Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Izarraitzeko gailurretan
Urola bailararen bihotz-bihotzean dago Izarraizko mendikate ederra. Ibilbideak bertako zortzi tontor lotzen ditu modu ikusgarri bezain erakargarrian. [1]
Izarraitzeko gailurretan | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Aittolako gurutzea, Zorrozpe, Gaztelu, Aizpeltzeko Gaña, Kakueta, Xoxote, Xoxoteko aterpea, Azketako elurzuloa, Erlo, Eskorta, Izarraitz |
Distantzia | 12,3 km. 4 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Urola bailararen bihotz-bihotzean dago Izarraizko mendikate ederra. Ibilbideak bertako zortzi tontor lotzen ditu modu ikusgarri bezain erakargarrian. |
Abiapuntua | Zorrozpeko aparkalekua |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIbilbide honetan, Gipuzkoako mendigune ezagunenetako eta bisitatuenetako batera joango gara. Izarraizko lurretan goititzen diren zortzi tontor igoko ditugu, ibilbide ikusgarri bezain erakargarri bati jarraituz. Lehen zatia erosoa bada ere, bigarrena zailagoa eta nekosoagoa da, karstikoa eta deserosoa baita Kakuetatik Gazteluraino doan mendilerroa.
Zorrozpeko aparkalekuan utziko dugu ibilgailua, eta bertatik ateratzen den bidetik gora egingo dugu, pista zabalarekin bat egin arte. Basoan zehar, altuera irabazten hasiko gara poliki, eta erraz iritsiko gara Izkiturrira. Basoa atzean utzita, Zamaleku lepora heldu, eta gorantz jarraituko dugu, harrizko pista zabaletik. Tarteka, pista hori utzi, eta bide laburrak hartuko ditugu. Eskortako antenak daude bukaeran, eta gertu, gailur desitxuratua. Atzera egingo dugu, eta haitz artean dagoen Erloko gailurrera igoko gara. Gurutzea eta ikuspegi zabala izango ditugu.
Tontorretik hego-mendebalderantz doan gandor karstikotik aurre egin, eta orain gutxi arte gurutze handi bat zegoen tontorrera helduko gara. Erlo jartzen duen buzoi bat ikusiko dugu. Tontorretik, beherantz egingo dugu gertu ikusiko dugun Xoxoteko gailurrerantz. Izen bera duen aterpearen gaineko tontor xume horretan jaiotza eta Azpeitiko Lagun Onak Mendi Taldeak jarritako buzoia aurkituko ditugu. Zuzenean, altuera galduko dugu behean ikusiko dugun putzu baten aldera, eta, gero, gertu dagoen Azketako elur zulo ikusgarriaren ondora jaitsiko gara. Azketako neberie izenez da ezaguna, eta Gipuzkoan hobekien kontserbatzen direnetako bat da. Horren ondotik ateratzen den xendatik aldapa igo, eta gertu dagoen Inazio santuaren estatua erraldoiaren ondora ailegatuko gara. Bertatik, Iraurgiko ibarraren ikuspegi ederraz gozatuko dugu. Xoxoteko aterpea hamaiketakoa egiteko leku aproposa izango dugu.
Azkoitiko ikuspegi zabala
aldatuXenda nabarmen segituz, Zamaleku lepora itzuliko gara, eta, horren ezkerretik, Kakueta aldera doan bidea hartuko dugu. Altuera hartzen hasi eta berehala, cairn edo harri pila batek tontorrera igotzeko bidea erakutsiko digu. Azkar igoko gara gurutze erraldoiaren ondora, eta, bertatik, Azkoitiko ikuspegi zabala izango dugu. Hortik aurrera, ibilbidea trakestu egingo da; oso ingurune karstikoa da, eta, bide jakinik gabe, gandorretik jarraituko dugu, haitz eta pago artean. Lepo nabarmen batera jaitsi arte, bidea deserosoa da, eta kontu handiz ibili beharko dugu. Cairn batek erakutsiko digu hartu beharreko bidea, eta aldapa bat igoko dugu bidetik metro batzuetara dagoen Putreaitzeko Gañara heltzeko. Bertan, izen okerra duen buzoi bat aurkituko dugu. Xendara itzuli, eta, gandorretik segituz, Aitzpeltzeko Gañara igoko gara.
Pagadi trinko batean murgilduko gaituen bide nabarmenari segituz, azkar galduko dugu altuera. Hasieran, mendebalderantz egingo dugu, baina une batean xenda utzi, eta iparralderantz joko dugu, Aitzondo eta Gaztelu gailurren bila. Lehenak ez du interesik, baina, bigarrenean, erpin geodesikoa, gurutzea eta buzoi zaharrak aurkituko ditugu, harlauza zorrotza gainditu eta gero. Lepora itzuli, eta maldan behera egingo dugu, Zorrozpeko pista nagusiarekin bat egin arte. Aparkalekutik, bost minutu beharko ditugu aurrez aurre ikusiko dugun Aittolako gurutzera igotzeko. Bertatik, ibilbidearen ikuspegi ia osoa edukiko dugu.