Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Ipuliño eta Larre

Ipuliño, Larre, Urdelar, Laarte-Erroizpe eta Uli mendiek inguratzen duten Berastegiko harana; Gipuzkoan geratzen diren ikuspegi ederrenetako bat osatzen du. [1]

Ipuliño eta Larre
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Berastegi, San Sebastian ermita, Ipuliño, Gorosmendi, Larre
Distantzia 10,8 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Ipuliño, Larre, Urdelar, Laarte-Erroizpe eta Uli mendiek inguratzen duten Berastegiko harana; Gipuzkoan geratzen diren ikuspegi ederrenetako bat osatzen du.
Abiapuntua Berastegi
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Berastegik baditu hiru baseliza ezagun: Larreko tontorrean dagoen San Lorentzo, San Sebastian eta San Anton. Gaurko ibilaldi honetan, San Laurendi bisitatuko dugu, eta beste bien ondotik pasatuko gara. Horretarako, herriko plazan ibilgailua utzi, eta Berastegiko eskolaren ondora jaitsiko gara. PR-Gi 111 ibilbidearen seinale zuri eta horiak segituz, Zuikin baserriaren ondora iritsiko gara. Bide balizatua segituz, basotik barrena igoko gara gaztainondoak nagusi diren eta baso mistoan marrazten den pistatik. Behin aldapa amaituta, bidegurutzera iritsi, eta Uli aldera doan bide balizatua utzi egingo dugu,eta ezkerretik ateratzen dena aukeratuko. San Sebastian santuaren baseliza inguratzen duen pistatik errepidera jaitsiko gara, eta, hori gurutzatu ostean, paretik ateratzen den xenda hartuko dugu. Poliki poliki igotzen hasi, San Anton baselizaren goiko aldetik pasatu, eta A-15 autobidera gerturatuko gara. Eskuinera ikusiko dugun aldapa igo, autobidearen azpitik pasatu (tunela), eta malda motz eta piko batek pista zabalera eramango gaitu.

Gorosmendiko leporantz doan bideari bizkarra eman, eta pista zabala segituko dugu, ezkerraldetik ateratzen den porlanezko pista batekin topo egin arte. Ipuliñoko txaletak deritzon urbanizazio txiki honetan amaitzen da porlana, eta, aurrera jarraituz, lurrezkoa aurkituko dugu. Aintzergako lurrak gure mendean, basoan zehar altuera irabazten hasiko gara. Lehen bidegurutzean, ezkerretik ateratzen den bidea hartu, eta maldan gora abiatuko gara Ipuliñoko tontor aldera. Pinudia atzean utzi, eta pagadi eder batean murgilduko gara orbelean zehar aurrera eginez. Aldapan gora, pagaditik atera, alanbrezko hesi bat gainditu, eta, tontorrera heldu aurretik, azken malda gogorrari ekingo diogu. Gurutze txiki bat, buzoia eta egurrezko eserleku eroso bat, inguruko panoramikaz gozatzeko.

Zintzurra freskatu, eta mendiaren gandorretik ipar-mendebalderantz jaisten hasiko gara. Pagadian zehar, altuera azkar galduko dugu, eta lepora iristean harri bietan zizelkatuta San Laurendi eta Ipuliño irakurri ahal izango ditugu. Guk aurrera segituko dugu, aurrez aurre ikusiko dugun Larreko tontor aldera. Lehendabizi, Gorosmendiko lepora jaitsiko gara, eta, pista zabaletik igotzen hasi orduko, eskuinaldetik pinudian sartzen den zidorra hartu, eta malda gogorra igoko dugu Larreko San Laurendi baselizaren ondora iritsi aurretik (pista jarraituz ere igo daiteke). Han dagoen mahaiaren inguruan hamaiketako ederra egiteko aukera aprobetxatu eta gero, metro batzuk aurrerago dagoen tontorrera abiatuko gara, antenen ondoan baitago buzoiaren funtzioa betetzen duen espaziontziaren ondora, hain zuzen ere.

Tontorretik bertatik ateratzen den harrizko pista zabaletik hasiko gara jaisten, baina bide erdian eskuinaldera joko dugu, «Berastegi» idatzia duen txartel batek erakusten duen noranzkoan. Jaitsiera azkarra da, eta, pista zabal bat gurutzatu ondoren, sigi-sagan Goiko Bordara jaitsiko gara. Bide zaharretatik herriaren goiko aldera heldu, eta herriko udaletxearen plazan amaituko dugu ibilbide zirkular hau.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua