Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Grankantoko haran eskegia
Albeoloak, zuloak, arkuak, kubetak… hamaika irudi aurkituko dugu ilargi itxurako paisaia horretan. [1]
Grankantoko haran eskegia | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Jaizkibel, Grankanto, Bonazaitza, Sanjuanarri |
Distantzia | 3,5 km. Ordubete eta 30 mn. |
Ingurunea | Albeoloak, zuloak, arkuak, kubetak... hamaika irudi aurkituko dugu ilargi itxurako paisaia honetan. |
Abiapuntua | Jaizkibelgo kantina (Pasai Donibane) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuJaizkibelgo paisaiak osagai asko eta aberatsak ditu: itsaslabarrak, itsasargiak, landaredi ugaria eta haran eskegiak. Guk horietako bat bisitatzea erabaki dugu; Grankantoko haran eskegia, hain zuzen ere. Hareharrizko irudiek itxura ederra dute, eta Jaizkibelek dituen paisaiarik politenetako bat osatzen dute. Paraje ezkutu eta gorde horretan, harribitxi bat aurkituko dugu.
Ibilaldi labur eta zirkular hau egiteko, Jaizkibelgo kantinaren ondoan dagoen aparkalekutik abiatuko gara. Han hasten den xendatik, Kabite baserrira iritsiko gara, berehala. Mitxintxolako gaina inguratuz datorren Talaia bidea gurutzatu, eta, laster, ataka bat gainditu dugu. Maldan behera jaisten den pistatik, Bonazaitza edo Buenos Aires baserriaren hondarrak dauden ingurura iritsiko gara. Eroritako hormen ondoan, baserria izan zenaren oroimen gisa, bertso bat ikusiko dugu, plaka batean iltzaturik. «Hemeretzigarren gizaldian betirako txikitua/ Bonazaitza baserriak ez du emango berriz fruitua./ Gerretan ohikoa den bezala edozein antzutua/ Bonazaintza erreka eutsi! inguru hau piztua». Adierazgarria oso. Bi marra zuriek erakutsiko diguten norabidean aurrera egingo dugu. Maldan behera, bidea estutu egiten da, eta, sasoiaren arabera, oteak eta sasiek ia itxi egiten dute xenda. Malda pikoa emeki jaitsiko dugu, eta, konturatu orduko, Iñularreta errekak zeharkatzen duen haran txiki eta estu bat zabalduko zaigu begien aurrean. Berehala helduko gara Grankantoren mendean eskegitzen den haran txikira.
Harrizko olatu erraldoiaren parera heltzean, bidea utzi, eta nabarmena den xenda txiki batetik hormaraino gerturatuko gara. Ilargi itxura duten geoformak nonahi ageri dira, milioika urteko higadurak zizelkatutako irudi eta forma apetatsu erakargarriak: albeoloak, zuloak, formak, horma hobiak, kubetak, erliebeak, arkuak, leihoak eta abar. Eguzkiaren izpiak zuzenean horma eder horretan islatzen direnean, distira berezia erakusten du, eta itzalekin batera koadro ederra osatzen dute han agertzen diren forma guztiek.
Irudi eder hori atzean utzi, eta berriro bidera jaitsiko gara, errekak bere urak itsasoan isurtzen dituen tokiraino jaisteko. Sanjuanarri ezproiaren paraleloan igotzen hasiko gara, aldapa pikoari aurre eginez. Alanbre hesiaren ondotik marrazten den xenda garbitik, Jaizkibelgo itsaslabarren ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera izango dugu. Goiko zelaietara iritsi, eta malda gogorrak moteldu digun arnasa berreskuratuko dugu. Panoramika aldatu egiten da hemen; goiko larreak itsasoraino nola amiltzen diren ikusiko dugu. Bertan dagoen arroka baten gainean pausatu, eta, itsaso aldera begiratuz, Uliako eta Jaizkibelgo malda bortitzek itsasoarekin batera osatzen duten puzzle perfektua begiztatzeko aukera izango dugu.
Abiapuntura heltzeko, oso nabarmena den bidetik aurrera egingo dugu. Iñularreta baserrira doan bidea gure ezkerrera utzi, eta eskuinetik ateratzen dena aukeratuko dugu. Kilometro bat baino gutxiago ibiliko gara, eta Jaizkibelgo errepidera atera, eta 200 metro beherago dagoen Kantinara helduko gara. Ibilbide laburra, baina oso bizia.