Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Iturrietako gainak

Atxuritik Santa Elenara doan gandor gunea Iturrietako Partzuergoan dago, Agurain eta Gasteiz hiribilduen gaineko balkoi naturala dena. [1]

Iturrietako gainak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Erroeta, Atxuri, Peñarredonda, San Joan mendatea, Adaleku trikuharria, Soil, Santa Elena, Sarributxi
Distantzia 11 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Atxuritik Santa Elenara doan gandor gunea Iturrietako Partzuergoan dago, Gasteiz eta Agurain hiribilduen gaineko balkoi naturala dena.
Abiapuntua Erroeta
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Entzia-Iturrieta naturgunea Arabako ekialdean dago. Urbasako mendigune sonatuak Nafarroako mugan uzten dio lekukoa, eta, erliebe gorabeheratsurik gabe, Gasteizko Mendiekin bat egin arte eder-eder kateatzen da. Ibilbide honen esana betez, Iturrietako Partzuergoko gainei bisita egingo diegu. Atxuriko tontorrean hasi, eta Luzkando edo Txatxan mendaterainoko tartea aurkituko dugu jarraian.

Erroeta herria 962 metrotan gailentzen da Mendialdeko eskualdean. Huraxe dugu abiapuntua. Ibilbidean zehar tinda zuri-horiak ikusiko ditugunez, Iturrietako bazterretan ibiltzea erraza zaigu. Asmo horrekin, bederen, Erroetako eliza aurreko plazan abian jarriko gara. San Joan kalean behera eginda, 1922an eraikitako iturri-ikuztegiko multzoa ezkerraldean utziko dugu. Erroitegirako errepidea bazter eginez, zuzen joko dugu errepidearen eta hilerriaren arteko bidetik. Bidebanatze batera iritsita, eskuineko bideari muzin egin eta, bide nagusiari helduta, ekialdeko noranzkori irmoki eutsiko diogu. Hiru minutu igaro ondoren, berdin jokatuko dugu. Igoera txiki bat egin, eta bidea asfaltatua aurkituko dugu. Aldapa samurtu bezain laster, ezkerretik doan basabideari ekin, eta Atxurirako bidetik segituko dugu. Egurrezko seinaleak 1,8 km daudela dio.

Atxuri eta Peña Redonda

aldatu

Basoan barrena paseo goxoaz gozarazteko helburuarekin, maldan gora abiaraziko gaitu bideak. Lehen malda amaiturik, gandor txiki baten eretzetik igaroko gara. Harrizko txapel hura atzean utzita, kareharrizko lurzorua agerian uzten duen soilgune batera iritsiko gara. Iturrietako gainak hurbil ikusiagatik ere, harrizko plaza burutik buru zeharkatuko dugu, oraingoz ekialdeko noranzkoari men eginez. Pago batzuen aldamenean arrakala kurios bat dago. Haren ondotik igarotakoan, elorrien eta pago xumeen artean sigi-saga joaten lagunduko digu zidorrak. Tontorrera igotzeko unea laster da. Bide nagusiak ezkerrera egin, eta maldan gora abiaraziko gaitu tupustean. Atxuriko erpin geodesikorainoko azken metroak alanbre baten paraleloan egingo ditugu. 80ko hamarkadan jarritako postontziak Larredez leku izena dakarren arren, Atxuriko gailurrean gaude. Larredez mendebalderago gailentzen den kareharriko talaia da, nonbait. Atxuritik irekitzen zaigun panorama zabala da: Lautadaren erdian, Aguraingo hiribildua dago, eta, mendilerrotik distantzia eskasera, Egileor eta Alangua herri xumeak.

Arabako Lautada eskuinaldean daramagula, gandorrari oratu, eta mendebaldera jarraituko dugu. Larredezko talaiara igoko gara ziztuan. Paisaia bikaina aurkitzeaz batera, Peña Redonda gainalde bitxirantz bideratuko ditugu pausoak. Itxura biribila hartuko du Egileor parean altxatutako tontor apartak. Elorri zuriak lagun, San Joan mendatearen gaineko gailurreria zapalean gaindi jarraitu, eta mendatea seinaleztatzen duen harrizko gurutzera iritsiko gara.

San Joan eta Santa Elena

aldatu

Jesus Apraiz ikertzaileak 1895ean San Joan mendatera eginiko bisitan jaso zuenez, portuko harri landua menhir edo zutarri bat izan zitekeen. Ezbairik gabe harri galanta da, Egileorretik sigi-sagaka datorren harbidearen alboan eder-eder ezarria. San Joan mendatearen garrantzia aditu ugarik ekarri dute hizpidera. Hala gauzak, Micaela Portilla historialariak dioenari jarraituz, San Joan, Erroeta edo Iturrietako mendateko bidea Arraiatik zein Laminoriatik Lautadara iristeko xenda ezkutu bat izan zen behiala.

Zutarriaren ondoan tumulua ikus daiteke, eta, gandorrerantz metro batzuk eginez, garai batean San Joan baseliza goititua zen lekuan, Aguraingo Manu Yanke mendi taldeko Saenz de Asteazu presidentearen omenezko burdinazko gurutzea. 1895eko irailaren 8an Julian Apraizek aurkitutako trikuharria ikusiko dugu laster, ibilbideari oratu eta metro gutxira. Pagadiak hartuko gaitu berehala, eta, seinaleak dioenez, Erroetara itzultzeko aukera izango dugu. Aldaera hura bazter eginda, pagaditik irten eta Soil izeneko tontorrera igoko gara. Aguraindik Gasteizerako ordoki zabala bistaratuko dugu gainaldetik. Gandorreko haustura gunea inguratu ondoren, malkarraren albora itzuli, eta, pagadia gogaide, Santa Elena gailurrera iritsiko gara. XVIII. mende amaieran bertan existitu zen ermita baten gomutan gurutze bat ikusiko dugu.

Basotik irten bezain agudo, Luzkando mendatean dauden galsoroetara jaitsi gabe, ezkerrera egin, eta elorri beltzek osaturiko igarobidean aurrera eginda, pagadiak bete-betean hartuko gaitu. Goratasuna galtzen hasita, parapentean ibiltzea gogoko dutenentzako argibide taula batera iritsiko gara. Alanbrea zeharkatuta, behera egiteari eutsi, eta, Sarributxiko baltsa ezkerrean utzirik, Luzkando mendatetik datorren bidera irtengo gara. Ezkerretik jarraituko dugu, eta, Maraviletako hedagailura doan basabidean ezkerrera eginez, Erroetara iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua