Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Endarako itzulia
Kontrabandoa gauez eta oinez egiten zuten Aiako Harriaren inguruetan. Mendiaren 'harresia' gainditu ahal izateko, hainbat bide erabiltzen zituzten kontrabandistek. [1]
Endarako itzulia | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Ezezaguna |
Lekuak | Aritxulegi, Bianditz, Domiko, Aita Donostia, Agiña, Kopako Harria, San Anton, Endara urtegia |
Distantzia | 20 km. 5 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Kontrabandoa gauez eta oinez egiten zuten Aiako Harriaren inguruetan. Mendiaren harresia gainditu ahal izateko, hainbat bide erabiltzen zituzten kontrabandistek. |
Abiapuntua | Aritxulegi (Oiartzun) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuEndarako harana inguratzen duten mendiak, mende honen hasieratik 1936ko gerrara bitarte eta guda ostean 1950. urtera arte, inguru hauetan egin ohi zen kontrabandoaren lekukoak izan dira. Iparraldetik hegoalderantz eta konkretuki Nafarroatik Gipuzkoarantz era guztietako generoak garraiatzen zituzten kontrabandistek. Karabineroen zaintza zorrotza saihestu ahal izateko, oso ondo ezagutzen zituzten hemengo xenda, aldats, ubide, borda, baso eta abar.
Errenaga eta Bianditz
aldatuOiartzundik Lesakara doan errepidea hartu, eta Aritxulegi ondoan dagoen Arritxulo aterpean utzi dugu ibilgailua. Tunelaren gainaldean dagoen atseden lekura igo, eta GR-121aren seinale zuri eta gorriei jarraituz, Bianditz aldera igotzen hasi gara. Bide nagusia utzi, eta alanbrezko hesiaren paraleloan malda pikoari aurre eginez, berehala iritsi gara Errenagako tontorrera eta gertu dagoen izen bereko mairu baratze multzoaren ondora. Azken maldak Hirumugarrieta izenez ezaguna den inguruan utzi gaitu. Hamar mairu baratze eta bi tumulu dituen multzoa aurkituko dugu, Oiartzun, Goizueta eta Lesakako udal barrutiek bat egiten duten tokian. Bertan, oso berezia den mugarri bat: Orreagako aitzinako mugarria, hain zuzen, makulua eta gurutzea landuak dituena. Egun, inguru hauetan hainbat lekutan aurki daitezke; garai batean lur hauen jabegoa noren eskuetan zegoen adierazle dira. Monumentu megalitikoak eta mugarria atzean utzita, Nafarroako eta Gipuzkoako lurrak mugatzen dituen hesia igaro, eta laster heldu gara Bianditzeko gailurrera.
Gailurretik ikus daitekeen ikuspegiaz gozatu, eta aurrera egin dugu alanbrezko hesiaren paraleloan. Gatzarrietako haitzetara igo gabe, ezker aldetik maldan behera ateratzen den zidor batek Domiko aldera bideratu gaitu. Lehen zatia nahiko pikoa eta deserosoa gertatu zaigu, baina erraz galdu dugu altuera, eta, konturatu orduko, Domiko urtegia inguratzen duen pistara jaitsi gara. Urtegia ezker aldera utzi, eta pistari jarraituz, gorantz egin dugu. Gandor belartsuan zehar Luis Vallet arkitektoak Aita Donostiaren omenez eraikitako kaperatxoaren ondora iritsi gara; gertu, Jorge Oteiza eskultoreak landutako estela ikusi dugu, eta bien ondoan, ikusgaitz den Agiña III Burdin Aroko mairu baratzea.
Agiña eta Kopako Harria
aldatuBelarrezko tapiza zapalduz, Agiñako mendatera iritsi gara, eta bertan dira Agiña I eta II mairu baratzeen aztarnak. Errepidea gurutzatu, eta izen bereko tontorrerantz abiatu gara. Gerra garaiko lubaki, bunker eta abarrak, sufrimenduaren leku isilak. Izeidian murgildu, eta Lesaka aldera jaisten hasi gara, baina, berehala, ezkerretik beste bide batek bat egin du Telleri lepotik datorren bide nagusiarekin (GR 11), eta izen bereko baserrira eraman gaitu. Horren ondoan, frontoi itxura duen eraikin bat dago; garai batean eskola izan zena egun ukuilu gisa erabiltzen dute.
Telleri lepora igo gara segidan: garai batean, Oiartzun eta Lesaka herriak lotzen zuen bidearen igarobide bakarra zen, eta egun ere Lesakara oinez heldu nahi duenarentzat puntu estrategikoa da. Pista zabala utzi, eta eskuinera ateratzen den xendari heldu diogu. Igoera maldatsua, gogorra da, baina oso denbora gutxi behar izan dugu Kopako Harriko tontor zabalera iristeko. Buzoia kokaturik dagoen lekutik iparralderantz metro batzuk egin, eta Endara aldera zintzilikatzen diren ezproietan kontrabandistek egin ohi zituzten ibilbideak imajinazioan marrazten saiatu gara. Inguru hauetan, kontrabandoa gauez eta oinez egiten zen, eta Aiako Harriko harresia gainditu ahal izateko, kontrabandistek hainbat bide erabiltzen zituzten. Larrun eta Ibardingo gainetatik zetorren merkantzia Berako Zalain zuloan jasotzen zuten, eta Eskolamendi barna, Gardeli auzoa atzean utzi, eta Telleri lepora igotzen ziren.
Telleri lepora itzuli, eta porlanezko pistan barna Endarako urtegiaren ondoan dagoen San Anton baselizaren ondora jaitsi gara. Errepidez urtegiaren beste aldera pasa, eta eskuinetik ateratzen den bidetik (GR 121) errekaren ondora jaitsi gara, aurkitzea zaila den arren, Endarako errotaren bila, kontrabandoaren lekuko isilaren bila. Errekaren ertzean, pagoen itzalpean errota izan zenaren eta beste eraikinen baten aurriak bisitatu, eta berriro urtegi aldera itzuli gara. Errepidean zehar metro batzuk bete eta gero, eskuinetik PR-Na 21aren bide seinale zuri eta horiei jarraituz, maldan gora igotzen hasi, eta berehala iritsi gara Alai Alde jatetxearen ondora. Markei segituz, Aritxulegiko tunelaren gainetik igaro, eta aterpera jaitsi gara, abiapuntura.