Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Getariako mahasti artean

Ibilbide honetan, mahastien marea berdea eta itsasoaren urdina nahastuko zaizkigu begi ninietan. [1]

Getariako mahasti artean
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Getaria, Garate gaina, Iturritxiki, Ubidi erreka, Ametzmendi
Distantzia 6,6 km. 2 ordu eta 20 mn.
Ingurunea Ibilbide honetan, mahastien marea berdea eta itsasoaren urdina nahastuko zaizkigu begi ninietan.
Abiapuntua Getaria
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gipuzkoako kostaldean dagoen herri txiki eta polit horretan emango diogu hasiera gaurko ibilaldiari. Herria txikia izan arren, oso ezaguna da arrazoi desberdinengatik: munduari bira ematen lehena izan zen Juan Sebastian Elkano marinelaren jaioterria delako, arrantzale giroko herria delako, Cristobal Balentziaga jostun ezagunaren museoa bertan dagoelako eta Getariako Txakolina jatorri izenaren udalerri nagusia delako, bestek beste.

Juan Sebastian Elkanori eskainitako monumentuaren ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari. 1922an, Elkanoren bidaiaren 4. mendeurrena zela eta, XVIII. mendeko Getariaren harresiko gotorleku baten gainean monumentu bat eraikitzen hasi ziren. Eskultura proiektua Victorio Cachok diseinatu zuen ArtDeco estiloan oinarrituz. Getariatik Zarautz aldera joko dugu N-634 hondartzaren gainetik eta errepidearen ondotik. Kilometro erdi bertatik bete ondoren, autoek bira ematen duten lekuan errepidearen beste aldera pasa eta Iturritxiki izenez ezagutzen lekura iritsiko gara. Lurrezko pistatik aurrera egin eta berehala, ezkerraldera zuzentzen den bide zabaletik gorantz joko dugu Talaia aldera. Basoa atzean utzi eta lehen mahastiekin egingo dugu topo, eta horien ondotik segituko dugu goiko aldera heldu arte. Mendiaren magal guztiak mahastiz jantzirik daude, eta ikuspegi aparta izan dugu.

Etorritako bidetik metro batzuk atzera egingo dugu, eta berehala ikusiko dugu mahastian barneratzen den bide zabala. Mahatsondoen mendean sulfatoa egiteko erabiltzen zen putzu baten ondotik pasatuko gara. Ibilbideak mahastia zeharkatu egiten du, eta azken zatian aldapa pikoak Ubidiko errekaren ondoan utziko gaitu. Ingurune hori, maiz, lokaztuta egon ohi da, eta komeni da egun lehorra aukeratzea ibilbide hori egiteko. Pistak berriro maldan gora jarri, eta Ametzmendi txakolin bodegara eramango gaitu. Mahasti bikainen artean zabaltzen den porlanezko bideak Gaztaka Haundi baserrira gerturatuko gaitu, eta Zarautzetik datorren bidearekin bat egitean ezkerraldera joko dugu, maldan gora, GR-121 eta Talaia bidea seinalatzen duen bidegurutze arte.

Toki horretan, bide balizatua (marka zuri, gorri eta horiak) hartuko dugu. Zumaiarantz zuzentzen den bide zabaletik aldapan gora eta behera ibiliko gara, Garateko gainera iritsi arte. Bidearen zatiri altuena den horretatik mahastien ikuspegi paregabea izango dugu, itsasora amiltzen diren magalak mahastien kolore berdez janzten dira, eta itsasoaren urdinarekin nahasten dira postal paregabea osatuz. Bidetik at, Gazteluzar (Santa Barbarako gaztelua) geratzen da, Hirugarren Gerra Karlistan erabilia Garateko gotorlekua babesteko.

Garate gainera heltzean, bide balizatua utzi, eta errepidean barna jaisten hasiko gara. Aranguren baserria pasatu, eta, Golindora heltzean, errepide nagusia utzi, eta ezkerretik ateratzen den herri bidetik Getaria aldera gerturatzen hasiko gara. Berriro errepidera atera, eta parez pare ikusiko dugun herri bidean aurrera joko dugu. Kanposantua ezkerraldean utzita, Cristobal Balenciaga museoaren ondotik herriguneraino zuzen jaitsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua