Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Estuñagatik Txobitara

Izarra eta Abezia herriak lotuko ditugu ibilbide eder honetan, Estuñaga eta Txobita tontorrak eztiki-eztiki zapalduta. [1]

Estuñagatik Txobitara
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Izarra, Estuñaga, Txobita, Ganbaza, Abezia
Distantzia 11 km. 2 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Izarra eta Abezia herriak lotuko ditugu ibilbide eder honetan. Estuñaga eta Txobita tontorrak eztiki-eztiki zapalduta.
Abiapuntua Izarra
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Izarra herrian hasiko gara ibilian (Gorbeialdea, Araba), eta sartu-irten dotorea egingo dugu Gibillo mendigunean barrena. Izan ere, Estuñagatik Txobitara doan tartea erraz-erraz osatuko dugu ibilbide honen erreferentziei ondo jarraituz gero. Hori horrela, herrira heltzean, Alde Zaharrera joko dugu zuzen-zuzen, Ostuño parkerako errepidea bazter eginda. Goiko Iturriko plazan utziko dugu autoa, elizara heldu baino lehenago. Santorkari landetxea erreferentzia ona da. GR 282 Artzaintza naturbideari jarraituko diogu han, eta, Aitz Zarra txaleta aurrez aurre dugula, haren eskuinetik doan Estuñaga bideari jarraituko diogu. Herria atzean utzirik, burdinazko langa bat igaro, eta ibili goxoan hasiko gara.

Bide zabalenean aurrera egingo dugu, eta gora aldera joango gara. Berehala, ordea, bidea bitan banatzen denean, ezkerretik doan basabideari muzin egin, eta tinda zuri-gorriz balizatutako xendari helduko gatzaizkio. Bidea harriztatzen da laster, eta, galtzada baten moldean ibilita, lepo batera iritsiko gara. Alanbrearen paraleloan jarraituko dugu han, nahiz eta GR 282 zidorra alanbretik aldentzen den. Pagaditik irtenda, belarrez jantziriko xendari jarraitu, eta Estuñagako tontorra zapalduko dugu bizkor-bizkor. Gainaldetik, bista itzelak; izan ere, Gorbeialdeko eskualdean gaude, eta erraz egingo zaigu eskualdeari lotuta dauden hainbat bazter ezagutzea. Hegoaldean, berriz, Valleoscuro ibarraz harago, Ganbazako antena harrapatuko dugu bete-betean. Txobitatik distantzia eskasera gailentzen baita, haraino bideratuko ditugu gure pauso umilak, betiere Gibillo mendigunea eztiki-eztiki korrituta.

<img alt="" src="https://www.berria.eus/argazkiak_jarraia/uploads/664f0640e.jpg" style="width: 635px; height: 490px;" />

Estuñagatik mendebaldera joko dugu, hegiz hegi doan bidezidorrak lagunduta. Hala, norabidea aldatu gabe, belardi batera helduko gara. Bide nagusiak ezkerrera egingo du orduan, eta, zidorrak egin bezalaxe, guk ere zeharkatuko du belardia. Ondonatik igotzen den basabidea batuko zaigu, eskuinetik. Hasierako norabideari eutsirik, baina, Gibillo mendiguneari begira jarriko gara. Minutu batzuk emango ditugu holaxe, bideaz bapo-bapo gozatzen; izan ere, ibilbidearen profila aski samurra da. Bidebanatze batean, aukera izango dugu ikusteko Artzaintza naturbideak eskuineko bideari oratu eta Nerbioiko ur jauzira eta Losako ibarrera joko duela. Ibili luzeko zidorrari eta pintura arrastoari muzin egiteko tenorea baliatuta han, basabide nabarmenetik jarraituko dugu.

Aurrerago, Untzagatik datorren bidea batuko zaigu, eskuinetik. Ordokiaz harago, Gorobel mendiguneko tontor pintoreskoak gailenduta ikusiko ditugu. Ezkerretik segituko dugu orduan, eta hegoalderako urratsak egiteari eutsiko diogu. Barrera herdoildu bat ikusiko dugu segituan, basoaren atarian. Hura zeharkatu gabe, bide nagusiari men egingo diogu basoaren paraleloan jarraituta. Basabide nagusia banantzean, eskuinera eta gora doan trazadura oneko bidea laga, eta beherago doan basabidetik jarraituko dugu, oraindik basoan sartu gabe.

Harri pilaketak

aldatu

Bide nagusiak eskuinera egiten duela ikustean, haatik, ezkerrera joko dugu, Abezia herrirako bidea hartzeko. Barrera bat ikusiko dugu pagadiaren eremuan. Burdina igaroko dugu, eta ibarrean behera egin gabe, eskuinera okertuko dugu; pitin bat gora eginda berriro, hegiz hegi jarraituko dugu. Harizti-pagaditik irtendakoan, ezkerretik segitu, eta, esfortzu handirik gabe, Txobitara helduko gara. Harri pilaketa handi bat ikusiko dugu tontorrean.

Gandorretik jarraituta, antena eta gurutzea altxatzen diren Ganbaza tontorrean izango gara agudo-agudo. Erpin geodesikoaren ondoan irteten den basabidea lagata, maldan behera amilduko gara. Lasai hartu, zidorrak horretan lagunduko baitigu. Minutu gutxiren buruan, gainaldetik datorren basabidearekin topatuko gara berriz. Hari segika, Abeziara iritsiko gara begi kliska batean. Plazako edanlekuaren ondotik igaro eta herritik irten bezain laster, errepidea utzi, eta ezkerretik doan basabideari helduko diogu. Paseo labur bat egingo dugu Izarran berriz izan arte.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua