Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Enirioko lurrak zeharkatuz
Enirio-Aralar Mankomunitateak gure arbasoek utzi ziguten ondarea gordetzen jakin du, iragana ezagutu eta etorkizunerako erreferentzia bilakatuz. Txangoa osatzeko inguru ederra ere bada. [1]
Enirioko lurrak zeharkatuz | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Lizarrusti, Lareo, Enirio, Igaratza, Putterri, Aralar |
Distantzia | 19 km. 4 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Enirio-Aralar Mankomunitateak gure arbasoek utzi ziguten ondarea gordetzen jakin du, iragana ezagutu eta etorkizunerako erreferentzia bilakatuz. |
Abiapuntua | Lizarrusti |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAtaun eta Etxarri Aranatz lotzen dituen errepidean barna, Lizarrustiko mendatera igo eta bertan dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga zaintzeko 1882an eraiki zuten Mikeleteen Etxearen ondoan dago. Gaur egun, Lizarrustiko Parketxeak okupatzen du lekua, eta Aralarko interpretazio zentroa, aterpetxea eta taberna daude hor. Parketxearen eskuin aldetik, ipar-mendebalderako norabidean abiatzen den bidea hartuko dugu. Garai batean, inguruko basoetatik ateratako egur ikatzaren garraioa errazteko trenbidea izan zenaren xenda ederretik egingo dugu aurrera, bide seinale zuri-gorri (GR 20.1 eta GR 35) eta zuri eta horiak (PR GI 6) lagundurik. Aldapa gutxiko bide horrek harkaitzean zulatutako Akerretako tunelera eramango gaitu; hori zeharkatu, eta berehala helduko gara Maizegi erreka gainditzen lagunduko digun zubiaren ondora. Segidan, urtegia eraikitzeko beharrezko materiala ateratzeko harrobira helduko gara. Markak jarraituz gorantz egingo dugu, urtegia inguratzen duen pistarekin bat egin arte. Bat-batean, pagadiz eta alertzetegiz inguraturik Lareo euste-horma ondora igoko gara. Sarastarri, Malkorburu, Arkaitz eta Alleko mendien artean txertaturik dagoen urtegi hori elementu naturalez eraikitako lehena izan zen 1989. urtean.
Lareotik Igaratzara
aldatuUrtegia inguratzen duen pista zabaletik egingo dugu aurrera. Sarastarrira eta Agautzera zuzentzen den bidezidorra gure ezkerrera utzi, eta Baiarrateko igarobide garrantzitsuaren bila abiatuko gara. Sarastarri eta Arkaitz Txiki mendien artean marrazten den igarobide horretatik Enirio aldera joko dugu. GR 35ari dagozkion marka zuri-gorriak jarraituz bidegurutze batera iritsiko gara; ezkerrekoa utzi, eta, egurrezko informazio hesola batek lagundurik, Eniriorantz zuzentzen den zidorrari helduko diogu. Aralarko ingurune paregabe horrek historia luze eta interesgarria du. Euskal Herriko mankomunitaterik zaharrena dela esan daiteke, dagoeneko 600 urteko historia luzea baitu. Mankomunitate horren helburua Enirio-Aralarko mendien kudeaketaz arduratzea da, mendiguneen ustiapen kolektiborako moduaren azken lekukoenetako bat dugu. Luze joko genuke 600 urteko historia kontatzen, beraz, interesa duenak hona hemen informazio hori jasotzeko webguneetako bat: http://mendia-natura.gipuzkoa.net/contenidos/es/paisajes_culturales/.
Eniriotik Igaratza aldera joko dugu, egurrezko bide seinaleek erakusten diguten norabidean. Orain gutxi berritu den bidezidor erosoan zehar erraz iritsiko gara Olasoro saroaren ondora. Maldako puntara zuzenean igotzen den bidetik ekingo diogu segidan, eta gainaldera iristean gertu ikusiko ditugu Doniturrieta azpiko bordak eta, aurrerago jarraituz, Doniturrieta garaikoak. Ingurune ederra! Bidezidor landua amaitu, eta aurrez aurre dugun belarrezko malda pikoari ekingo diogu. Laster ailegatuko gara Igaratzaraino zabaltzen den pistara. Aralarko Adiskideen etxolaren ondoan dagoen iturri ondora iristean, zintzurra freskatuko dugu. Mokadu bat hartzen dugun bitartean, parez pare dugun postal bikainaz gozatuko dugu.
Igaratzatik Lizarrustira
aldatuEnirio-Aralarko lurrak gure mende, abian jarriko gara. Lehen metroak bete, eta ermitaren ondoan geldialdi bat egingo dugu. Mendizaleak eta inguruko artzainak igandero mezatara joateko eraiki zuen ermita hori Aralarko Adiskideak elkarteak. Lehen meza 1946ko irailaren 15ean eman zuen Lazkaoko beneditarra zen Alberto Begiristain aitak. Aralarko Done Mikel Goiangeruaren irudi santua urtero, Pazko Egunean, santutegitik atera eta hiru hilabete ematen ditu Nafarroan zehar 250 herri baino gehiago bisitatuz. Herri horietan, aingeruaren bisitak erritual jakin bati jarraitzen dio. Gipuzkoara ere joaten da abuztuaren bigarren igandean, Igaratzako erromeriarekin bat eginez.
Atzean utziko dugu paraje berezi hori, eta, Gipuzkoako itzuliari (GR-121) dagozkion seinale zuri-gorriak jarraituz, Lizarrusti aldera joko dugu. Irupagoetara iristean, Puterrira doan bidea ezkerrera utzi, pagadian murgildu eta maldan behera abiatuko gara. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga seinalatzen duen mugarrien arteko lerro ikusezinaren paraleloan erraz galduko dugu altuera. Alleko gaina inguratu ondoren, pagadian marrazten den bidetik abiapuntura iritsiko gara; Lizarrustiko aterpetxearen ondora, hain zuzen.