Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Etxauriko Buruhandia
Mila bidetik gora ditu, eta Nafarroa Garaiko eskalada eskolarik garrantzitsuena du Etxauri mendiak.[1]
Etxauriko Buruhandia | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Etxauri, Zirizako eskailerak, Santa Luzia baseliza |
Distantzia | 6,5 km. 2 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Mila bidetik gora ditu, eta Nafarroa Garaiko eskalada eskolarik garrantzitsuena du Etxauri mendiak. |
Abiapuntua | Etxauri, N-7000 Lizarrako norabidean (16. km) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuTxangoaren abiapuntura iristeko, Nafarroako Etxauriko mendatera doan errepidea hartuko dugu, eta 16. kilometroa baino lehenago dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Handik, tarte bat oinez bete dugu hamazazpigarrenaren bidean. Laster, gure eskuinean, gorriz margotutako seinalea ikusi; errepidea utzi, eta Zirizako harmailetarantz jo dugu ezpel artean. Hemen hasten dira Zirizako Eskailerak. Kareharri haitzean egindako eskailerek paretan gora 150 metroko garaiera gainditzen dute. Hiru hegi arrokatsuz osatuta daude Zirizako eskailerak; hegi horiek mailakatuta daude, Ziriza izen bereko herritik mendialdean dauden bordetara joateko bidean. Xenda mendiaren magalean zehar eskuin aldera luzatzen da; lehenbizi, hartxingaditik pasatzen da, eta, harkaitz artetik gero, amilburura iristen. Harkaitzetan zizelatutako bide hori dotorea bezain ziragarria da, eta zenbait tartetan garai samarra. Irtengune arrokatsu batera iristean, lehen harmaila aurkitu dugu, segidan bigarrena eta norabide berean hirugarrena. Harmailak gainditu ditugu, eta ezkerraldera doan xenda hartu dugu, aurrez aurre ateratzen dena utzita. Parez pare ikusi dugu Etxauriko gainean marrazten den Santa Krutz ermita.
Haita edo Buruhandia
aldatuGoi ordokira iristean, xenda batek Etxauri tontorrera igotzeko azken malda luzearen aurrera eraman gaitu. Eguraldi ederra lagun, azken ahaleginak ermitaren ondoan utzi gaitu. Tontorra zabala da, eta, hortxe, ermitaz gain, gutunontzia, erpin geodesikoa eta gurutze handia ikusi ditugu. Hamaiketakoa egin bitartean, talaia bikain horretatik inguruaz gozatzeko parada hartu dugu.
Gustura gaude, baina aurrera segitu dugu. Mendiaren gandorretik Muniain herrira abiatu gara, hego mendebalderantz. Eskuz lagundurik horma txiki bat jaitsi ondoren, bide nabarmenetik aurrera egin dugu basoan zehar. Berehala iritsi gara San Luzia ermita dagoen zelaira. Eskuineko bidea utzi —Larreaundiko ermitatik pasatu eta Etxauriko mendatera darama—, eta ezkerrekoa hartu dugu; errepideraino jaitsi gara, garai batean bidezainen etxea egon zen lekuraino. Errepidea gurutzatu aparkaleku aldera, eta bukaeran den beste xenda batek berriro errepideraino eraman gaitu, eta, segidan, abiapuntura.
Eguraldi ona aprobetxatuta, Etxauriko eskalada eskolan ibiltzen dituzten hormatzarrak bisitatzera joan gara. El Kiriako, El Cantero, La Rueca, El Uso-ko horma bertikalen azpitik pasatzean, eskalatzaile batzuk toki ziragarri horretan beren dohain eta trebetasunak erakusten ikusi ditugu. Orain kasik hirurehun urte eskalatu zuten El Cantero-ren ondora iristean bertako misterioa gogora ekarri dugu.