Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Galdakaoko burdin hesian gaindi
36ko gerran Bilbo eta inguruko azpiegiturak babesteko eraikitako hesiaren aztarnak aurki daitezke oraindik gure mendietan. Haiek aurkitzea da ibilaldi honen aitzakia. [1]
Galdakaoko burdin hesian gaindi | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Galdakao, Bekea, Meatzeta, Usansolo, Guturribai, Ordaina |
Distantzia | 15,5 km. 5 ordu. |
Ingurunea | 36ko gerran Bilbo eta inguruko azpiegiturak babesteko eraikitako hesiaren aztarnak aurki daitezke oraindik gure mendietan. Haiek aurkitzea da ibilaldi honen aitzakia. |
Abiapuntua | Galdakao (Udaletxea) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuDonostia eta Gasteiz frankisten esku zeudela, 1936ko urriaren 9an hasi ziren Bilbo eta inguruko azpiegiturak babesteko hesia eraikitzen. Defentsa sistema hura lubakiz, alanbre hesiz, metrailadore habiaz, behaketa lekuz eta material horniketarako bide estrategikoz osatuta zegoen. 50 milioi pezetako aurrekontuarekin, 80 kilometroko perimetroa eraikitzen jardun zuten milaka langile eta boluntariok zazpi hilabetez. Ingeniaritza lan horren aztarnak aurki daitezke gaur egun oraindik gure mendi eta bazterretan, eta haiek aurkitzea da ibilaldi honen aitzakia. Galdakao ingurua da metrailadore habia kopuru handienetakoa gordetzen duen gunea, eta haiek ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dituzte maiatzean urtero Galdakao Gogora elkarteak eta udalak, 1937ko maiatzaren 19an jasandako bonbardaketa oroituz. Galdakaon Burdin Hesia Upo menditik sartzen zen, eta Lekubaso, Arteta, Basabal, Bekelarre, Bekea, Olabarri, Altamira, Azkarri, Erletxe eta Artola mendi hegaletan zehar jarraitzen zuen Larrabetzuraino.
Ibilaldia Galdakaoko udaletxearen aurrean hasiko dugu, Juan Bautista Uriarte kale luzean behera, Plazakoetxe biribilguneraino. N-635 zeharkatu eta Ibaizabal ibaiaren zubitik aurrera eginez, txaletak igaro ondoren, Txomin Egileor kalean ezkerrera hartuko dugu. Bide horrek Torrezabal zubiraino eramango gaitu. Jarraian, beste 300 metro egin behar dira trenbidearen ezkerretik, berori zeharkatu gabe. Errekastoraino jaitsi, eta zubiaren azpitik trenbidearen beste aldera pasatuko gara. Bertan, Erdi Aroko Itzagako haizeolarekin topo egingo dugu. Aldapa pikoan gora igo, eta, lur betegarriaz jasotako hormaren ondotik jaisten hasi bezain azkar, hodi handi baten parean 36ko gerran bunker gisa erabili zen karobiaren aztarnak aurkituko ditugu ezker magalean. Tutuaren ondoko bidexkak Guturribai industrialderaino eramango gaitu. Mendebaldera jarraituko dugu, lantegi guztien ezkerretik bukaeraraino. Erdi erretako enbor baten ondoan, bidezidor batek errekatxoraino bideratuko gaitu, eta haren ezkerrera hartuz gero Maguregina baserritik pasatu eta 200 bat metrora lubakien gunea aurkituko dugu, bidearen alde batera eta bestera. Hiru metrailadore habien hormigoizko hormak ere ikus daitezke ezkerraldeko bidezidorrean.
Aurrera eginez, Bekea auzoan sartuko gara, bidegurutzean ere mendebaldera joz. San Asentzio baselizaren aldamenetik igaro, eta Puentelatorreraino jaitsiko gara. Ibaiaren eskuineko magalean lau aztarna gune aurkituko ditugu. Lehendabizikoa, zubira heldu aurreko bihurgunean agertzen den bidezidorrari jarraikiz. Bigarrena, 500 metro aurrerago, ibaiaren bihurgunearen ondoan eta goi tentsioko kableen azpian iparralderantz egiten duen xendrari jarraikiz; hirugarrena, metro batzuk aurrerago ezkerreko pistari jarraikiz. Hemen haitzaren barruan babesgunea aurkituko dugu, eta haren gainean metrailadore habia. Laugarrena, Unkina ikastetxearen ondoan gora Meatzeta bideari jarraikiz. Hesi metaliko beltza gaindituz, ezkerraldean lubaki baten aztarnak daude; goraxeago, eskuinera eginez, obra txabola baten aurrean Meatzeta bunkerra dago; azkenik, porlanezko bidea bukatu aurretik eskuinera agertzen den bidezidorrean goraka, pinudiaren bukaeran zabortegiaren ezkerraldeko eukalipto sailean ostenduta dago Rosabal bunkerra.
Unkina ikastetxera bueltatu, eta Usansolon sartuko gara, Arteta auzora joateko. Horretarako, futbol zelaitik behera Laminarrieta kaleari jarraikiz trenbiderantz joko dugu, haren gainetik beste aldera igaroz. Mesina lantegiaren eskuinetik, lehen baserriak atzean utzita, ur araztegitik 50 metro aurrerago ezkerreko pinudian sartuz gero, margo laranjak lagunduta aurkituko dugu Lekueko metrailadore habia eta lubakiak —ezkerraldera—. Arteta bidean goraka, abeletxetik 100 metro gorago, langa gorria gainditu eta eskuineko pinu sailean dago hurrengo bunkerra. Auzoan gora jarraituz, hurrengo baserriaren ezkerreko pistari jarraituz, hiru baserriren ondotik pasatuko gara. Bidezidorra beherantz hasten denean, basoan sartu ahala eskubiko magalean dauden urratsek Ordainako metrailadore habira bideratuko gaituzte.
Galdakaora itzultzeko Arteta bidean gorantz jarraituko dugu, Ordainako bidegurutzeraino. Eskuineko baserriaren aurretik ipar-mendebalderantz —eskuinerantz— hartuta, basoan zehar Arteta errekaraino jaitsiko gara. Ur emariaren norabidean eta ezkerraldeko bide adarrak hartuta, Bekelarre auzora helduko gara. Goitik behera baserri artean Bekeako bidegurutzera iritsiko gara, eta, autobidearen azpitik pasatu ostean, aldameneko etxearen aurrez aurre ikusiko dugu Galdakaoko Burdin Hesiaren ibilaldi honetako azken aztarna. Ibaia eta N-634 zeharkatu, eta Abusu bidean zehar autobidearen azpitik aise helduko gara udaletxera.