartu beharko da, Intxorta mendien mendebaldeko magalean sartzeko. Aurrerago Intxortako atea irakurtzen den desbideratzea hartu behar da, eskuinetara Gaztelumendi (718 m) eta Intxorta txiki (715 m) arteko lepora heltzeko. Faxistek ere magal horretatik tontor horiek gainditu eta errepublikanoak bizkarretik inguratu eta menderatu zituzten. Zortzi hilabetez zorrotz eutsi zioten errepublikanoek Asensiomenditik jasotzen zuten frankisten erasoei, Elgeta eta Kanpazar arteko Partaitxi bidean, Intxorta mendien ekialdeko magalean, gogoz jasotako lubaki luzeari esker. Pablo Beldarrainen esanetan, etsaiek errepublikanoen motibazioa eta antolakuntza gutxietsi zuten beti, eta, horrexegatik, Asensiomenditik jotako erasoetan galtzaile izan ziren behin eta berriz, hildako askorekin gainera. Apirilaren 20 eta 23 artean, Alemaniarren hegazkinek gogor bonbardatu zuten lubakia, infanteriaren erasoei ekin aurretik. Baina, alferrik. Gaur, pinudiak direla eta, Gaztelumendi tontorretik bakarrik begiets daiteke borroka gunea.
Intxorta handi (743 m) lepotik ipar mendebaldera aldats pikoaren bukaeran dago. Historiaren pasarte latz hau gogoan, mendebalderantz jaitsi behar da gas naturalaren zutoin horien noranzko berean eta GR-123ari jarraitu gabe. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera hartu, eta Manun baserriaren hondarren ondotik pasatu, telebista antenara heldu arte. Gazeta auzoa ber-bertan dago, eta amen batean, Elorrio.