Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Irulegiko ardantzeetan gaindi
Irulegiko mahastien arteko ibilbidea egingo dugu, ardantze lana zertan den bertatik bertara ezagutzeko. Garai batean gain behera egin eta gero, gaur egun, 250 hektarea daude mahatsez beteak, Irulegiko arnoa egiteko. [1]
Irulegiko ardantzeetan gaindi | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Irulegi, Menta baserria, Germieta |
Distantzia | 4,5 km. Ordu 1 eta 15 mn. |
Ingurunea | Irulegiko mahastien arteko ibilbidea egingo dugu, ardantze lana zertan den bertatik bertara ezagutzeko. Garai batean gain behera egin eta gero, gaur egun 250 hektarea daude mahatsez beteak, Irulegiko arnoa egiteko. |
Abiapuntua | Irulegi |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuMahastizaintzaren lana aspaldikoa da Nafarroa Beherean. Labore horren jatorria jakinarazteko erromatarren garaira jo beharra dagoela diote adituek. Hainbat mendetan isil-gordeka jardun ondoren, mahastiari bakoitzak muztio propioa ekoizteko abagunea ederkiro aprobetxatu zuen: lanabesak eskuan, lurra lantzeko eremu egokien bila hasi ziren Irulegi inguruko mazeletan (Nafarroa Beherea). Nonbait hori guztia aski ez, eta Baionako portuak berebiziko garrantzia hartu zuen hainbat mende geroago, XVIII. mendean. Betiere produkzio xumeari irtenbidea emate aldera, esportazioak ospea ekarri zion mahastizaintza berriari. XIX. mendean, haatik, beherakada nabarmena ezagutu zuen ardantze lanak. Hamarkada batzuk etsipenean eman ostean, 1953an lanean ahalegin bizian aritzeko konpromisoa hartu zuten hainbat mahastizainek. Garai bateko tradizioa berpiztu beharra zegoen. Eta miraria gertatu zen: gogotik aritzeak jatorrizko izena edo sormarka ekarri zuen. Hori guztia, 70eko hamarkadan. Gaur egun, 250 hektarea inguru daude mahats aleei muztio zukutsua xurgarazteko.
Irulegiko sormakaren besta irailaren lehen asteburuan antolatzen da. Bosgarren edizioa ospatu da aurten. Ekoizleak eta mahastizainak topatzeko abagunea da. Aurtengo ospakizunetan bisitari ugari ikusi ditugu.
Tipi-tapa Irulegitik
aldatuIrulegiko elizaren aurrean jarriko gara abian. Jara eta Menta ibilbideak hasteko abiapuntuan gaude, plazan dagoen gezi batek adierazten duenez. Jara mendi zabalari bizkarra emanda, lehen urratsak hegoaldera egiten hasiko gara. Pauso batzuk eman baino ez da egin behar herrigunetik irteteko.
Irulegi herria saihesten duen errepidera iristean, tentu handiz asfaltoa gurutzatu eta autobus geralekuaren ondoko bidea hartuta, mendian gora ekingo diogu. Lehen metroak aldapatsuak dira. Gorantz abiatzen den hartxintxarrezko bideari jaramon egingo diogu laster batean, eta Menta baserri aurreko pistara helduko gara. Mahastiak hasiera-hasieratik ikusi ditugun arren, gertuko mazelak mahastiz jantzita ikusiko ditugu orain. Ibilbidea larrazkenean eginez gero, eskuzabal itxurako hosto jostalari koloretsuek mosaiko paregabea sarraraziko dutela ikusiko dugu.
Mentako bidean jada, ezkerrera egin eta lehen bidegurutzean eskuinera hartuta, hegoalderako noranzkoari eutsiko diogu. Jaitsiera xumearen ostean, Munhoa eta Oilarandoi mendien artean sortzen den ibarra aurrez aurre izango dugu. A zer-nolako oparia egunsentiko lehen izpiak mendion artetik isil-gordeka sartzen direnean! Paisaiak eskainiko digun abagunea profitatuz, inguruko baserriak identifikatzen hasiko gara: Etxartea, Napalea, Haroztegia, Errekaldea…
Errepidetxotik minutu batzuk egin ostean, Germietako frontoira helduko gara. Harrizko ikuztegia bisitatzeko aukera dugu ondoko bidegurutzean ezkerrera eginez gero. Bestela, bidebanatzean eskuinera jo, Germietako errekastoa gurutzatu eta hurritzetara hurbilduko gara. Zuhaixken ondoan ikusiko dugu Irulegira itzularaziko gaituen bide bitxia. Bidea harriz osatzen da, eta bitan banatzen da. Eskuineko bideari men egingo diogu, eta aldatsean gora hasiko gara berriz. Izerdia botatzeko astirik izan gabe, ordea, mahastien ondoan jarriko gara. Mahatsondorako sarbidea emango ligukeen langa zeharkatu gabe, eskuinean ikusiko dugun alanbrea igaro eta hurritzek osaturiko galerian barrena jarraituko dugu. Harbidea amaitzean, mahatsondoaren ondotik jarraitu eta, goxo-goxo, metro batzuk ostuko dizkiogu mazela aldapatsuari.
Gainaldean garelarik, eskuinera egin, eta, hari elektrikora iritsi gabe, eremu pribatutik irtengo gara. Gero, asfaltoari segika, Mentako parajean atsedentxo bat egingo dugu. Izan ere, orientazio mahai bat dago han, eta, zinez, ezin egokiagoa dugu bazterrak ezagutzeko. Baserri aurretik igaro eta Irulegiko plazara doan bidearekin bat egingo dugu laster.