Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Elortxiki eta Arranoaitz, Aizkorriren magalean

Aizkorriko erraldoien mendean, Legazpi eta Zegama artean dagoen mendikate luze honetan mendi apal batzuk lerrokatzen dira. [1]

Elortxiki eta Arranoaitz, Aizkorriren magalean
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Murgi Zelai, Zegama, Ormakio, Elortxiki, Osoko zelaia, Arranoaitz
Distantzia 9,3 km. 3 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Aizkorriko erraldoien mendean, Legazpi eta Zegama artean dagoen mendikate luze honetan mendi apal batzuk lerrokatzen dira.
Abiapuntua Murgi Zelai (Zegama)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Zegama inguruko bide zaharretan zehar bete dugu gaurko ibilaldia. Antzina Donostiatik Arantzazura artzainek egin ohi zuten transhumantziaren bidearekin batera, gaur egun lasterkariek azken urteetan arrakasta handiz egiten duten Zegama-Aizkorriko mendi lasterketa ospetsuaren bideetan barna ibili gara. Bisita egin diegu iragana eta gaurkotasuna uztartzen diren bide eta zidorretan Aizkorriren magalean dauden bi mendi apalei.

Zegamatik kilometro batera eman diogu hasiera gaurko ibilaldiari, Murgi Zelai atsedenlekuan. PR-GI 136 bide balizatuaren seinale zuri eta horiak izango ditugu lagun itzuli osoan, baina, horiekin batera, tarteka PR-GI 70, PR-GI 136, GR-34 eta Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren borobil horiak ere azalduko dira. Egurrezko hesola batek erakutsi digu abiatu eta bide zuzena aukeratzen. Ezkerretik ateratzen den bide asfaltatuan bete ditugu lehen minutuak. Baserri batzuen ondotik igaro eta gero, asfaltoa utzi eta basoan murgiltzen den lurrezko bidetik hasi gara igotzen. Bide bazterrean, inguruaren zenbait ezaugarri natural erakusten dituzten egurrezko panel informatiboak ikusi ditugu.

Mendi maratoiaren seinaleak ezker aldera utzita, PRaren marka zuri eta horiek erakusten diguten norabidean pista zabal eta eroso batek Ormakioko lepora eraman gaitu. Bidegurutze horretan, eskuinetik igotzen den bideari heldu, eta Elortxira heldu gara. Ormakio eta Osokoz zelaiaren artean den tontor hori nahastezina da; garai batean antena bat zegoen eraikina egun aterpe polita eta txukuna bihurtu dute, eta inguruan, hamaiketakoa egiteko oso aproposa gertatu zaigun egurrezko mahai pare bat. Metro batzuk gorago, erpin geodesikoa eta gutunontziaren funtzioa betetzen duen kohetea.

Aizkorriko erraldoien mendean, Legazpi eta Zegama artean dagoen mendikate luze honetan mendi apal batzuk lerrokatzen dira. Elortxikiz gain, badira beste hainbat gain altuera bertsukoak direnak: Arranoaitz, Arripillata, Oamendi, Ollargain eta Otaño. Azken hori zertxobait bereizita dagoen arren, besteen artean dauden distantziak txikiak dira oso, eta erraz lot daitezke ibilaldi berean. Hala ere, asmo hori beste baterako utzi, eta aurreikusita dugun ibilbideari ekin diogu.

Gipuzkoako paisaia

aldatu

Tontorretik gertu dagoen Osoko zelaira (Usoko, Ohoso, Ogoso…) jaitsi gara. Lepoan dauden bi bordaren ondotik igaro, eta Arranoaitzera igotzeko aurrez aurre dugun aldapa motz baina pikoari ekin diogu. Alanbrezko hesia gainditu, eta tontor zabal eta garbia zapaldu dugu. Aizkorriko mendietatik amiltzen diren paretatzarrak, Aralar, Udalatx… eta Gipuzkoako paisaia osatzen duten beste hamaika mendi, herri eta ingurune gure begien gozamenerako.

Abiapuntura itzultzeko, berriro jaitsi gara lepora, eta ezker aldetik ateratzen den xendan altuera galtzen hasi gara. Lepo honetan, gure bide seinaleekin batera GR-34ari dagozkion zurigorriak ere aurkitu ditugu, eta ibilbidearen zati bat antzina artzainek beren ganaduarekin batera ibilitako bide honetatik beteko dugu. GR-34a Donostiatik Arantzazura artzainek egin ohi zuten bidea da. Ibilbide horren lehen aipamenak XI. mendekoak dira; beraz, antzina artzainek ganadua neguko larreetatik udaberri eta udako larreetara eramateko erabili ohi zuten.

Basoa ateratzeko egin dituzten pista zabalek ibilbide zahar honen tarte batzuk hondatu egin dituzte; hala ere, zatirik handiena basoan marrazten den xenda erosoak osatzen du. Bidegurutze nabarmen batera heldu eta bi bideak bereizten diren lekuan, ezker aldera doan transhumantzia bidea utzi eta eskuinera zuzentzen den pistari heldu diogu, bide seinale zuri eta horiei jarraituz. Balizatzearekin erne ibili behar izan dugu, zenbait lekutan ikusgaitz gertatu zaigu eta. Mendiaren magalean bideak egiten dituen sartu-irtenak osatu eta maldan behera azkar galdu dugu altuera. Konpontzen ari diren baserri baten ondotik pasa, eta pistatik erraz egin dugu aurrera Murgi Zelai atsedenlekura iritsi aurretik bide bazterreko masustak jan eta basaranak bildu ditugun bitartean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua