Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Irimoko Zazpi Puntak

Urola Kostako eskualdeko bazter guztietatik ikusten den Irimoko gurutzetik, Zazpi Puntak izeneko ibilaldi erraz eta ederra egin daiteke. [1]

Irimoko Zazpi Puntak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Urretxu, Santa Barbara, Lizarriturri, Irimo, Meaka, Trekutz
Distantzia 6,5 km. 2 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Urola Kostako eskualdeko bazter guztietatik ikusten den Irimoko gurutzetik, Zazpi Puntak izeneko ibilaldi erraz eta ederra egin daiteke.
Abiapuntua Santa Barbara (Urretxu)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Urola Kostan oso ezaguna den Irimo mendiaren tontorretik oso gertu dauden aterpera eta gurutze erraldoira igo, eta bere gailurrerian egin daitekeen zeharkaldi labur baina erakargarria egin nahi izan dugu. Zazpi Puntak izeneko ibilaldi txiki honek, eskualdeko herri eta mendien ikuspegi aparta eskaintzeaz gain, Euskal Herriko beste zenbait mendikateren bista ezin hobea du.

Santa Barbara

aldatu

Santa Barbarako aterpetxe eta baselizaren aurrean autoa utzi orduko, Ipiñarrieta jauregi eta baserriak erakarri du gure arreta, aparkalekutik gertu dagoen baselizaz gain. Ipiñarrieta jauregia eta baserria XVI. eta XVII. mendeetan hainbat gortesauren egoitza izan zen, eta bidaiari entzutetsuen ostatu —haien artean, Velazquez margolaria eta Felipe IV.a erregea—. Hainbat erregeren idazkari pribatu izan ziren zenbait jaun ospetsuren jaiotetxea ere bada. Haren ingurutik errege bidea igarotzen zen, Gipuzkoako bide nagusia XVI. eta XVII. mendeetan, Irun eta Madril lotzen zituena.

Inguru horretatik askotariko ibilaldiak egin daitezke, baina guk bertako herritarrek eta beste hainbat mendizalek oso estimatua duten Zazpi Puntak ibilaldia aukeratu dugu. Ohiko bidea oso nabarmena da, baina bidegurutzetan jarrita dauden seinaleek bide zuzena aukeratzen lagundu digute. Azkar igo gara 1936an Urretxuko Mendigoizaleek egin zuten Lizar iturriaren ondora, berrogeita hamar urte geroago berritu zutena. Inguruan aterpe txiki bat eta egurrezko mahaiak daude. Ur tragoxka egin, eta maldan gora jarraitu dugu. Laburbide batzuk baztertu, eta gurutzera doan aldapa bizian Trekutzera doan bidea utzi, eta behatoki paregabea den gurutze handiaren ondora iritsi gara. Aterpearen gainera igo, eta atseden hartzen dugun bitartean, gure mendean dugun ikuspegi zabalaz gozatu dugu: Izarraitz, Aralar, Aizkorri eta Hernioko mendiak ez ezik, Urola Kostako eskualdeko herriak eta mendi magaletan barreiatutako baserriak ere. Gustura gaude, baina oraindik bidearen zatirik ederrenetakoa ezagutzeko irrikaz, altxatu, gurutzeari bizkarra eman eta Zazpi Puntak egitera abiatu gara.

Irimoko Zazpi Puntak

aldatu

Gurutzetik gailurrera 50 metroko garaiera gainditu dugu, eta bertatik Udalaitz eta Durangaldeko mendiak agertu zaizkigu. Erpin geodesikoaren ondotik pasatu, eta metro batzuk aurrerago atzean utzi dugun aterpe eta gurutzearen irudia duen buzoia. Mendiaren ipar-ekialdeko gailurreria zeharkatzen duen xenda nabarmen eta erosoa jarraituz, erraz osatu dugu zazpi tontorrek osatzen duten lerroa. Irimotik hasita hauek dira zazpi tontorren izenak: Arbeleta, Buzoi, Losakate, Arrizuri, Trintxuleku, Mugarri eta Meaka. Azken horretara iritsitakoan, maldan behera Trekutzeko zabaldi eta atsedenlekura jaitsi gara. Iturria, egoera kaxkarrean dagoen txabola eta mahai artean pasatu, eta ezkerretik ateratzen den bide asfaltatuan zehar egin dugu aurrera. Aparkalekuaren ondotik igaro, kilometro eta erdi aurrerago Deskargara doana utzi, eta ezkerretik ateratzen den lurrezko pista hartu dugu. Begibakar baserriko zelaien gain aldetik Agerre baserriaren ondora iritsi gara, eta bide asfaltatuak Santa Barbara baselizaren ondoan utzi gaitu.

Urretxuko hiribildua sortu aurretik, herritarrak Santa Barbara inguruan bizi ziren barreiaturik, eta bertan bildutako komunitateak baseliza horren inguruan betetzen zuen bere bizitza erlijiosoa. Laukizuzen itxurako baseliza, XV. mendekoa, egurrez eta porlanez egina dago, eta 1983. urtean berritu zuten. Bertan dagoen aterpearen terrazan eseri, eta San Joan egunean egin ohi den erromeria imajinatu nahi izan dugu. Baselizari atxikita orain hiru bat urte berritu zuten aterpe honetan era guztietako zerbitzuak eskaintzen dira: jantokia, logelak, ekintzak...

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua