Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Gasteiztik Gernikara, oinez

'[1]

Gasteiztik Gernikara, oinez
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Abetxuku, Mendiguren, Gernikagana, Gernika, Mendarozketa, Etxebarri, Foronda, Arangiz
Distantzia 18,5 km. 4 ordu.
Ingurunea Zigoitia, gasteiz eta Ubarrundia udalerrien artean Gernika herria altxatu zen behiala, Araban. Toponimia lagun, haren arrastoen bila abiatuko gara Gasteizko Abetxuku auzotik.
Abiapuntua Abetxuku
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gernika herriari erreferentzia ugari egingo dizkiogu ibilbide honetan. Urdaibaiko bokaleko herria aski ezaguna denez, ibilbidearen abioa Gasteizen jartzeak irakurle bat baino gehiago harrituta utziko du. Bizkaiko herriak aurkezpenik ez du behar, baina Arabako herrialdean existitu zenak, ordea, azalpen eta xehetasunak eskatzen ditu.

Gernika izena XI. mendean aipatzen da lehen aldiz Errioxako San Millango monasterioari zergak ordaintzen zituzten herrien artean. Hainbat mende geroago, ordea, desagertutzat jotzen da, Pascual Madoz ikerlariaren lan entziklopedikoan irakur daitekeenez.

Gernika herria XIII. mendetik aurrera hustu zen, ikerlarien ustez, agian izurrite baten ondorioz. Batek daki! Tamalez, XXI. mende hasieran eraikitako Eibar-Gasteiz autobideko lanek bitan banatu zituzten Gernikako lursailak: iparraldean herri hustua utzi zuten; hegoaldean, berriz, Gernikagana tontor xumea bakartu zuten, Arakako mendiekin batera.

Gasteizko Abetxuku auzoan hasita, Lakua-Arriaga auzoari bizkarra eman, eta ipar-mendebaldera egiten duen errepidean hasiko gara. Autobia eraiki aurretik Bilbora joateko sarri erabilia zen bidetik jarraituko dugu. A-1 autobiaren gainetik igaroko gara laster.

Ondoren, zuzen jo eta Arangizko bidegurutzeraino jarraituko dugu. Errepidea zeharkatu gabe, ordea, Mendigunera bideari ekingo diogu, trafiko seinaleak agintzen duenez. Herrigunea ezkerraldean utzita, eskuinera egiten duen nekazari bidean aurrera egingo dugu. Autoentzat noranzko debekatua adierazten duen seinalea ikusiko dugu ibilian hasi eta berehala.

Astiro-astiro bizpahiru minutu eman ostean, muzin egingo diogu eskuinetik doan basabideari. Bideak goratasuna hartzen lagunduko digu berehala. Gorbeia, Arrato eta Badaia mendiguneei soa luzatzeko aukeraz profitatuko dugu eta, apenas ohartu gabe, lepo xume batera helduko gara. Miñaoko teknologia parkea aurrez aurre dugu. Lepoan basabidea utzi, eta ezkerretik doan bidexkari ekingo diogu. Muinoz muino ibilita Gernikaganara hurbiltzeko asmoa dugu orain. Zapalduko dugun lehen gainaldea zabala baita, tontorra ezkerraldetik (Gorbeia aldera begira dagoen aldetik) inguratzen duen bidea hartuko dugu. Gero, jaitsiera xumea egiteko gonbita egingo digu bideak.

Bigarren muinoa eskuinaldetik inguratuko dugu, eta, arin-arin, hirugarren tontortxoaren ondoan izango gara. Tontorrera igoko gara, eta, segidan, noranzkoa aldatu gabe, goratasuna galduta, lepora jaitsiko gara. Lepoa galsoro batek hartua duela ohartuko gara: Gernikagana galsoro horren gainean goititzen den muino txikia dugu. Bi aldiz pentsatu gabe, galsoroa zeharkatu eta Gernikaganako muinora igoko gara. Autobidearen gain-gainean gaude jada. Ezkerraldean ikusiko dugun hartxintxarrezko bide zabalera jaitsiko gara gero, eta, atzera eginez, zubiraino jarraituko dugu. Orduan, autobidea zeharkatu eta eskuinera egingo dugu. Kable batzuen azpitik igarota, eskuineko bidea hartu eta Gernikako Mortuorioa deritzan muinoari gortea egiten hasiko gara. Muinoa atzean utzi eta berehala, harrizko mugarri bat ikusiko dugu bidetik metro batzuetara: Gasteizko udalerriko muga adierazten du (163 zenbakiduna). Gernikako Zuhaitz Gizena haren inguruan omen zegoen.

Apodakako errota

aldatu

Zirao eta Miñaoko bazterrak bisitatu ondoren, bidean atzera egingo dugu berriz, eta zubira iritsi arte jarraituko dugu. Autobidea zeharkatu gabe, bide zabalari jarraitu eta Mendarozketara iritsiko gara. Bidebanatzean, ezkerrera jo eta, errepidea lagun, Etxebarri-Ibiñarantz abiatuko gara. Lehen bihurgunean, ordea, asfaltoa utzi eta ezkerretik doan nekazari bidetik joko dugu.

Etxabarriko elizaren aurrean gaudela, Gorbeiako merkataritza gunerantz jaitsiko gara. Biribilgunera iritsi aurretik, eskuinetik irteten den landabideari jarraituko diogu. Hala, zehar-zehar, merkataritza gunea ezkerraldean dugularik, Bilbora doan autobiaren gaineko zubi berrira helduko gara.

Zubia zeharkatu bezain pronto, ezkerrera egin eta Ugao putzuko ur biziak baliatzen dituen errotaren ondotik igaroko gara. Bide nagusiari men eginez, Forondako biribilgunera iritsiko gara. Ozaeta Anaiak izeneko etxaldera adierazten duen bidea hartuko dugu han. Gero, aireportuko segurtasun eremua inguratuta, Larrinoa auto ataltze tokira iritsiko gara. Enpresa hori mugatzen duen hesiari jarraituta, Arangiz herrira iritsiko gara. Eliza aurreko errepideari ekinda, autobia zeharkatu eta Abetxukukora zuzenduko gaituen bidearekin bat egingo dugu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua