Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Erreniegako erraldoiak
Donejakue bidearen zati esanguratsu honetan haize sorgailuek mendiaren bizkar luzea hartzen dute ia gailurreraino iritsi arte. Berrogei daude guztira.[1]
Erreniegako erraldoiak | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Zarikiegi, Erreniega |
Distantzia | 9,3 km. 2 ordu eta erdi. |
Ingurunea | Donejakue bidearen zati esanguratsu honetan haize sorgailuek mendiaren bizkar luzea hartzen dute ia gailurreraino iritsi arte. Berrogei daude guztira. |
Abiapuntua | Zarikiegi |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuEuskal Herriko Mendien Katalogoko oharretan agertzen den moduan, mendi honen izenak lehen Perdon oharra zeraman parentesi artean argigarri gisa. Izen hark, hala ere, gailurretik hurbil dagoen Barkamenaren Andre Mariaren ermitako adbokazioari egiten dio erreferentzia, eta ez da toponimiarekin nahasi behar. 1994an Nafarroako lehen haize zentrala bertan ezarri zelako da ezaguna mendia, eta, gaur egun, berrogei haize sorgailu daude bertan.
Zarikiegi herrian ibilgailua utzi eta berehala ikusiko ditugu Donejakue bidea erakusten duten gezi horiak. Ohikoa da herriko ostatu edo tabernetan erromesak atseden hartzen ikustea, eta horietako batzuekin ibilbide zirkular honen zati bat betetzea ere bai. Atzean utziko ditugu herriko azken etxeak, eta pista zabalean zehar erraz egingo dugu aurrera. Lehen aldapa igotzen hasi eta berehala ohartuko gara zati batzuk konpondu behar izan dituztela, xenda zaharra higaduraren ondorioz erorita dago eta.
Gambellacosen iturriaren —Reniega izenez ere ezaguna— ondotik pasatu, eta erromesen omenez jarrita dagoen monumentu ikusgarriaren ondora igoko gara. Vicente Galbete artista nafarrak eginiko eskultura honetan burdinazko silueta duten erromesak irudikatzen dira. Egileak dioen bezala, eskultura multzo horrek bidearen bilakaera iradokitzen du historian zehar. «Lehenik, laguntzarik gabeko pertsonaia dago, airea usainduz, bidea bilatuz. Segidan, erabakiak argiago dituen beste bat, eta gero merkatari talde bat, zaldunak... beste talde bat tamainaz eta neurriz handituz. Erdi Aroko Donejakue bidearen une gorena irudikatzen dute horiek. Geroztik, irudiak bakanduz doaz, XVIII. mendeko gainbeheratik gaur egungo une gorenera heldu arte gogoratuz».
Lepo honetan, Santiagora bidean doazen erromesak agurtu eta Erreniegako tontor aldera joko dugu. Haize sorgailuen ondotik doan zidor edo pistatik ibiliko gara, eta 25en ondotik igaro eta gero, gain aldera aterako gara, antena erraldoi eta kasetak banaturik dauden ingurura. Lepotik paraleloan ekarri dugun errepidera metro batzuk jaitsi, eta berriro xenda hartuko dugu aurrez aurre ikusiko dugun pinudian murgilduz. Pinu artean ibili ondoren, zelaigune batera atera eta oso gertu ikusiko dugu gailurra. Zuhaitzik gabeko gain horretan, erpin geodesikoa eta buzoiaren funtzioa betetzen duen enborra eta aizkora. Ibilbidearen edozein lekutatik ikusten dira Iruñeko arroaren bista oso onak, baita Nafarroako Pirinioetako mendiak ere, baina gailurra ez da talaiarik onena ikuspegiaz gozatzeko.
Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta, pinudia atzean laga ostean, eskuin aldetik marrazten den zidorretik jaisten hasiko gara. Bidegurutzeetan harri piloek (cairn) erakusten diguten bidetik pista zabala bitan zeharkatu, eta hirugarrenera ailegatzean ezkerraldera joko dugu. Aurrera egin ahala, eskuinetik jaisten den xenda bat utzi eta gure gainean haize sorgailuak berriro gertu ikusiko ditugu. 90 graduko bihurgunean bide zabala utzi eta Zarikiegi aldera zuzentzen den bide zabaletik jaisten hasiko gara. Behean, jenderik bizi ez den Gendulaingo eremua ikusiko dugu, eta urrutiago Zizur Nagusi eta Zizur Txikiko herriguneak. Azkar galduko dugu altuera, eta konturatu orduko San Andres elizaren ondoan izango gara, abiapuntuan hain zuzen ere.