Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Itziarko talaia

Balearen arrantza jardun garrantzitsuenetako bat izan da euskal kostaldean Erdi Arotik. Haren arrastoak presente daude. [1]

Itziarko talaia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Itziarko Talaia, Portutxiki, Sakoneta, Mendata, Mendatagaña
Distantzia 6,2 km. 2 ordu.
Ingurunea Balearen arrantza jardun garrantzitsuenetako bat izan da euskal kostaldean Erdi Arotik. Haren arrastoak presente daude.
Abiapuntua Errota Berri (Itziar)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Zumaiak, Itziarrek, Debak eta Mutrikuk osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea, eta haren zati interesgarrienetako batean murgilduko gara, paisaia protagonista bakarra den lurretan, hain zuzen ere. Hamahiru kilometro luze den ibilbidearen zati honetako paisaia liluragarrian, Mendatako portuari lotuta zegoen Itziarko Talaia ere bisitatuko dugu, labarren ertzetik aurrera egiten dugun bitartean. Ibilbide erraza eta ondo balizatua da; Gipuzkoako Biraren (GR-121) marra zuri-gorriek eta, bereziki, inguru hau ere zeharkatzen duen PR-Gi 5001aren zuri eta horiek erakutsiko digute zer bideri jarraitu behar diogun.

Errota Berri jatetxe eta landetxearen ondoan dagoen aparkalekuan autoa utzi, eta berehala ikusiko dugu hartu beharreko bidea: Itziar aldera doana utzi, eta Itxasperantz zuzentzen dena aukeratuko dugu. Langa igaro, eta haltzadian zehar marrazten den bidetik erraz egingo dugu aurrera. Kilometro pasatxo bete eta gero, kostara gerturatu, eta goian ikusiko dugun Portutxikiko behatokira igoko gara. Lurraren historiako pasarteak gordetzen dituen paisaia ikusgarria agertuko zaigu begien aurrean. Panoramika zabala bezain erakargarria.

Behatokitik pistara jaitsi, artadia eta baratzearen ondotik pasatu, eta Sakonetako sarreran izango gara, itsasotik oso gertu. Garai batean, Zentral Nuklearra egin nahi izan zuten hemen, eta, zorionez, herritarren presioagatik lortu zen gaur egun gozatzen dugun ingurune paregabe hau zegoen bezala uztea. Egurrezko zubitxoa igaro, eta xenda nabarmen batek aldapa pikotik eramango gaitu. Gure eskuinera Sakonetako puntara doan xenda txikia utzi, eta goialdera aterako gara. Behealdean, Sakonetako hondartza bikainaren ikuspegia edukiko dugu.

Maldan behera, Mendata aldera jaitsiko gara, eta izen bera duen errekastoa igaro ondoren, porlanezko pistara igo, eta, eskuinetik, Mendatagainako tontorrera iritsiko gara. Ikuspegi paregabea duen leku honetatik egin dugun bidea ikusteaz gain, Kantauriko marearteko zabalgune handienetakoaz gozatzeko parada izango dugu.

Maldan behera, porlanezko pistatik jaitsi, eta trenbidea gurutzatuko dugu, GR zaharraren xenda bilatuz. Malda txikia igo, ataka igaro, eta metro batzuk beherago, Itziarko Talaia izandakoaren hondarrak ikusiko ditugu. Eta, bertan, talaia honi buruz azalpen hau irakurriko dugu: «Balearen arrantza Erdi Arotik jarduera garrantzitsuenetakoa izan zen euskal kostaldean. Inguruko herrien artean egiazko lehia izaten zen balea nork harrapatuko, eta itsasoan zetazeoa bistaratzea zen lehen urratsa lasterketan ateratzeko. Talaia hau, Mendatako portuari lotuta zegoen. Itziarko biztanleek eta Itxaspeko baserriek abantaila txiki bat izan zezaketen dorre honetako seinaleak ezin baitziren bistaratu Deba, Mutriku eta Ondarroako herrietatik».

Balearik ez dugu hemendik begiztatuko; beraz, maldan behera metro batzuk jaitsi, eta lehen etorritako bidearekin bat egingo dugu. Hemendik abiapuntura itzultzeko, ez dugu arazorik edukiko, berriro Sakonetako labarren gainetik marrazten den xendan barrena itsas ondoraino jaitsiko gara. Inork nahi izanez gero, Sakonetako puntara igotzeko aukera izango du, baina betiere kontu handiz. Portutxikiko talaia atzean utzi, eta abiagunera itzuliko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua