Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Eunate eta Obanos
Izarbeibarko Muruzabal udalerriaren lurretan kokaturik dago erromaniko berantiarraren estilokoa den ermita berezia; Donejakue bidea igarotzen da bertatik.[1]
Eunate eta Obanos | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Obanos, Eunate, Arnotegi, Erlauntzak |
Distantzia | 9 km. 2 ordu eta erdi. |
Ingurunea | Izarbeibarko Muruzabal udalerriaren lurretan kokaturik dago erromaniko berantiarraren estilokoa den ermita berezia; Donejakue bidea igarotzen da bertatik. |
Abiapuntua | Eunate (Muruzabal) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuSomportetik datorren Donejakue bidea Izarbeibarko Muruzabal (Nafarroa) udalerritik pasatzen da, eta oraindik ez dago garbi zein den bertan dagoen ermita bereziaren jatorria. Hipotesi zaharrenek tenplu hori tenplarioekin lotu izan dute, baina gaur egungo ikertzaile gehienek teoria hori baztertu egiten dute.
Beste hipotesi batek dio Jerusalemgo San Joan ordenaren ospitale baten hilobi kapera izan zela. Bada beste hipotesi bat, erregina batek altxarazi zuela esaten duena, eta azken teoria batek dio eraikin horrek bertatik pasatzen ziren erromesentzat kanposantu funtzioa zuela. Ikerketa asko egin ostean, jakin izan da Eunateko elizak ez zuela hilobi kaperaren funtzioa, kofradia baten menpe egondako eliza bat izan zela baizik.
Aparkalekuan ibilgailua utzi eta elizari bizkarra eman ondoren, Donejakue bidea erakusten duten bide seinaleei jarraitu diegu. Gure ezkerrera atsedenlekua utzi dugu, eta, berehala, xenda lurrezko pista bihurtu da. Gorabeherarik gabe, gure eskuinean Muruzabal herria ikusi dugu, baina guk aurrez aurre dugun Obanos aldera jo dugu. Errepidera iristean, gurutzatu eta mahastien artean zabaltzen den pistan barna, kanposantuaren ondotik pasa eta Muruzabaldik datorren beste errepide batekin egin dugu topo. Herrian sartu aurretik aldapa bati ekin diogu.
Herri horretako kaleetan zehar ibiliz, eraikin ederrak ikusteko parada izan dugu. Laster gara Obanosko misterioa antzezten den Erdi Aroko itxura duen plaza nagusian. Donejakue bideko erromesek kondaira asko entzun edota irakurri ahal izan dituzte, baina Nafarroako Obanos herrian bada Obanosko misterioa izenez ezagutzen den kondaira berezi eta ederra. Santos Begiristain apaizak idatzi zuen obra hori, eta 1965ean herriko plazan antzeztu zuten lehen aldiz. Del martirio de Santa Felicia y la penitencia de San Guillén edo Obanosko misterioa obrak XIV. mendeko Akitaniako dukeen seme-alaben inguruko kondaira bati forma ematen dio. Donejakue bidea egin ondoren, Felizia printzesari erlijio zirrara sartzen zaio, eta, ondorioz, gortea uztea erabakitzen du, bere leinua Amokaineko jaurerrian —Egues ibarra— ezkutatuz. Han, bere anaia Gilenek aurkitu, eta bere leinuarekiko zituen loturei uko egiteagatik, hil egin zuen. Anaia damututa, Santiago de Compostelara joan zen, eta itzultzean, egindako krimenagatik herritik gertu dagoen Arnotegiko ermitan pasa zuen bizitza osoa erromes eta behartsuei laguntzen.
Arnotegiko ermita
aldatuPlaza nagusian Gares aldera doan Donejakue bidea utzi egin dugu, Arnotegiko ermitara joateko. Horretarako, hegoaldera jaisten den bidea bilatu dugu, eta Eunatetik datorren errepidearekin bat egitean, hori gurutzatu eta aurrez aurre Mendigorriara doan bidetik aurrera jo dugu. Goian Arnotegiko ermita ikusi dugu. Gure ezkerrera baratzeak utzi eta zubi bat igaro dugu. Bide nagusian metro batzuk egin eta eskuinera ateratzen den bideari heldu diogu. Aldapa pikoa da, eta ur biltegiaren ondora iristerako izerditan gara. Biltegia ezker aldetik inguratu, eta lehengo bide zaharrarekin bat egin dugu. Pinudian sartu eta bidea leundu egiten da ermitatik oso gertu atera aurretik.
Aldapa motz eta piko batek ermitaren atari nagusian utzi gaitu, hori gurutzatu eta inguratzen duen harresitik Izarbeibarko ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera bikaina izan dugu: Donejakue bidea zeharkatzen dituen Uterga, Muruzabal, Obanos eta Gares herriak, zereal lurrak, mahastiak, baratzeak eta abar. Atseden txikia hartu, eta xenda txikiak zeharkatuz, harrizko pista zabalera jaitsi gara. Bide eroso horrek berehala eraman gaitu Obanos eta Mendigorria herriak lotzen dituen errepidera. Hori gurutzatu eta aurrez dugun porlanezko pistatik aurrera egin dugu. Berriro lurrezkoa den pistaren ezker aldean borda bat ikusi, eta mahastien artean marrazten den bidetik altuerarik irabazi eta galdu gabe bete dugu hurrengo tartea.
Ezker-eskuin pista desberdinak ikusi ditugu, baina nagusia altuera mantentzen duena da. Bihurgune batera iristean, bide hori utzi —metro batzuk aurrerago amaitzen da— eta ezkerrera igotzen den lurrezko pista hartuz pinudi batean sartu gara. Pinuditik ateratzean, erlauntzak ezkerrera utzi, eta, berehala, beste pista zabal batera irten gara. Eunateko eliza gertu ikusi dugu, eta, jaitsieraren ostean, aparkalekuan gara.