Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Errioxako erraldoi harrigarria

Mantiblek Ebro ibaiaren ertzetan zeuden bideak lotzen zituen behiala. Errioxako erraldoi sonatu hark zazpi begi zituen, eta 164 metro luze zen. [1]

Errioxako erraldoi harrigarria
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea ArabaErrioxa
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Oion, Mantible, Serna
Distantzia 16 km. 3 ordu.
Ingurunea Mantibleko zubiak Ebro ibaiaren ertzetan zeuden bideak lotzen zituen behiala. Errioxako erraldoi sonatu hark zazpi begi zituen, eta 164 metro luze zen.
Abiapuntua Oion
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Historian Oion herriak lotura handia izan du Ebro ibaiaren bi ertzak lotzen dituzten bideekin. Dokumentu zaharrek hala erakusten dute; hots, erromesen igarolekua izan zela aski frogaturik gelditu da. Erdi Aroko erromesek egingo luketen moduan, ibili-ibilian arituko gara gu ere, Ebro ibaiak ongi gordea duen eraikuntzarik ederrenetako bat deskubritzeko asmoz. Han behean, ibarbaso koloretsu paregabean, Mantible zubi ezaguna altxatzen da. Zazpi arku zituen arren, egun bi baino ez ditu erakusten. Ikerlarien aburuz, aspaldiko lana da, eta 164 metro luze izan zen. Ikaragarria! Batzuen ustetan, erromatarrek egina da; beste batzuen aburuz, ordea, erromatarren ondorengo lan eskerga da. Dena dela, Errioxako erraldoi miresgarriak hantxe dirau, Ebro inguruko bidezidorren jagole.

Ikazkinen bidea

aldatu

Antzinako eliza erromanikoaren ordez, ikusmira sorrarazten duen tenplu itzela goititzen da Oiongo alde zaharrean. Itsasargi baten antzera gailentzen da Giraldon goitizena hartua duen lan arkitektoniko erraldoia. Bertantxe emango diogu hasiera ibilbideari. Logroñora doan errepidean aurrera egingo ditugu lehen urratsak, eta, lehen bidegurutzean, eskuinera joko dugu GR-38 Ardoaren eta Arrainaren ibilbideari jarraituz. Sernara doan bideari ekingo diogu, beraz. Santa Maria kaleari men eginez, Arabako kuadrillen parkera iritsiko gara ziztu bizian. GR bideak ezkerretik jarraituko du han, eta mahastiak nagusitzen diren itsasora eramango gaitu.

Asfaltoak lagunduta, mendebalderako urratsak egingo ditugu egunotako uzta biltzeko traktoreen joan-etorriari begia kendu ezinean. Hurrengo bidebanatzean, ezkerreko bidea alde batera laga, eta zuzen egingo dugu, noranzkoa aldatu gabe. Lau bideko elkargune batera heltzean, aurrera ekin eta altuera hartuko dugu. Berdin jokatuko dugu hurrengoan. Gero, Ikazkinen Bidearekin topo egitean, hots, asfaltoa amaitzen den lekuan, GR bideak ezker-eskuin egiten du, eta errekasto baten ondoraino lagunduko digu. Ondoren, ezkerreko bideari jarraituz, galdutako desnibela berreskuratuko dugu, eta GR-99 eta GR-38 ibili luzeak banantzen diren tokira helduko gara. 5 kilometro inguru eginak ditugu jada, eta 3 kilometro besterik ez da falta Mantibleraino. Ezkerreko pista hobetsiko dugu Carrascal enpresa parkea inguratzeko. Logroñoko errepidera iritsitakoan, errepidea gurutzatuko dugu tentu handiz, eta Sernan sartuko gara.

Mantible zubi handia

aldatu

Herrigunean sartu bezain pronto, eskuinera hartu eta Mantiblerako bideari oratuko gatzaizkio. Atseden leku bat ikusiko dugu bide bazterrean. Desnibela galtzera behartuko gaitu bideak Ebro ibaiaren ondora iritsi aurretik. Ur emariaren ondoan gaudela, ibaian gora ehunka metro egin eta zubi erraldoiaren aurrean izango gara. Bidexka batek lagunduko digu arkuen ondora iristen.

Bisita amaituta, bide nagusira irten eta ezkerretik segituko dugu, mahatsondoak gogaide. Logroñoko errepidera ateratzean, Asa aldera egingo ditugu metro batzuk. Hala, Gerardo Viteri upeltegiaren parera helduta, errepidea gurutzatu eta GR-38 bideari helduko diogu Oionera buelta egin ahal izateko. Aldapan gora hasiko gara han. Lehen aldatsa amaituta, eskuineko pistatik jarraitu, eta, pintura arrastoak gogaide, Oionera iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua