Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Itsusiko haitzak
Amildegiak, bidezidorrak, putreen habiak, ezproiak, korridoreak, ur-jauziak... Aritzakungo haranak kontraste handiz beteriko parajeak biltzen ditu, ederrak guztiak. Ibilbide honek horietako asko biltzen ditu. [1]
Itsusiko haitzak | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Estebeneko borda, Veaux lepòa, Mehatze lepoa, Zelaiburu, Epaltza ur-jauzia, Itsusiko haitzak |
Distantzia | 9 km. 3 ordu eta 10 mn. |
Ingurunea | Amildegiak, bidezidorrak, putreen habiak, ezproiak, korridoreak, ur-jauziak... Aritzakungo haranak kontraste handiz beteriko parajeak biltzen ditu, ederrak guztiak. Ibilbide honek horietako asko biltzen ditu. |
Abiapuntua | Estebeneko borda (Baztan) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuErrobi eta Baztango haranen artean gailentzen diren mendi sakan eta mazeletan, gizakiaren bilakaeraren lekuko izan diren aztarna ugari daude. Ibilaldi honetan, Mehatze lepoan aurkituko ditugun monumentu megalitikoen ingurua ezagutzeaz gain, naturak bortizki zizelatutako Itsusiko haitzak bisitatuko ditugu. Hamaika sentsazio ezberdinez gozatzeko inguru paregabea.
Estebeneko borda aterpearen ondotik abiatu, eta errepidean zehar Veaux mendatera jaitsiko gara. GR-10ari dagozkion bide seinale zurigorriek erakutsiko diguten bideari jarraituz, berehala hasiko gara maldan gora. Errepidera iristean, bertatik Mehatze leporantz igoko gara. Leku honetan Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Nafarroako lurraldeak elkartzen dira, eta inguruan Burdin Aroko zenbait harrespil daude. Metro batzuk beherago, garotan etzanda dagoen iruinarri ederra. Bidetik at, Artzamendi aldera metro batzuk igo eta harrespil osatuenetako bat aurkituko dugu, eta haren zazpi harri handiek osatzen duten zirkuluaren barruan «81» mugarria! Nonbait, XIX. mendean mugarriak jartzeari ekin ziotenean, ez zitzaien bururatu harrespilaren erdian jartzea baino leku hobeagorik.
Bidera itzuliko gara, eta garo artean zabaltzen den bide zabalari jarraituko diogu. 82 eta 83 mugarrien ondotik pasatzean, ezkerrera pagadi trinkoa lagako dugu. Bat-batean, aurrez aurre panoramika ikusgarria zabalduko zaigu: Iparlako harresi luzea eta Alkaxuriko (Irubelakaskoa) piramide zorrotza. Aurrera segitu eta Zelaiburuko lepora iristean, gure mendean sakan zirraragarria amaitzen den lekuan Aritzakun eta Urritzateko haranak elkartzen diren Sumusakoborda ikusiko dugu. Atseden hartu ostean, bidezidorrari helduko diogu, eta oso pikoa den malda sigi-sagan jaisten hasiko gara Itsusiko lehen haitzera igotzeko garo artean zabaltzen den xendarekin bat egin arte. Puntu honetan, GR-10aren markak utziko ditugu. Beherantz jarraituz gero eta Aruxia baserrira heldu aurretik, Harpeko Sainduaren kobazuloa ezagutzeko aukera izango dugu.
Fauna aberatsa
aldatuGaro artean marrazten den xendan zehar, Martikoenera iritsiko gara. Hemen, ikuspegia erabat aldatuko da: orain arteko zelai lau eta belartsuak Aritzakungo haraneraino 400 metroz amiltzen diren lehen pareta ikaragarriekin ordezkatuko dira. Borda zaharraren aztarnen ondotik pasatu, eta bidezidor estuari jarraituko diogu. Lepo txiki bat gainditu, eta Itsusiko ezproi nagusira igoko gara. Beherago, hirugarren haitza eta Epaltza punta, bost metroko haitz zorrotza. Iparralderantz zuzentzen den bidetik, Epaltzako erreka igaro eta laugarren haitzera helduko gara. Saroe abandonatuaren ondotik, laurogei metro dituen Epaltzako ur-jauzia ikusteko parada izango dugu.
Baina bada paisaia honetan ohiko bihurtu den beste osagai bat: saiak edo putreak daude. Pirinioetako isurialde honetan dagoen koloniarik garrantzitsuenek babesa bilatu dute sakan malkartsu hauetako paretetan. Argazki makina on batekin argazki ederrak atera daitezke eremu horretan. Hala ere, argazkiak urrutitik egitea komeni da, eta harkaitzetako biztanleei ahal den gutxien traba egitea.
Harrizko itxitura bat inguratu eta bosgarren haitza izan daitekeenaren ondora heldu aurretik, eskuinera ikusi dugun pistan barrena abiatuko gara jarraian. Laster, Iguzkizelaira helduko gara, bidegurutze baten ondora. Eskuinera, Iguzkimendi inguratuz, Mehatzeko lepora doana utzi eta ezkerrera Veaux leporantz zuzentzen dena hartuko dugu. Pista oso zabala da, eta lepora iritsi aurretik berriro bat egingo dugu GR-10aren bide seinaleekin. Errepidea gurutzatu, eta Estebeneko bordara igoko gara.