Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Eltziegoko begiratokiak
Eltziego herrian begiratokiz begiratoki ibiliko gara, besteak beste, Xavier Arizaga lorategia eta Valdefrailes dorrearen hondakinak ezagutzeko xedez. [1]
Eltziegoko begiratokiak | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Eltziego, San Roke, San Vicente, Valdefrailes |
Distantzia | 7,5 km. 2 ordu eta 25 mn. |
Ingurunea | Eltziego herrian begiratokiz begiratoki ibiliko gara, besteak beste, Xavier Arizaga lorategia eta Valdefrailes dorrearen hondakinak ezagutzeko xedez. |
Abiapuntua | Eltziego |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuEltziegoko (Arabako Errioxa) bazterrak atontzen ari dira azkenaldion ibiltarien gozamenerako. Guztira, zazpi paseo egokitu dituzte, udalerriko txokorik preziatuenak ezagutarazteko. Hala, kulturaz gozatzeko xedez trumilka iritsitako turistek aitzakia ezin hobea izango dute, aurrerantzean, Eltziegoko balio naturalaz ere ohartzeko. Edonola ere, pozgarria da bisitari saldoak harat-honaka ibili-ibilian ikustea: San Roke inguruko behatoki berrira joko dute batzuek, ermitaren ondoko talaiatik herriaren gaineko sekulako panorama baitago. Landare mediterranearrak begiko dituztenek, berriz, San Bizente aldera egingo dituzte urratsak, han goian hiru behatoki ikusgarri egokitu dituzte eta.
Paseotxo horietako batzuk ibilbide bakar batera ekarri ditugu ondorengo lerroetan, San Rokeko, San Bizenteko eta Valdefrailes dorrearen ondoko behatokiak bertatik bertara ezagutzeko.
San Bizente baseliza
aldatuSan Roke begiratokira joko dugu lehenik eta behin. Ebro aldera jo gabe, ordea, magalean egokitutako behatoki luzea ezagutzera abiatuko gara. Behatokiko egurrezko egitura plazatik ikusiko dugu, azpiegitura okrea Alepo pinuen iluntasunaren aurrean ederki nabarmentzen baita.
Lapuebla de Labarcarako desbideratzearen aurreko plazan hasiko gara tipi-tapa. Valdelana upategiaren ezkerraldetik doan kale aldapatsuan gora egingo dugu, porlanezko bideari men eginez. Aldatsa amaitu gabe, harlauzez jantzitako bidexka segituz, ermitara igoko gara. San Roke tenplu xumea dago gainaldean, baita atsedenlekutik hurren erpin geodesikoa ere. Antena baten ondotik igaroko gara segituan, eta, lasai-lasai, beheko begiratokira jaitsiko gara. San Andres baselisaz eta Eltziegoko gune historikoaz gainera, udalerriaren gaineko panorama zabalaz gozatzeko parada dugu han. Baina soa hainbeste urrundu gabe, ziurrenik geldialditxo bat egingo dugu Frank O. Gerhyren eraikin abangoardistan. Hain da arkitektura ikusgarria!
Panoramikaz bapo aseta, behera egingo dugu berriz, eta Cenicerorako errepideari jarraituko diogu. Urkiz atondutako pasealekua baliatuko dugu orain San Bizenteko lorategi mediterranearrera bideari oratzearen karietara. Pasealekuko hormetan margolan erraldoiak bezain ederrak ikusiko ditugu. Den-denek ardoari aipamen zuzena egiten baitiote, gustu oneko artelan itzela da, zinez! Hilerri parera iristean, ezkerrera egin, eta Herederos de Riscal hotelaren sarrerantz joko dugu. Barrura sartu gabe, eskuinera egin, eta, Mayor erreka lagun, urratsak egingo ditugu San Bizenterantz. Upategiko horma amaitzean, Mayor errekaren konpainia utzi eta ezkerreko bideari ekingo diogu. Hala, urratsez urrats ermitaren ondoko lepotxora igoko gara. Eskuinera okertu, eta begiratoki bat aurrean izango dugu. Ikuspegiak, zabal-zabalak: San Andres parrokia monumentaleko arkitektura desberdineko dorre biak, herriko sona handiko hotelak, San Roke muineko begiratoki berria...
Valdefrailes gaztelu zaharra
aldatuBegiratokiko zaldaina utzita, ermitaraino igoko gara, hantxe goian beste begiratoki bat dago eta. Gero, beheko begiratokira bueltatu, eta, oinzubitik aurrera eginez, hilobi baten albotik pasatu eta goratasuna galtzen hasiko gara. Klima mediterranearrari lotutako hamaika landare aurkituko ditugu bide bazterretan. Eskualdeko landaredia aztertu duen Xavier Arizaga ikerlariaren izena hartu berri du lorategi natural horrek.
Mayor erreka ondoko bide zabalera iritsita, ezkerrera egin eta, ibarrari jarraituz, herriko uren araztegiko bidegurutzeraino segituko dugu. Asfaltoa bertan utzirik, zuzen segitu, eta, mahastiak eta zumarrak gogaide, zubi batera iritsiko gara. Erreka zeharkatu gabe, ordea, Dehesillako mahastietan barrena jarraitzea hobetsiko dugu, harik eta etxe batzuetako hondakinetara iritsi arte. Orduan, etxe aurretik igaro eta, Ebrora gehiegi hurbildu gabe, eskuinera joko dugu, mahastien eta makalen artetik jarraitzeko. Mayor errekarekin bat egingo dugu laster batean, mahastien ondoko bideak eskuinera egiten duen unean, hain justu. Bidexka batek lagunduko digu errekara jaisten —zubia instalatu arte holaxe egingo dugu—. Harri batzuek lagunduta, Mayor erreka zeharkatu eta Ebro ibai nagusiaren ondoko pasealekutik segituko dugu, goxo-goxo.
Eltziegoko zubi handiaren azpitik igaroko gara aurrerago, eta errepidetik datorren pistarekin bat egingo dugu laster. Eskuinera egingo dugu han, eta, errepidea zapaldu gabe, ezkerretik hasiko gara goratasuna hartzen. Valdefrailesko dorrera eta behatoki monumentalera doan bidexka egokitua segituan ikusiko dugu. Pinudian barreneko igoera bihurgunetsua egingo dugu gaztelu zaharreko hondakin aurrean izan arte.
Dorre ondoko begiratoki monumentaletik beheko bidegurutzera jaitsi eta Valdefrailes ibarrean gora segituko dugu, mahastiak gogaide ditugula. Behin aldapa amaituta, iparrera okertuko da nekazari bidea, eta Eltziegoko errepideraino lagunduko digu. Handik aurrera, asfalto gainean ibiliz egingo ditugu herriratzeko falta zaizkigun azken metroak.