Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Erriberagoitiko zidorretan barna

Pobes eta Hereña herriak lotzen dituen xendari men egingo diogu, eta, bide batez, erromanizazio garaiko Pinto iturriari bisita egingo diogu. [1]

Erriberagoitiko zidorretan barna
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Pobes, Mimbredo, Hereña
Distantzia 9 km. 2 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Pobes eta Hereña herriak lotzen dituen xendari men egingo diogu, eta, bide batez, erromanizazio garaiko Pinto iturriari bisita egingo diogu.
Abiapuntua Pobes
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Erriberagoitiko lurraldearen bihotzean, Pobes (Araba) herri ezaguna dago. Baia ibaiaren altzoan goititzen da, eta, historialariek diotenez, aspaldiko bidegurutze garrantzitsu batean kokatzen da. Izan ere, Kuartangoko ibarrak eta Erriberabeitiko zabalguneak mugatutako eremu gorabeheratsuan zabaltzen dira Pobes inguruko lur emankorrak. Herrigunea bi aldetan banaturik dagoela atzemango dugu, Pobes herrira gerturatu bezain laster. Alde zaharra muino estrategiko batean dago, eta, elizaren inguruan, behialako etxeak eta baserriak ikusiko ditugu. Talaia horretatik, bista ederrak daude inguruko mendilerroetarantz: Arkamu, Tuyo, Santa Marina eta Montemayor lerroetako gainak bistaratuko ditugu esfortzu handirik gabe. Trenbidearen ondoan, berriz, XIX. mendearen bukaeran inauguratutako burdinbidearen aitzakian eraikitako auzo modernoa dago. Tabernak, igerilekuak, osasun zentroa eta, besteak beste, plaza eta udaletxea altxatzen dira han.

Urari beheiti, Hereña izena daraman herria dago. Xume-xumea izanagatik ere, balio estrategikoa izan zuen behiala, ibaiaz bestaldean Hereñuela deritzan parajean dorretxe bat altxatu baitzen. Hereñara iritsi aurretik, Mimbredoko zubitik hurbil-hurbil, ederki mantendutako iturri zahar bat ikusiko dugu. Pinto iturria da, eta, ikerlarien ustetan, erromanizazio garaikoa da. Galtzada estu batek iturburu sonatura iristen lagunduko digu.

Agerikoa denez, Pobesko bazterrak aberatsak bezain ezezagunak dira. Eskualdeko zoko-mokoak ezagutarazteko asmoz, hortaz, zenbait zidor seinalatzeari ekin zaio asteotan. SL marka zuri-berdeak ikusiko ditugu Pobesen, herrigunean barreiaturik, baita horiei dagozkien bide seinaleak ere. Pobes eta Hereña herriak lotzen dituena zidor horietako bat da. Abenturatxo horren inguruko xehetasunen berri emango dugu segidan.

Pobes eta Pinto iturria

aldatu

Erriberaigoitiko udalerrian dagoen Pobes herrian emango diogu hasiera ibilbide honi. Udaletxearen aurreko aparkalekuan autoa utzi, eta kalean gora hasiko gara, hots, Gesaltzara doan kalean aurrera. Igerilekuen parera heldutakoan, errepidea laga, eta ezkerretik doan kaletik joko dugu.

Txaleten artetik sartu gabe, kalean aurrera egin, eta baranda metaliko batekin topo egingo dugu bizkor-bizkor. Trenbidea igarotzen lagunduko digun egitura sendoa da. Hari segika, sigi-saga egin, eta, burdinbidea zeharkatuta, Baia ibaiaren altzoan zabaltzen den ordokira iritsiko gara. Nekazari bideari men eginda, makalak hazten diren bazterrera gerturatzeko urratsak egingo ditugu.

Baia ibaia ondoan dugula, soroen artetik ibiliko gara; ehunka metro, gutxienez. Gero, errekasto baten gainetik igarota, ibai nagusitik pitin bat aldenduko gara, betiere Tutera eta Bilbo lotzen dituen trenbidearekin elkartzeko xedez. Asfaltoari jarraituko diogu burdinbidera iritsitakoan, eta Mimbredo auzoan sartuko gara. Pobestik datorren errepidean, eskuinera egin, eta, AP-68 autobidearen gainetik igarotzeko zorian gaudela, asfaltoari muzin egin, eta eskuinetik jotzen duen nekazari bideari oratuko gatzaizkio. Hala, soroak gogaide, Montemayor eta Santa Marinako gainek osatzen duten estugunerantz bideratuko ditugu pausoak. Bideak eskuinera egingo du aurrerago, eta, arin baino arinago, ibaira hurbilduko gara. Gero, hesi paretik ibilita, AP-68 autopista azpiko tunelera iritsiko gara. Porlanezko egituraren azpitik irten berritan, Hereñako errota ikusiko dugu bide ertzean, baita errotaren ahoraino jotzen duen ubide estua ere.

Hereña bisitatu ondoren, ibilbide bera hartu, eta Mimbredoko zubira itzuliko gara berriz ere. Trenbide gainetik doan asfaltoari helduta, gora egin, eta Caicedo Sopeñara doan errepidera irtengo gara. Ezkerretik eginda han, trenbidearen ondoan altxatzen den Pinto iturri historikora jaitsiko gara. Azkenik, bidegurutzera igoko gara berriro, eta, errepideari men eginda, Pobes herrira helduko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua