Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Garaigortako akelarreak

([[Euskal Herriko bidaia-gida/Herriz herri/Orozko)

Garaigortako akelarreak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Ibarra, Egurrutu, Garaigorta
Distantzia 8,7 km. 3 ordu.
Ingurunea Irudiz, Garaigortako Atxak izaten dira Orozkoko sorginen batzarlekuak, eta ez landa edo larreak, beste hainbat lekutan bezala.
Abiapuntua Ibarra

|Orozko) ]][[Kategoria:Ibilbideak:Orozko) ]] Irudiz, Garaigortako Atxak izaten dira Orozkoko sorginen batzarlekuak, eta ez landa edo larreak, beste hainbat lekutan bezala. [1]

Ibilbidea

aldatu

Orozko oso oparoa izan da gure mitologiako kondaira eta elezaharretan. Mendiak garrantzi handia du Orozkoko mitologian. Hiru gailur nabari dira bereziki: Untzueta iparraldean, Santa Marina mendebaldean eta Itxinako Atxak hegoaldean. Infernu karstiko hori Mariren egoitza ere bada, koba ugari baitago eta haitz askok mamuen itxura baitute. Besteak beste, Orozkoko Garaigorta mendian sorginak biltzen zirela jaso zuen Barandiaranek 1922an, Euskal Folklore aldizkarian. Anuntxi Arana antropologoak ere Orozkora jo zuen doktorego tesia egitera: Orozko haraneko kondaira mitikoak: bilduma eta azterketa (1998). Bertako zaharrekin mintzatuz makina bat elezahar jaso zituen. Juan Pikazak kontatu zion Garaigortan akelarreak egiten zirela eta apaizek zuzentzen zituztela.

Agustin Zubikarai euskaltzainak ere horrelako abade baten berri eman zuen 1982an: «Aizpuru'ko abadea orozkotarrak almen andiko gizontzat euken. Sorgiñen eta lamiñen lagun, eta eskutuko espirituen bildurgarri. Ainbat esaera eta gertaera dagoz erriko zarren kontuetan berari buruz. Iñor ez ein zan ausartzen lengo denporetan Supelegor'eko kobara aurreratzen. Andra gazte edo umien oiñatsak sarri ikusi zituen artzaiñak bere artean, Anboto'ko damiak, Orozko'n, antxe eukan bere etxea. Zaindariz beteta; saiak, erderazko itzez buitreak zaindari. Sai oneik urrundu egiten ei ziran abadea bertara joaten zanean. Edo ta berak agintzen eutsen bazterrean gelditu. Garaigorta'ko aitzaren azpian barikuetan batzen ziran sorgiñak be lotsaz begiratzen ei eutsen».

Horiek irakurrita, mendiko botak jantzi, eta Orozkotik hamar kilometrora dagoen Ibarra auzotik hasi dut ibilaldia Garaigortara, akelarreak burutik ezin kenduta. PR-BI-32 ibilbide markatutik igotzea da nire asmoa, baina ohiko margo zuri-horiak ibilbidearen hasieran baino ez ditut ikusi. Sorginek ezabatuko ote zituzten? Ibarrako plazatik irten naiz, Arratiako Arteagara doan errepiderantz. Bertan, zubi zaharra eta errepidea gurutzatuko ditut, aurrez aurre dauden eskaileretatik igotzeko.

Eskailera horien atzean, errepide bat dago, eta, horri jarraikiz, San Bartolome Olartekoa Baselizaren ondotik pasatu naiz. Elizaren eskuinaldetik, betiere eskuineko adarrak hartuta, Egurrutu auzoraino igo naiz zelai zabalen artean. Ikuspegia sekulakoa da. Leku ederra sorginak bildu eta sorgin dantza ikusteko, akelarre asko larretan, landetan edo zelaietan egiten baitziren, izenak berak adierazten duen bezala: aker-larre. Bidegurutzetan egiten zirela ere badiote. Altsasun esan ohi da bidegurutzetan Luzifer usaina badela. Orozkoko Sofik ere bidegurutzeak leku arriskutsuak zirela aitortu zion Aranari; abadeak aitagurea esaten omen zuen beti bidegurutzetatik pasatzerakoan.

Egurrutuko auzoko hiruzpalau baserriak igaro ondoren, pinudian sartu naiz, ipar-ekialderantz bulldozerrak urratutako bideari jarraikiz. Lehendabiziko bidegurutzea lasterka pasatu dut, badaezpada ere sorgina agertzen zaidan! Gailurretik itzultzean, bertara etorri behar dut berriz, eta eskuineko mendi bidea hartu, Ibarrara jaisteko. Hurrengo bidegurutzean, ezkerretara jo dut, eta 300 bat metro jarraitu dut, basotik irten eta gailurra aurrez aurre izan dudan arte. Mendi mazelan hasten den bidexkatik igotzen hasi naiz, kare haitzek osaturiko paisaia karstikoan, eta horren pitzaduretatik hasten diren arte txikien bitartean. Ez dago bidezidorrik, ezta markarik ere. Zuzen ekin diot gorantz, eskuinerantz pixka bat alboratuz behinka. Noizetik noizera oinatzek ilundutako haitzak aurkitzen ditut; mendizaleenak izango ote dira? Ardienak akaso? Ala akelarrera datozen sorginenak?

Haitzezko gandor luzea

aldatu

Gailurra (662 m) haitzezko gandor luzea da, iparralderantz amildegi arriskutsuarekin. Buzoia aurkitu eta amildegitik urrundu naiz, badaezpada ere sorginen batek eraso egiten badit. Baina hemen ez dago inor, berrehun bat metrora dagoen artaldea izan ezik. Hori bai, guztiak niri begira. Ez dira, bada, sorginak izango, hurrengo akelarrerako txorimalo bila? Ez dut uste, hurrengo ostirala urruti dago eta. Hala ere, ikuspegia sekulakoa da: Zeberioko bailara osoa ikus dezaket, mendi hau —Mendigisa mendilerro osoa bezala— bi bailaren arteko muga delako. Eskuinera, Bikotzgane gainaldeko errepidea dago, eta, gainean, Itxina eta Gorbeia mendiak.

Jaisteko, etorritako bidetik itzuli naiz bigarren bidegurutzeraino. Han mendi bidea aldatu dut; oraingoan ezkerretara eta aldapa pikoan behera BI-3513 errepideraino eta Ursalto errekara jaitsi naiz, sorginak eta akelarreak burutik ezin kendu, eta Agirre Asteasukoaren sermoia gogoan: «Bitartean ibilico dira becatutic becatura amilduaz; orain pentsamentu batean gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: orain escuca, edo quenada batean, guero musu edo laztanetan: orain ipui ciquin ac contatzen; guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian».

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua