Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Gapeluko zirkua
([[Euskal Herriko bidaia-gida/Herriz herri/Baigorri)
Gapeluko zirkua | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa GaraiaNafarroa Beherea |
Zailtasuna | Zaila |
Lekuak | Baigorri, Iparlako lepoa, Iparla, Tutulua, Harrietako lepoa, Gapeluko lepoa |
Distantzia | 11,5 km. 4 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Bidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirku bikainek mugatzen dute: Gapelukoak eta Talatzekoak. |
Abiapuntua | Bastida |
|Baigorri) ]][[Kategoria:Ibilbideak:Baigorri) ]] Bidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirku bikainek mugatzen dute: Gapelukoak eta Talatzekoak.[1]
Ibilbidea
aldatuBidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirku bikainek mugatzen dute: Gapelukoak ezkerrean, eta Talatzekoak eskuinean. Guk gaur Gapelukoa osatuko dugu, Talatzekoa beste baterako utzirik. Iparlara igotzeko bide ederrena da, eta harresia gainditzeko dagoen aukera bakarra bertan aurkitu ahal izango dugu, pasabide erraz batetik igaroz gailurrera iristeko. Segidan, gandorrean zehar Tutuluatik pasatu, eta, Harrieta lepora jaitsi ostean, abiapuntura itzultzeko asmoa dugu.
Bastida auzotik abiatu, Bordazar baserriaren ondotik ateratzen den pistari heldu, eta berehala basoan murgilduko gara. Lehen bidegurutzera iristean, ezkerrera doan pista utzi —bide hori itzulerarako utziko dugu—, eta aurrean dugunari segituko diogu. Pista zabala xenda bihurtzen da, eta laster heldu gara Abraku erreka igarotzeko dagoen egurrezko zubiaren ondora. Hori igaro, eta, garo artean zabaltzen den bidean barna, altuera irabazten hasi gara. Xendatik pista zabal batera atera, eta, hor, zer bideri jarraitu nahi diogun aukeratu beharrak zalantzak sortuko dizkigu. Ezkerrera joz gero, Gapeluko zirkuaren oinera gerturatuko ginateke, baina, garo lekua denez, erraz gal genezake bidea. Eskuinera, berriz, pista zabalak Garartzeko lepora eramango gintuzke, eta horren ezkerretik ateratzen den bideak, Idokolepoan dagoen bordaren ondoan utzi. Gauzak horrela, bigarrena aukeratuko dugu. Idokolepora ailegatuta, leku aproposa da zintzurra freskatzeko eta gure gainean dugun Iparlako harresi zoragarriari eta Gapeluko zirkuari so geratzeko. Garo, belar eta txilarrek janzten duten harresi horren kolorea aldatu egiten da sasoiaren arabera. Udaberrian eta udan berdez janzten dira magalak, baina udazkena heltzean, garoa gorritu, eta erabat itxuraldatzen da. Bi garaietan bisitatzea merezi du.
Artalde batzuk ere ikus daitezke inguruan, eta beharbada horietakoren bat Erramun Martikorena artzain eta kantari baxenabartarrarena izango da, ziurrenik. Artzaina ogibidez, kantaria zaletasunez. Hark ondo ezagutzen baititu inguru hauek, maiz zeharkatu ditu Iparlako mendi magalak bere artaldearekin. Harentzat, mendi hauek ez dute sekreturik: bere lanbidearen espazio eta etxe izan dira beti. Inguru ederrak, mendi txoko paregabea.
Harresiak gaindiezina dirudi, baina mendi honek eskaintzen digun aukera bakarraz baliatuko gara heltzeko. Beraz, martxan jarri, eta oso nabarmena den xendatik jarraituz, malkarraren oinetik, poliki-poliki, Iparlako korridorera gerturatuko gara. Bat-batean, bide leun eta erosoa norabidez aldatu, eta malda piko eta gogorra bihurtuko da. Berrehun metroko desnibela duen aldapa gogor horretan, izerdi franko botako dugu. Langa txiki bat igaro, eta, azken metroak bete ostean, 90. mugarriaren ondora iritsiko gara. Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia banatzen dituen gandorrean zehar, Iparlara igotzen hasiko gara segidan. Bidean GR-10ari dagozkion seinale zuri-gorriak ikusiko ditugu, eta belarrezko alfonbra zapalduz beteko ditugu azken metroak. Iparla talaia paregabea da Euskal Herriko mendi gehienak ez ezik iparraldeko kostako eta barruko herriak ere ikusteko.
Itzultzeko unea iristean, GR-10ari dagozkion bide seinaleei jarraituko diegu, eta, Gapeluko lepora heltzean, metro batzuk bete beharko ditugu Tutuluako gailurrera iristeko. Iparla eta Tutulua dira Gapeluko zirkua mugatzen duten bi gailurrak. Altuera azkar galduko dugu, eta Harrietako lepora iristean Urdozera doan bidea aukeratuko dugu, GR-10 utzita. Basoan zehar zabaltzen den bidetik, Sarosarreko bordaren ondora helduko gara. Hor, Urdozera doana utzi, eta ezkerrera ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Larrarteko lepotik Gapeluko zirkuaren ikuspegirik zabalena izango dugu, baita igotzeko erabili dugun bidearena ere. Pista zabal horrek hasieran igaro dugun bidegurutzera eraman gaitu, eta hortik abiapuntura, Bastidara.