Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Historiaren itsaslabarrak

Gipuzkoan, Zumaia eta Deba herrien artean, itsasoraino amiltzen diren haitz malkartsuek ingurune ikusgarria irudikatzen dute. [1]

Historiaren itsaslabarrak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Zumaia, San Telmo, Algorri, Elorriaga, Pagoetagaña, Itzurun
Distantzia 8,8 km. 2 ordu eta erdi.
Ingurunea Gipuzkoan, Zumaia eta Deba herrien artean, itsasoraino amiltzen diren haitz malkartsuek ingurune ikusgarria irudikatzen dute.
Abiapuntua Zumaia (Gipuzkoa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean, Deba eta Zumaia herrien artean hedatzen den zortzi kilometroko kostaldea itsaslabarrez josita dago. Euskal Herriko naturaren gune eder eta garrantzitsu horretan, gure planetaren historia irakurtzeko eta ulertzeko piezak aurkitu dituzte munduko ikertzaile ospetsuenek. Hemen proposatzen dizuegun ibilaldi honetan irakurri ez, baina Zumaiako flyscha ezagutzeko eta babesturik dagoen biotopo berezi honetaz gozatzeko aukera izango dugu.

Zumaiako sarreran dagoen Foronda jauregiaren ondotik emango diogu hasiera txango honi. Forondako markesak uda bertan igaro zezan, Eibarko arkitektoa izandako Juan Jose Gurrutxagak eraiki zuen jauregi hori, eta gaur egun Zumaiako kultur etxea da. Hareharrizko harlanduz egindako jauregi horren atzeko aldean xenda bilatu, eta Amezmendin barrena aurrera egingo dugu. Gure mendean, Urolako itsasadarra. Bidezidorra ez da oso argia; beraz, kontuz ibili behar da. Agerre baserriaren ondora iritsita, Kostako Donejakue bidearekin bat egingo dugu. Muino biribiletan eta horien magaletan barreiatutako baserrien artean marrazten den bide zabaletik azkar iritsiko gara Andika baserriaren ondora. Pikoterantz eskuinetik ateratzen den bidea utzi, eta aurrera segituko dugu, Elorriagako atsedengunera heldu arte. Gertu, izen bera duen auzoan, San Sebastian ermita polita ikusiko dugu, landa eremuko gotikoaren beste adibide eder bat.

Abiapuntura itzultzeko, itsasorantz hurbiltzen den xenda hartuko dugu, eta Pagoetagañaren ondotik berriro atsedengunera itzuliko gara. Ezkerretik ateratzen den xenda nabarmena hartuko dugu, eta aurrerago berriro Donejakue bidera aterako gara. Lehen igotako bidean tarte bat egin eta gero, Andika baserria atzean utzi eta ezkerrera ikusiko dugun bide nabarmenetik beherantz egingo dugu. GR-121eko bide seinale zuri-gorriek lagunduko digute hartu beharreko bide zuzena aukeratzen, eta, bertatik, altuera erraz galduz, Algorriraino jaitsiko gara. Lehen, Pikote baserritik, itsaslabarren ertzetik marrazten den zidorretik jaits zitekeen, baina, egun, pasatzea debekaturik dago, eta ezin da bide horretatik ibilbidea burutu. GR-121eko markek San Telmo ermitaraino gidatuko gaituzte, baina, lehenago, Algorriko punta eta labarretara igoko gara itsasertzetik ekarri dugun bideari azken begirada emateko eta, bide batez, paraje ezin hobe hauetan milioika urteko historia geologikoaren altxorrari so geratzeko. Euskal kostaldeko talaia paregabe honetatik, haitzek osatzen dituzten egitura bereziak ikusiko ditugu, elkarren segidan edo itsatsita dauden geruzen irudi berezia. Geruza horiek duela milioika urte sedimentatu ziren itsasoaren hondoan, eta, arroka bihurtu ondoren, mugitu eta azaleratu egin ziren. Geologoentzat lantoki aparta, eta mendizaleentzat ikuskizun paregabea.

Begiak ezin ase, beti gose etorritako bidetik atzera egin, eta gertu ikusiko dugun San Telmo ermitarantz zuzenduko ditugu urratsak. Baseliza txiki horren lehen aipamena 1540. urtekoa da, eta, XVII. mendean hobekuntzak egin, eta marinelen kofradia fundatu zuten. XX. mendearen hasieran, sute batean eraikina erre zen, eta berreraiki egin behar izan zuten. Ermitari bisita egin eta gero, Zumaiako kale artean sartu, eta berehala itzuliko gara abiapuntura.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua