Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Haltsuko parajeak

Andre Maria elizaren inguruan hilerri txiki bat dago, eta bertan disko formako hemezortzi hilarri zahar ikus daitezke. [1]

Haltsuko parajeak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Haltsu, Arraiako iturria eta latsagia
Distantzia 3,3 km. Ordu 1 eta 10 mn.
Ingurunea Andre Maria elizaren inguruan hilerri txiki bat dago, eta bertan disko formako hemezortzi hilarri zahar ikus daitezke.
Abiapuntua Haltsu
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Itzuli txiki bat egingo dugu Haltsu (Lapurdi) herria inguratzen duten basoetatik. Errobi ibaiak zeharkatzen du herria, eta lau dira haren lurrekin muga egiten duten herriak: Jatsu, Larresoro, Kanbo eta Hazparne. Udalerriaren ekonomia laborantzan dago oinarritua, eta hango lurretan Ezpeletako piperraren sor-markaren ekoizpena egiten da.

Andre Maria elizaren parean dagoen aparkalekuan autoa utzi, eta Kanbo aldera doan errepidetik 75 bat metro egingo ditugu, Denentzat etxearen ondora heldu arte. Etxe horren atzetik irekitzen den xendan barrena abiatuko gara segidan. Ibilbide osoa marra horiz seinalaturik dago, eta ez dago galtzeko arriskurik. Inguru laiotza da, eta baso misto artean hedatzen den xendak errekastoa du lagun. Pago, haritz, hurritz, gaztainondo, gorosti eta bestelako zuhaitzen artean marrazten den bidetik aurrera segitu, eta, berehala, egurrezko zubi baten ondora iritsiko gara. Errekastoaren beste aldera pasatu, eta malda piko eta labur bati ekingo diogu. Ibilbidearen punturik gorenera heltzean, errepidearekin egingo dugu bat. Handik, Mondarrainek, Artzamendik, Erebik, Soporrok eta beste zenbait mendik osatzen duten ikuspegi paregabeaz gozatuko dugu.

Bide seinaleei kasu eginez, errepidean metro batzuk egin, eta berehala gure ezkerretik ateratzen den bidea hartuko dugu. Bi landetxeak atzean utzi eta berriro basoan murgildu bezain fite, Arraiako iturrira jaisteko seinalea ikusiko dugu. Ingurune hezean kokaturik dago, eta latsagiaren funtzioa betetzen zuen aspaldi.

<img alt="" src="https://www.berria.eus/argazkiak_jarraia/uploads/14141b3acd.jpg" />

Bidera itzuli gara, eta, gerizpean, pagoen eta, batez ere, haritzen artean, jaisten hasiko gara etxalde batera ateratzeko. Eskuin aldetik hartu eta landetxe guztiak inguratu ostean, malda piko batek errepide nagusira eramango gaitu. Herrigune aldera joko dugu segidan, eta berehala iritsiko gara frontoia, eskola, herriko etxe eta beste etxe eder batzuen ondora. Etxe horien artean, euskaltzale handi baten etxea dago: Maurice Harrietena (1814-1904). Euskaltzalea eta hiztegigilea izan zen. Berak antolatu zituen Urruñan lehen Lore Jokoak, 1853an, Anton Abadiaren aginduz. Apaiza izan zen lehenik Larresoron, baina, gerora, Pasaian (Gipuzkoa) jesuitek zuten ikastetxean egin zituen ikasketak. Apaiz egin bitartean, irakaskuntzan aritu zen. Bere anaia Fabianekin Baionara itzuli, eta bertako apaiztegiko irakasle eta zuzendaria izan zen. Madrilera joan zen gerora, eta hango San Luis de los Franceses eskolako eta erietxeko buru izan zen, 1874an Haltsura itzuli zen arte.

Gure historiaren pasarte txiki hori gogora ekarri eta gero, errepide beretik aurrera segitu, eta, maldan behera, Andre Maria elizara itzuliko gara. Eliza dotorea da. XVI. mendean eraiki zuten, 1510 urtean, hain zuzen ere. Elezaharrak dionez, Lord Martin Uhalde jaunak bere alaba baten omenez agindu zuen eliza altxatzea. Nonbait, Errobi ibaia txalupaz zeharkatzen ari zela hil zen, itota. Larresororantz zihoan, meza entzutera. Horman kanpaia duen eliza bakanetako bat da, eta barnealdean urreztatutako egurrezko erretaula bikaina du. Elizaren inguruan hilerri txiki bat dago, eta bertan disko formako hilarri zahar batzuk ikus daitezke. Hemezortzi hilarri eta XVIII. mendeko gurutze bat daude.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua