Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Haranbeltzeko kapera
Izurako basoaren magalean, priore etxea, kapera bat, lau etxe eta zuhaitzik gabeko eremu bat eraiki zituen gizakiak. [1]
Haranbeltzeko kapera | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Izura, Haranbeltz, Haranbeltzeko kapera, Haranbeltzeko bizkarra, Urkamendia |
Distantzia | 10,5 km. 3 ordu |
Ingurunea | Izurako basoaren magalean, priore etxea, kapera bat, lau etxe eta zuhaitzik gabeko eremu bat eraiki zituen gizakiak. |
Abiapuntua | Izura-Azme |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIzurako enparantzatik abiatuko gara. Etxe bikainen artean, maldan behera egingo dugu, eta, ezkerraldetik hartuta, hiri behera edo Irizola auzora jaitsiko gara. Garai batean beilarientzako ospitale zaharra izan zena eta gaur egun aterpearen funtzioa betetzen duena gure ezkerrera utziko dugu. Azken etxea atzean laga, errekastoa igaro, eta errepideraino doan xendari jarraituko diogu. Monolito baten ondora iristean, errepidea hartuko dugu, betiere GR-65ari dagozkion bide seinale zuri-gorriei segituz.
Gorantz egingo dugu, Oztibarreko muino borobil eta gozoek eskaintzen duten ikuspegiaz gozatuz. Bihurgune nabarmen batera heltzean, haritz bikainez osatutako baso bat ikusiko dugu gure eskuinean, eta, hortik abiatuz, harizti bikain batean murgilduko gara. Bide seinale zuri-gorriak galdu gabe, aurrera egingo dugu pistan barrena. Maldan behera jaisten hasi, eta berehala ohartuko gara Haranbeltzeko kaperaren presentziaz. Beste malda txiki bat igo, eta Donatoen kapera ospetsua izan zenaren ondoan izango gara.
Izurako basoaren magalean, gizakiak zuhaitzak moztu zituen, eta, argigune horretan, priore etxea, kapera bat, lau etxe eta zuhaitzik gabeko eremu bat eraiki zuen. Aipatua izan da XII. mendean, Hospitale Sancti de Arambels agirian. Bertan dagoen etxe baten ateburuan, eraikuntza erreferentzia gisa, 984 urtea ageri da. Erdi Aroko arkitektura erromanikoaren adibide ezin hobea da, eta Bariko San Nikolasi dedikatua zaio, bidaiari eta beilarien gerizatzaile. Bertan zeuden Donato Anaiek errezibitzen zituzten beilariak. Donato Anaiak talde laiko bat da, Agustinoei oso lotua. Txirotasuna, harrera eta laguntza botoa egin ondoren, beren bizi osoa iragaten zuten beilariei harrera egiten. Donatoak zenbait jauntxo eta beilari aberatsen emariekin bizi ziren.
Kaperaren barnean, XVIII. mendeko koloretako apaindurak, zur tindatuzko ganga, zutabe barrokodun, XVII. mendeko erretaula margotu bat eta Jondoki Jakobe beilaria erakusten duen eskultura bat ikus daitezke. Kaperaren atean, alfabeto grekoko Alfa eta Omega hizkiak agertzen dira, jainkoa sinbolizatzeko. Frantziako Iraultza garaian, Donatoen ondorengoek kapera erosi zuten, eta gaur egun jabego pribatua da.
San Nikolas priore etxea osatzen zuten lau etxeak atzean utzi ondoren, berehala izango gara Jondoki Jakobe bidea utziko dugun bidegurutzean. Bertan dagoen metalezko langa bat gurutzatuko dugu, eta Izurara iristeko bide seinale horiei jarraitu beharko diegu. Hasieran, hurritzen artean pista zabaletik jaisten hasiko gara, baina, berehala, ia altuerarik galdu edota irabazi gabe, ehunka urte dituzten haritzen artean izango gara.
Hasierako bidezidorra pista bihurtuko da, eta, basotik ateratzean, mendiaren magalean aurrera segituko dugu. Bide seinaleek azken malda igotzera gonbidatuko gaituzte, eta, ataka pare bat gainditu ostean, Izura aldera jaisten hasiko gara. Urkamendia baserrira heldu aurretik, Oztibarreko haranaren ikuspegi osoaz gozatuko dugu. Baserria atzean utzita, eta Izura herria aurrez dugularik, errepidetik behera egingo dugu. Lehen bihurgunera iristean, eskuinetik belar artean irekitzen den xendatik beste errepidera jaitsiko gara, monolitoaren ondora. Herrira itzultzeko bi aukera izango ditugu: lehena, Irizola auzotik berriro pasatuz, eta bigarrena, berriz, errepideari jarraituz.